NAIZ
DONOSTIA

Kongresu bat Reykjavik-en, euskal arrantzaleen eta islandiarren arteko harremanak aztertzeko

Islandian balearen ehizan zebiltzan 32 euskal arrantzaleen heriotzaren IV. mendeurrena den honetan, kongresu bat egingo dute euskal arrantzale eta islandiar biztanleen arteko harremanak aztertzeko. Adiskidetze ekimen sinboliko bat ere egingo dute, hilketa egin zen inguruan.

Garazi Lopez de Etxezarreta Kultura zuzendariak eman du ekimenaren berri. (GIPUZKOABERRI.EUS)
Garazi Lopez de Etxezarreta Kultura zuzendariak eman du ekimenaren berri. (GIPUZKOABERRI.EUS)

400 urte beteko dira aurten Islandian balearen ehizan zebiltzan 32 euskal arrantzale erail zituztenetik. 1615eko irailean, ekaitz batek baleontzia txikitu ondotik, Islandian hilabete luzez geratu beharrean suertatu ziren euskal arrantzaleak. Hauek bertako agintariekin arazoak izan ostean, euskaldunak akabatzeko agindua eman zuen agintari nagusiak.

Hala ere, urte hartan bertan Jón Gudmunsson izeneko batek saiakera bat idatzi zuen gertakari hauen inguruan, ‘Urperatze eta hilketen egiazko istorioa’, non salatzen zuen agintari nagusiak errugabeak hiltzeko agindua eman zuela.

Gertaera hauekin hasi ziren ezagun egiten euskaldunen eta islandiarren arteko harremanak. Baina, ikerketa historiko, indusketa arkeologiko eta dokumentu linguistikoek erakusten dute XVII. mendean euskaldunen presentzia oso esanguratsua izan zela uharte hartan, eta euskaldunen eta islandiarren artean elkar-truke oparoa egon zela merkataritza edo kultura mailan.

IV. mendeurren honen harira, nazioarteko kongresu akademiko bat antolatu dute Reykjavik-eko Unibertsitate Liburutegi Nazionalean. Hainbat kultur ekitaldi ere antolatu dira: Oreka TX eta islandiar musikarien kontzertu bat, eta euskaldunen eta islandiarren arteko berraskidetze ekitaldi sinbolikoa. Bertan, islandiar agintariek barkamena eskatuko diete Gipuzkoakoei, eta plaka bat jarriko da euskal baleazaleen omenez.

Apirilaren 22an, aldiz, Holmak herrian, Islandia eta Euskal Herrria berraskidetuko dira ekimen sinboliko baten bidez. Xabier Irujo, eraildako euskal baleazale baten ondorengo gisa, eta Magnús Raffnson, hiltzaile islandiarren ondorengo bezala, izango dira berraskidetze ekitaldian parte hartuko dutenak.

Gertaera historiko honen IV. mendeurreneko ekitaldiak antolatzeko lanetan aritu da, besteak beste, Etxepare Institutua, Gipuzkoako Aldundiaren eta Islandiako Gobernuaren babesarekin.