NAIZ
GASTEIZ

Gasteizko Ernaik poliuretano aparrez eta silikonaz itxi ditu sei kutxazain

Gasteizen, entitate desberdinetako sei kutxazainetan poliuretano aparra eta silikona jarri dutela jakinazi du Lakuko Gobernuko Segurtasun Sailak. Gasteizko Ernai Gazte Antolakundeak bere gain hartu du ekintza.

Lakuako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, goizaldeko ordubata eta bostak bitartean Ertzaintzak ikusi du Arabako hiriburuko zenbait kutxazainetan izan direla kalteak.

Horietako hiru Santiago etorbidean daude eta beste bat Extremadura kalean. Beste biak Jesusen zerbitzarien eta Diputazio kalean daude. Horietako batzuei poliuretano aparra bota diete gainetik eta bi kutxazainetako ateak silikonaz itxi dituzte. Gertatutakoaren inguruan ikerketa abiatu du Ertzaintzak.

Ernai Gazte Antolakundeak bere gain hartu du ekintza. Arabar hiriburuko Ernairen twitterreko kontuan adierazi dutenez, eta «bizitzeko jaio gara» aldarrikapenarekin, bart egindako ekintzak jakinarazi dituzte: «Gure emantzipaziorako eta bizitza proiektu propioak eraikitzeko oztopo diren erantzule eta zapaltzaileen lokalak ixtea erabaki dugu».

«Hamarnaka esplotatzailek ezin izan dituzte euren lokalak normalitatez ireki», gehitu dute. Besteak beste, BBVA, Kutxabank, Iberdrola, Ensanche 21, ETT-ak, Lanbide, inmobiliariak eta aseguru etxeak itxi dituzte. «Argi daukagu zeintzuk zareten gure miseriaren erantzuleak, zuek zarete gure oraina erosi eta etorkizuna betirako hipotekatu nahi diguzuenak. Zuek txanpon batzuk irabaztearen truke esklabu gaituzuenak, zuen sanetara eta beti sumiso. Zuek zarete gure bizitzei mugak jarri eta baldintzatzen gaituzuenak, eta kapitalaren mesedetan pertsonak saltzen dituzuenak», gehitu dute ohar baten bidez.