HARITZ LARRAÑAGA
BAIONA

UEUren Baionako udako ikastaroak Bernat Etxepareko barnetegian

Udako Euskal Unibertsitateak aurten antolatu dituen 35 jardueretatik zazpi Baionan izango dira. Iazko lelo bera izango dute jardunaldiek, «Elkar Ekin». Ordea, izango da berrikuntzarik, zortzi urteren ostean, berriz ere barnetegia izango baita.

Iñaki Alegria eta Irati Iciar, gaurko aurkezpenean. (Isabelle MIQUELESTORENA)
Iñaki Alegria eta Irati Iciar, gaurko aurkezpenean. (Isabelle MIQUELESTORENA)

Aurtengoa Udako Euskal Unibertsitateak antolatzen duen 46. edizioa izango da eta Gasteizen hasiko da ekainaren 25ean, uztailaren 13ra bitartean. Hasiera Araban, Gasteizen, izango du, ‘Euskara batuaren helduaroa’ jardunaldiarekin. Ipar Euskal Herriko ikastaroak ostera, uztailaren 2, 3 eta 4an izango dira Baionako Bernat Etxepare lizeoan. 

Irati Iciar, UEUko udako ikastaroen arduraduna pozarren zen: «Helduen udalekuak bezala dira. Hastapenetan, 70eko hamarkadan ez zen barnetegirik, baina geroago Biarritzeko Ostalaritza Lizeoan, lo egiteko aukera zegoen eta hor bizipen bat sortzen zen. Azken lau urteetan Baionako AEK-ren egoitzan izan gara eta aurten berriz ere barnetegia izatea berri oso ona, ea 50 edo 60 bat lagun elkartzen diren».

Parte hartzea irekia da eta izen emate epea irekia da ekainaren 25a arte. «Ez da titulazio edo aurre ezagutzarik eskatzen, baina badira gai batzuk gutxieneko jakintza maila eskatzen dutenak», azaldu du UEUko kideak Baionako Kalostrape ostatuan eskainitako prentsaurrekoan.

Zazpi ikastaroen inguruko informazioa guztia UEUren webgunean badago ere bi jardunaldi azpimarratu ditu Iciarrek. Batetik, ‘Wikinagusi tailerra’, euskal Wikipediaren kultur elkartea eta UEUrekin elkarlanean antolatu dutena. Proiektu honen berri Iñaki Alegria, UEUko zuzendari ohiak eman du. Bere hitzetan, «Oinarria euskarazko Wikipedia da, borondateko lanarekin hornitzen da, baina oso garrantzitsua da horren zuzenketa, orrazketa eta hutsuneen detekzioa ere, eta zentzu horretan UEUn 46 urtetan metatutako ezagutza medio horretan nola irauli aztertzeko balioko du».

Iciarrek nabarmendu zuen bigarren ikastaroa Iratzar fundazioak eskainikoa duena da, «Ipar Euskal Herria Paradigma berriaren inspirazio iturri? Lurraldea: Subjektu politiko berria».  «Kurtso hau, osorik, Ipar Euskal Herriko jendeak eskainiko du eta hori guretzat garrantzitsua da», azpimarratu zuen UEUko ordezkariak.