NAIZ
BILBO

Hezkuntza politika «errotik» alda dadin eskatzeko, greba eta mobilizazio ugari iragarri dituzte

Lakuako Gobernuak «inposatutako murrizketak eta hezkuntza politika errotik aldatzea ezinbestekoa» dela azpimarratu dute ELA, LAB eta Steilas sindikatuek eta, zentzu horretan, «beste biderik ez» dutela iritzita, greba eta mobilizazio dinamikarekin jarraituko dute, datozen hilabeteotarako egutegian hitzordu ugari markatuta.

ELA, LAB eta Steilas sindikatuen agerraldia, hezkuntza publikoan deituko dituzten ekimenen berri emateko. (Monika DEL VALLE/ARGAZKI PRESS)
ELA, LAB eta Steilas sindikatuen agerraldia, hezkuntza publikoan deituko dituzten ekimenen berri emateko. (Monika DEL VALLE/ARGAZKI PRESS)

«Orain arte Eusko Jaurlaritzak ez du gure proposamenen inguruko benetako negoziazio asmorik agertu. Hau dela-eta, ikasturte honen hasieran ere Hezkuntza Sailak greba eta mobilizazio dinamika mantentzea beste biderik ez digula uzten uste dugu». Hitz horiekin iragarri dute, Bilbon eginiko agerraldi batean, datozen hilabeteotarako EAEko unibertsitatez kanpoko hezkuntzan greba eta mobilizazio ugari deituko dituztela ELA, LAB eta Steilas sindikatuek.

Gogoratu dutenez, iragan ikasturtean hezkuntza publikoko sektore desberdinetan eta haurreskoletan «greba eta mobilizazio garrantzitsuak» burutu zituzten azken urteotan «pairatzen ari garen egoera larria» salatzeko eta «egoerari buelta emateko ezinbestekotzat jotzen ditugun neurriak plazaratu asmoz».

«Sektore ezberdinetako negoziazio mahaiak deitzeko ariketa formala egin duen arren», Lakuak beren aldarriei erantzunik eman ez diela eta egoera aldatzeko «inolako neurri zehatzik» planteatu ez duela salatu dute.

Hitzorduz betetako egutegia

Horrexegatik, irailetik aurrera elkarretaratzeak egingo dituzte lurralde desberdinetako Hezkuntza Ordezkaritzetan eta ikastetxeetan. Irailaren 20an, Gasteizko Ama Zuriaren plazan, hezkuntza publikoaren egoeraren inguruko solasaldia egingo dute.

Hilaren 28an, ikastetxe, langile, ikasle eta langileek bizi duten egoera salatzeko ekimen bereziak egingo dituzte ikastetxeetan.

Urrian zehar, lurralde desberdinetako hainbat ikastetxetan itxialdiak egingo dituzte, bertan ekimen desberdinak antolatuz (batzarrak, antzerkiak, solasaldiak, kontzertuak, errezitaldiak eta antzekoak).

Urriaren 28an manifestazioak egingo dituzte Gasteiz, Bilbo eta Donostian.

Azaroko aste bakoitzean, sektore jakin bateko egoera eta aldarrikapenak plazaratzeko «borroka asteak» antolatuko dituzte, ostegunetan dagokion sektorean greba eguna deituz.

Azkenik, abenduaren 12an sektore guztietan greba deituko dute.

Sektore bakoitzaren aldarriak aintzat hartu eta benetako negoziazio prozesu bat abia dezala eskatu diote Hezkuntza Sailari, «lan baldintzak hobetu eta egungo gure hezkuntza publikoak behar dituen behar eta erronkei modu egokian erantzuteko».