@Maider Iantzi
Zarautz

Independentzia lortu arte borrokatzeko erabakia, 'Txiki' eta Otaegiren omenaldian

'Egia bide, askatasuna amets' leloa idatzita daramaten hostoak goitik behera; oholtzaren erdian, Jon Paredes Manot 'Txiki' eta Angel Otaegi Etxeberriaren erretratuak, eta bien tartean izar gorri bat eta zuhaitz bat. Horixe omenaldiaren agertokia. Leporaino betetako Zarauzko Aritzbatalde frontoiko ekitaldiak emozio karga handia izan du, baita mami politiko aunitz ere.

'Txiki' eta Otaegiren senideak, Zarauzko Aritzbatalde frontoiko omenaldian. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)
'Txiki' eta Otaegiren senideak, Zarauzko Aritzbatalde frontoiko omenaldian. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

Frankismoak duela 40 urte, bere amaieran, FRAPeko hiru kiderekin batera fusilatu zituen Jon Paredes Manot 'Txiki' eta Angel Otaegi Etxeberria makina bat omenaldi jasotzen ari dira gaur, Gudari Egunean, Zarauzko hilerritik Herrialde Katalanetako Serdanyolara, 'Txiki' balaz josita hil zuten tokira, Eusko Gudariak kantatzen zuen bitartean.

Baina ekitaldirik handiena, memoria elkarteek (Goldatu, Intxorta, Ahaztuak eta Egiari Zor Fundazioa) eta senideek beraiek deitua, eguerdian Zarauzko Aritzbatalde pilotalekuan egindakoa izan da. Jende zahar eta gaztez gainezka egon da frontoia, 'Txiki' eta Otaegiren amek, eta guraso guztiek, transmisioa ongi egin duten seinale, «oroitzen eta maitatzen erakutsiz», omenaldian hitza hartu duen herritar batek azpimarratu duenez.

«'Txiki'k zeregin bat utzi zigun hil aurretik idatzita –erran du honek–: zuen esku dago justizia egitea. Zorra kitatzea dagokigu belaunaldi berrioi eta horretan ari gara. Eta, horri esker, gertu sentitzen ditugu».

Lehenbiziko lerroan jarri dira hildako bi gazteen senideak, tartean zarauztarraren ama, Antonia Manot, senarra bezala, extremadurarra. Oholtzara igotzean jende guztia zutitu eta txaloka egin du eztanda emozioak. Batzuk negarrez egon dira ekitaldiaren hasieratik, erabat hunkituta.

Aurreskua dantzatu ondotik larrosa bana oparitu diete, eta bertsoak, kantak eta dantza emanaldiak egon dira. Adibidez, tamainaz txikia baina ausardiaz erraldoia zen gazteari abesti bat eskaini diote, eta berezia izan da estribilloa jende guztiak elkarrekin kantatu duen unea: «Cuando yo muera, no me vengáis a llorar/ nunca estaré bajo tierra, soy viento de libertad».

Mezu politikoa, Juan Mari Olanoren ahotik

Aspaldiko partez solastatu da Juan Mari Olano jendaurrean eta, aitortu duenez, nerabezaroan bezala sentitu da, ardura handiarekin. Berari egokitu zaio ezker abertzalearen izenean irakurketa politikoa egitea.

Nabarmendu duenez, «borrokak ekarri gaitu hona eta soilik borrokak eramango gaitu askatasunera». «Indarkeria bakarraz hitz egiten digute, milaka herritarren sufrimendua ezkutatuz. Indarkeria bakarra salatu da, hori izan da egia ofiziala. Oraindik indarrean den gatazka politikoa ukatzeko, noski», erantsi du. Agertu duenez, ez dute gatazka politikoa dagoenik onartu, ezta onartuko ere «beren atzaparretatik alde egiten dugun arte».

Ezker abertzalearen estrategia aldaketak eta ETAren erabakiak baldintza berriak sortu dituela aipatu du segidan, baita ate berriak ireki ere, hemen eta nazioartean. Bitartean, Estatu espainola gero eta «pitzatuagoa» ikusten du, «maniobra politikorako margenik gabe». Eta argi erran du: «40 urte geroago, herri honek ez dio autonomiaren amuari koska egingo. Gaur Eskozia, Flandria, Katalunia eta Euskal Herrian independentziak gehiengo soziala biltzeko ahalmena nabarmenagoa da».

«Kataluniak gaur hitz egingo du ozen», adierazi du; Euskal Herrian, aldiz, espainiar Estatua denbora irabazten ari dela azaldu du, «zigor erantsiak ezarriz preso eta senideen bizkarretan». Ezker abertzalearen aburuz, helburua ez da mendekua soilik, Estatua beldur da Euskal Herrian ere Herrialde Katalanen antzeko prozesurik piztuko ote den eta «hori ekiditeko gatazkaren ondorioen agenda erabiltzen ari dira maltzurki».

Hala, bi ondorio nagusi plazaratu ditu: lehenengoa, 40 urte ez direla alferrik pasa, eta bigarrena, «herri hau independentziara eramango duen bideari luze-zabal heltzea» ezker abertzalearen jardunaren «lehentasuna» izango dela.

Independentzia lortu arte borrokan jarraitzea erabaki dutela baieztatu zuen: «Ez digute emango, hartu egin beharko dugu».

"Hegoak ebaki banizkio" elkarrekin abestuz amaitu da ekitaldia. Ondotik, Eusko Gudariak eta «Jo ta ke, irabazi arte!» oihuak.