NAIZ
IRUÑEA

Salbuespeneko espetxe politikarekin amaitu beharra dagoela nabarmendu du Sarek

Kepa del Hoyoren heriotza dela eta, senideei babes eta maitasuna adierazi ondoren, «mendekuko kartzela poltikarekin» amaitu behar dela nabarmendu du Sarek ohar batean.

«20 urte zeramatzan kartzelan galdakaoztarrak, senide eta lagunengandik urrun beti. Kartzelak berak egunerokoan eragiten duen sufrimenduari, ehundaka kilometrotako urrunketak suposatzen duen eskubide urraketa gehitu behar diogu. Horrez gain, 2002an espetxeko funtzionario batek erasotu zuela salatu zuen Del Hoyok berak», gogoratu du Sarek senideei babes eta maitasuna adierazi zielarik.

«Bestetik, besarkada estu-estu bat bidali nahi genioke bere seme Peruri ere. Motxiladun umea izan da Peru bere bizitza guztian zehar, urrun zegoen aita ikusi ahal izateko milaka eta milaka kilometro egitera beharturik, kartzelaz kartzela bidaia luzeak eginez, beti 700 kilometro baino gehiagora zegoen aitarekin tarte batez egon ahal izateko. Une honetan bereziki, bere egoera berean dauden haur eta gazte guztiak oroitu nahi ditugu, aita edo amaren alboan hezteko eskubidea urraturik duten motxiladun haur horiek guztiak», gaineratu du Sarek.

Kartzelak presoen osasunean duen eragin txarra nabarmendu du. «Aldi berean, gogoan ditugu larriki gaixorik egonda kartzelan jarraitzen duten presoak. Medikuntzako profesional askok baieztatu duten moduan, kartzelak kalte nabarmena eragiten du presoaren osasun egoeran. Larriki gaixorik dauden presoek etxean egon behar dute, euren gaixotasuna ahalik eta modu egokienean tratatu ahal izateko».

«Beste behin ere, azpimarratu nahi dugu ezinbestekoa dela mendekuzko kartzela politika honekin behingoz amaitzea. Presoaren ingurukoek zuzenean pairatzen duten eskubide urraketa larria da urrunketa, izugarrizko sufrimendua eragiten duena. Aita, anaia edo
laguna espetxean hil dela jakitean, kotxea hartu eta 700 kilometro egin behar izatea da
urrunketa. Benetako Bake eta Konponbidea lortu nahi badugu salbuespenezko politika eta Giza
Eskubideen urraketa horiekin guztiekin amaitu beharra dago. Eta horretarako, Sarek beste behin ere dei egiten dio gizarte zibilari; bakea, elkarbizitza eta konponbidea egingarri izan dadin, euskal presoen eskubideen alde lanean jarrai dezan», gaineratu du Sarek.