NAIZ

Salbatzaile Dantza Taldeak 40.urteurrena ospatuko du

Castañoseko Salbatzaile Dantza Taldeak bere 40.urteurrena ospatzeko datorren azaroaren 17an eskainiko duen Maskaradaren jantzien bilduma baten erakusketak hasiera emango die hori dela eta, antolatutako ekitaldiei.

Salbatzaile Dantza Taldea.
Salbatzaile Dantza Taldea.

Erakusketa azaroaren 5etik (astelehena) 15era bisitatu ahal izango da Bilboko Kastañoseko udaltegian eta bertan Maskaradaren historia eta 14 jantzi izango dira ikusgai. Maskarada hilak 17, larunbatean izango da, goizean Uribarriko eta Kastañoseko kaleetatik barrikaden desfilearekin, eta arratsaldez antzezpena Funikularreko plazan.

77 dantzari eta pertsonaia, 20 musikari eta hainbat dantza popularretara elkartuko diren auzokidek hartuko dute parte muntaian. Auzoko bizilagun ugariren laguntza izan du ekimenak, eta baita UPV-EHUko jantzien, eskulturen eta diseinuan adituena ere. Horiekin batera, pertsona talde bat lanean ibili da Maskaradaren jantziak eta elementuak prestatzen eta horien bilduma bat ikusi ahal izango da hurrengo egunotan, auzokideak eta ikastetxeak hurbildu eta gure kulturaren atal hori ezagutu ahal izateko.

Maskarada prestatzeko Salbatzaile dantza taldeko kideek urte bat baino luzeago eman dute entseguak egiten, eta bi urte muntaia pentsatzen, diseinatzen eta prestatzen.

Aurkezpena auzoan

Urteurrenaren ekitaldiak eta taldearen historia azaltzeko, Salbatzaile dantza Taldeak topaketa bat antolatu du auzoan, asteartean, azaroak 6, 20:00etan, Kastañosko udaltegian. Bertan aipatutako asteburuan izango den egitarauaren berri emango dute, hau da, arratsaldeko ikuskizunaren ondoren, erromeria bat izango dela, eta igandean, azaroak 18, herri bazkaria Funikularreko plazan jarritako karpapean. Parte hartzera animatzen du dantza taldeak.

Salbatzaile Dantza Taldearen historia

Salbatzaile Dantza Taldeak bere lehenengo emanaldia 1978ko auzoko jaietan eskaini zuen. Begoña Arroyo Aldekoa izan zen fundatzailea eta bere helburua beti izan da euskal folklorea eta kultura sustatzea, dantzen eta musikaren bitartez.

Taldea hasi zen entseguak egiten Salvador (hortik dator izena) parrokiak astean ordu erdi batez utzitako lokalean. Ondoren Udalak utzitako lokalera joan ziren (merkadilloan, egungo zentro zibikoaren goiko partean). Zentro hori eraberritzeko lanak hasi zirenean, Epalza kaleko lonja batera joan ziren taldeko kideak eta gaur egun Kastaños kaleko 27 zenbakian Udalak utzitako lonja batean egiten dituzte entseguak.

Bere bizitzan zehar ehundaka pertsona pasa dira Salbatzaile Dantza Taldearen lokaletatik. Gaur egun taldeak 6 urtetik gorako 400 bat partaide ditu: dantzariak (195), fanfarrearen musikariak (20), Pasamaneria taldea (josten eta elementuak egiten, 16), nagusientzako Popularrak ikastaroetan ibiltzen direnak (190).

Gainera taldearen inguruan auzoan kultur bizitza sustatzen duten beste talde batzuk osatu dira: Let Hotzak, Triki-banda (triki, alboka eta panderoa), Gora Bandie txistularien banda, Kastaños Kantari (abesteko elkartzen den taldea), Kastañosko Gaitariak eta Salbatzaileko Joaldunak, emakumeek osatutako taldea, entseguak egiten eta laster ateratzen hasiko direnak.