NAIZ

Frankistek Bilbo mendean hartu zutela gogorarazteko musika egingo du Luis de Pablok

Udaberri honetan 80. urteurrena betetze da tropa fankistek Bilbon mendean hartu zutenetik. Udalak Luis de Pablo konpositoreari gertakari horren inguruko musika konposizio bat egiteko eskatu dio.

Aburto eta Luis de Pablo musikaria. (Bilboko Udala)
Aburto eta Luis de Pablo musikaria. (Bilboko Udala)

Bilboko Udalak, Juan Mari Aburto Alkatea buru dela, harrera egin dio Arabiar Aretoan Luis de Pablo musikagile bilbotarrari.

Bilbo tropa frankisten esku erori zeneko 80. urteurrena dela-eta, musikagileari musika-konposizio bat egiteko eskatu dio Udalak.

Urtearen amaierarako prest egon daitekeen musika lan hori, 80. urteurrena gogoratzeko egiten ari diren ekintzen barruan egongo da. Obra originala izango da, 40 minutu ingurukoa eta Bilbon estreinatuko da, lana Udalari entregatzen zaionean.

Lanak Bilboren izena eramango du eta partitura orokorra, kanturako eta pianorako partitura eta partitxelak entregatuko dira. «Gerraren izugarrikerien aurkako lana eta itxaropenaren kantua» izango da.

Luis de Pablok gerraren gordintasuna bertatik bertara bizi izan zuen, aita eta anaia galdu baitzituen. 87 urte ditu Luis de Pablok, eta 200 lan baino gehiago idatzi ditu; bere bizitzako urterik gehienetan Bilbotik kanpo bizi izan den arren, lotura estua dauka uriarekin eta horren harira, 2010ean Bilbotar Ospetsu izendatu zuten.

Juan Mari Aburto, Bilboko Alkatearen hitzetan, konposizioaren enkargua «aukera aparta da artista bilbotarra zein handia den konturatzeko, musikaren abangoardian egile azpimarragarriena baita eta gainera, Bilboren izena zabaldu du han eta hemen, mundu osoan».