NAIZ
BILBO

Zientzia eta teknologiako hezkuntza sustatzeko STEAM estrategia abiatu du Lakuak

Lakuako Hezkuntza Sailak STEAM estrategia jarri du abian (ingelesezko Science, Technology, Engineering, Arts and Mathematics hitzen akronimoa). Helburua da zientzia eta teknologia gaietako hezkuntza sustatzea ikasmaila guztietan, emakumezko ikasleei arreta berezia eskainiz. Estrategiaren zenbait jarduera ikasturte honetan zehar jarri dira martxan, eta aurrerago garatuko dira beste batzuk.

STEAM estrategiaren aurkezpena, Bilbon, Cristina Uriarte Hezkuntza saiburua buru izan dela. (June PRIETO/FOKU)
STEAM estrategiaren aurkezpena, Bilbon, Cristina Uriarte Hezkuntza saiburua buru izan dela. (June PRIETO/FOKU)

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak aurkeztu du STEAM estrategia, Bilbon, sailburuordeen taldea ondoan zuela.

Horrela, STEAM hezkuntza estrategiarekin lortu nahi da heziketa eta prestakuntza zientifiko-teknikoa hezkuntza etapa guztietan bultzatzea, eragile sozioekonomikoak inplikatuz; STEAM eremuko lanbide bokazioak eta helburuak sustatzea, emakumezkoei arreta berezia eskainiz, etorkizuneko erronken aurrean egoki prestatzeko; eta euskal herritarren artean zientzia eta teknologiako kulturaren zabalkundea sustatzea.

STEAM hezkuntza zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematika integratzen dituen hezkuntza da, arteekin eta humanitateekin lotuta. Oinarrizko gaitasunak garatzen ditu, zeharkakoak nahiz diziplina gaitasunak, eta ikasleak ahalduntzen ditu erantzukizunez aurre egin diezaieten egungo gizartearen erronkei.

Uriartek agerraldian azaldu duenez, «erabat teknifikaturiko gizartean» bizi gara, eta egungo munduaren konplexutasunek eskatzen dute «jende guztiak izatea ezaupideak eta trebetasunak arazo zailak konpontzeko, ebidentziak bildu eta ebaluatzeko, eta hainbat bidetatik jasotzen duten informazioa aztertzen jakiteko».

Testuinguru honetan, Unesco erakundeak Science Education programan ezartzen duenez, zientzian eta teknologian gaitzea «funtsezko elementua» da ekonomia eta gizartea garatzeko. Horretarako, garrantzitsua da zientzian eta teknologian prestakuntza sustatzea hezkuntza maila guztietan, eta, oro har, gizartearen zientzia hezkuntza hobetzea.

Gazteak eta emakumeak

Halaber, STEAM estrategiak azpimarratzen du arreta berezia jarri behar zaiola gazteak animatzeari, bereziki neskei dagokienean, lanbide ikasketak zientziaren eta teknologiaren eremuan egin ditzaten.

STEAM ikaskuntzak eta praktikak trebetasun horiek garatzen laguntzen dute, baita gazteak lan merkaturako prestatzen ere, «zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematikan jakintza handiagoaz gain, merkatu horrek zentzu, testuinguru eta sormenez erabiltzeko gaitasuna ere eskatzen baitu».

Lakuako Hezkuntza Sailak bulzatu du STEAM Euskadi estrategia, eta hezkuntza programa bat garatu nahi du, erreferentziazko herrialdeak diren Herbehereek, Estatu Batuek edo Britainia Handiak egin duten bezala.

Bestalde, STEAM Euskadi hezkuntza estrategiak web atari berria dauka:  www.steam.euskadi.eus. STEAM ikuspegiari loturiko kontzeptuez gaiz, STEAM hezkuntza definitzen duten ardatzak, hezkuntza mota honek dituen helburuak edota STEAM hezkuntzaren egoera jasotzen ditu web orrian. Halaber, Hezkuntza Saileko sailburuordetzetatik bultzatuta EAEn egiten ari diren STEAM jarduera nagusien zerrendak ere tokia du webgunean.