NAIZ
HONDARRIBIA

80 kilo speed atzeman ditu Ertzaintzak Hondarribian eta zortzi lagun atxilotu ditu

Ertzaintzak droga laborategi bat desegin du Hondarribian. Zortzi lagun atxilotu ditu eta 80 kilo speed eta 20 kilo haxix atzeman ditu, besteak beste.

Lakuako Segurtasun Sailak azaldu duenez, Euskal Herrian eta beste hainbat komunitatetan droga banatzen zuen talde bat desegin du Ertzaintzak. Zortzi lagun atxilotu ditu guztira eta horietako zazpi dagoeneko espetxean daude.

Trafikanteak Donostialdea eta Bidasoa eskualdeetan finkatuta zeuden eta laborategia Hondarribian zuen. Droga Holandatik ekartzen zuten.

Laborategian 80 kilo speed, 20 kilo haxix, kilo bat kokaina eta crystal meth izeneko droga bat atzeman dituzte. Merkatu beltzean milioi eta erdi euroko balioa hartuko luke, Ertzaintzaren arabera. Horrekin batera, 60 marihuana landare atzeman dituzte negutegi klandestino batean.

Operazioan Ertzaintzak hainbat miaketa egin ditu, zortzi auto eta 15.000 euro konfiskatu ditu.