NAIZ
GASTEIZ

Araban Aberastasuna eta Ondasun Handien gaineko Zerga sortzeko proposamena aurkeztu dute

EH Bilduk, Podemosek eta Irabazik Aberastasuna eta Ondasun Handien gaineko Zerga sortzeko proposamena aurkeztu dute Arabako Batza Nagusietan, egungo Ondasunen Zerga ordezkatzeko. 600.000 eurotik gorako errenta dutenek ordaindu beharko lukete.

EH Bildu, Irabazi eta Podemoseko ordezkariak, Arabako Batzar Nagusietan aurkeztu duten proposamena azaltzen. (@ehbilduaraba)
EH Bildu, Irabazi eta Podemoseko ordezkariak, Arabako Batzar Nagusietan aurkeztu duten proposamena azaltzen. (@ehbilduaraba)

EH Bilduk, Podemosek eta Irabazik zerga politika «justuago eta progresiboagoa» lortzeko hasitako bidean sakondu nahi dute proposamen honekin. Martxoaren bukaeran, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zerga eta Sozietate Zerga aldatzeko proposamenak egin zituzten.

Ondasun Handien gaineko Zergak zerga bilketan eragin handirik ez duela jakitun izan arren, «oso eredugarria» dela uste dute eta horregatik aurkeztu dute.  Nerea Martinez, Javier Bizarro eta Damian Garcia EH Bildu, Podemos eta Irabaziko ordezkariek prentsaurrean azaldu dutenez, Aberastasunen gaineko Zerga 600.000 eurotik gorako errenta dutenek ordaindu beharko lukete. Araban egun 609 pertsonak milioi batetik gorako errenta dute eta beste 1.027 herritar gehitu behar zaizkie, «zerga hori ordaintzeko ondasun nahikoa dutelako».

Araban azken hilabeteotako zerga bilketaren datuak «oso kezkagarritzat» jo dituzte eta aurreikuspenak betetzea «ezinezkoa» izango dela ondorioztatu dute. Zerga politikan «erreforma sakona» behar dela deritzote eta beren proposamenarekin «ezkerretik erreforma justua eta progresiboa» izatea bermatu nahi dute.

Hiru alderdiok proposatzen dutenaren arabera, tipoa progresiboa izango da eta ondasuna handitzen den heinean tipoa ere igo egingo da, 0,25etik 2,5era.

Egun hobariak jasotzeko aukerak murriztu egingo dira, eta egungo zerga ezkutua desagertu egingo da, hainbat salbuespenekin (pentsio planak, lehen sektoreko hainbat jarduera, euskal kultur ondarearen ondasunak…).