NAIZ
DONOSTIA

Hiria eta itsasoa lotuko dituen egitarauarekin amaituko da Olatu Talka, Kaian maiatzaren 21ean

Maiatzaren 19, 20 eta 21ean izango den Olatu Talka jaialdiaren programa osoa aurkeztu da gaur, eta bertan batez ere igandean jaialdiari amaiera emango dion egitarau edo festari eman zaio garrantzia, izan ere, hiria eta itsasoa lotuko dituen egitarau oparoarekin bukatuko da jaialdia Kaian.

Kaian bertan aurkeztu dute Olatu Talkaren azken ekitaldia. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)
Kaian bertan aurkeztu dute Olatu Talkaren azken ekitaldia. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)

Miren Azkarate zinegotziak jaialdiak aurten duen erronka izan du hizpide, izan ere, lehenengo aldiz Donostia Kulturak hartuko du jaialdia antolatzeko ardura. Azkaratek azaldu duenez, «Olatu Talka jaialdia lehenengoz 2010. urtean egin zen, Donostia 2016 egitasmoa oraindik hautagaitza fasean zegoenean. Ordutik iazko Europako Kultur Hiriburutzaren urtera arte ibilbidea elkarrekin egin dute Olatu Talkak eta DSS2016EUk, eta Olatu Talkak Hiriburutzaren espiritua bereganatu du. Zazpi jaialdi ondoren, zortzigarren hau ere herritarrek Olatu Talkarekin duten konpromisoa, inplikazioa eta izaera aktiboaren adierazle izango da».

Ideia hori azpimarratzeko eta herritarren inplikazioaren adierazle Miren Azkaratek bi datu aipatu ditu: alde batetik, aurten eragile eta herritarrek Olatu Talkan ekitaldiak egiteko iaz baino proposamen gehiago aurkeztu dituztela, %15 gehiago eta, bestetik, aldez aurretiko izen-ematea eskatzen duten ekitaldietan parte hartzea oso handia izan dela, eta eskainitako ia tailer eta ibilbide gehienak bete egin direla. Horrela jarraitzeko deia egin die Azkaratek herritarrei eta eta Olatu Talkaz goza dezaten opa die.

Jon Aizpurua jaialdiko zuzendariak aurretiko izen-emateen gaia aipatu du eta aipatu du, 800 lagun baino gehiagok eman dutela izena tailerretan eta ibilbideetan, eta batez ere Urumea ibaian ATARI elkarteak eta Badian Ambar elkarteak antolatutako bidaia azpimarratu ditu, izen-emateak martxan jarri eta egun gutxitan bete baitziren bi ibilaldiak.

Aizpuruak Olatu Talka jaialdiaren programa mardula azpimarratu du 100dik gora ekitaldirekin eta 65 talde edo bakarlariren emanaldiekin, baina batez ere igandean Donostiako Kaian egingo den amaiera festa azpimarratu du. Aizpuruak azaldu duenez, maiatzaren 21eko ekitaldi gehienak Kaian izango dira eta hiria eta itsasoaren arteko lotura izango du ardatz. Aizpuruak azaldu du itsas-bidaia didaktikoa izango dela Kantauri itsasoko fauna ezagutzeko, itsasoari eta Aita Mariri buruzko kontuak kontatuko dituzte narratzaile batzuk, Donostiako Kaiari buruzko dokumentala ere emango da, Kaiaren edertasuna azaltzeko marrazketa maratoia ere izango da... Aizpuruak, halaber, azpimarratu du artearekin eta musikarekin lotutako ekitaldi ugari izango direla Kaian.