NAIZ

Gobernua Guayakilera eraman du Lenin Morenok Quiton protestak gogortu ostean

Lenin Moreno Ekuadorreko presidenteak Guayakilera eraman du Gobernuaren egoitza, Quitotik 400 kilometro baino gehiagora, joan zen astean hasi ziren protestak gogortu ostean. Milaka manifestari indigena iritsi dira azken egunotan hiriburura. Rafael Correa lehendakari ohiari eta Nicolas Maduro Venezuelako presidenteari «estatu kolpe bat» sustatzea egotzi die.

Polizia eta manifestariak aurrez aurre, Quiton. (Rodrigo BUENDIA/AFP)
Polizia eta manifestariak aurrez aurre, Quiton. (Rodrigo BUENDIA/AFP)

Joan zen astean protestak hasi zirenetik, Ecuadorko hiriburuan, Quiton, ez da giro. Milaka manifestari indigena iritsi dira azken egunotan hirira, Lenin Morenoren Gobernuak ekonomia alorrean iragarri zituen murrizketen aurka protesta eginez. Azken egunotan istilu ugari izan dira Polizia eta manifestarien artean; azken hauek presidentearen jauregira iristen saiatu dira eta Poliziak bidea moztu die negarra eragiteko gasekin. Santo Domingo plazan, lehendakariaren egoitzatik oso gertu, liskar gogorrak izan dira eta, horren ondotik, Gobernuaren egoitzen ebakuazioa etorri da.

Hala, Armadak Corondelet Jauregia hustu eta Lenin Moreno presidentea Guayakilera eraman du, Quitotik 421 kilometrora. Lehendakariak agerraldia egin du hiri horretatik telebista eta irratian, Otto Sonnenholzner lehendakariordearekin, Oswaldo Jarrin Defentsa ministroarekin eta borrokarako uniformez jantzitako lau generalekin.

Gobernuburuak lasaitasuna eskatu die herritarrei eta defendatu du urriaren 3tik egiten ari diren manifestazioak ez direla «Gobernuaren erabakiarekin ados ez daudenen protesta sozialak», baizik eta «ordena demokratikoa apurtzeko manifestazio politikoak». Mobilizazioetan parte hartzen ari direnak «kanpoko gizabanako ordaindu eta antolatuak» direla adierazi du, eta indigenen protestak egoera ezegonkortzeko erabiltzen dituztela. «Arpilatzeek, bandalismoak eta indarkeriak erakusten dute ordena demokratikoa apurtzeko saiakera bat dagoela».

Morenok egoera horren arduradun egin ditu Rafael Correa Ecuadorreko lehendakari ohia eta Nicolas Maduro Venezuelako presidentea. «Haiek dira Estatu kolpe saiakera honen atzean daudenak», esan du.

Indarkeria ez dela gailenduko eta hartutako neurri ekonomikoak ez dituela atzera botako ziurtatu du, horien artean haserre handiena eragin duena, erregaiei diru-laguntzak kentzea. Elkarrizketarako deia ere egin die gizarte sektoreei.

Eskolak, bertan behera

Ekuadorreko Gobernuak gaur herrialde osoan eskolak bertan behera uzteko agindua eman du.