NAIZ

Euskal monetak errekorra gainditu du aurten, 29.066 eusko banatu dizkie 50 elkarteri

Eurotik euskorako trukaketa egiten den aldiro, transakzio horren %3 erabiltzaileak hautatutako elkarte bati ematen zaio. Trukaketa horren ondorioz aurten 29.066 eusko banatu zaizkie 50 elkarteri, iaz baino %54 gehiago. Banaketa ekitaldia urriaren 19an izan zen Donibane Lohizunen eta zenbait berrikuntza aurkeztu zituzten erabilpena sustatzeko.

Eusko eguna ospatu zen larunbatean Donibane Lohizunen. (Bob EDME)
Eusko eguna ospatu zen larunbatean Donibane Lohizunen. (Bob EDME)

Eusko moneta alternatiboa Europako erabiliena da, eta garapen hori urtetik urtera gora doa. Iaz dohaintza 18.940 euskokoa izan zen, 46 elkarteri banatua; %54eko gorakada izan da 2019an. 2018 urtean jadanik emendatze handia izan zuen,%42ko gorakadarekin. Dohaintza eurotik euskotara egiten diren diru trukaketen araberakoa da, beraz, euskoak Euskal Herrian erabilpen gero eta handiagoa duela agerian jartzen du. Larunbatean Donibane Lohizunen ospatu zuten Eusko Elkarteen Egunean eman zituzten ezagutzera datuok.

Euskoaren sarea gaur egun 3.200 erabiltzaile partikularrek, moneta alternatiboa onartzen duten 950 profesionalek, 21 udalek eta Euskal Herri Hiri Elkargoak osatzen dute.

Eusko moneta alternatiboa euskalduna, ekologikoa eta solidario bezala definitzen da, horregatik eremu horietan lan egiten duten elkarteei banatzen zaie dirua, baita kirol alorrekoei ere. Euskoaren erabiltzaile gisa izena ematen dutelarik gastatzen dutenaren %3 zein elkarteri banatzea nahi duten zehazten dute, horrela erabiltzaileen kopuruak eta maiztasunak elkarte baten edo bestearen dohaitzen kopurua finkatzen du.

Berrikuntzak

Dohaintzak emendatzeko hiru berrikuntza plantan ezarri ditu Euskal Monetak. Lehenari esker erabiltzaileak denbora errealean ikus dezake aukeratu duen elkartearentzat sortzen duen dohaintza.

Bigarrenari esker azaroaren bukaerara arte eusko diru sartzea berehalakoa izanen da, inolako gasturik gabe, segurtasun osoz Hello Assorekin.

Azkenik, azaroaren bukaerara arte, Eusko kontuen irekiera eta erabilpen erregularra bultzatzeko, elkarteek urtesarien ordainketak euskoz onartzen ahalko dituzte, eta horretarako diru hartze automatikoak martxan jar daitezke.

Elkarteak

Aurten bere kideak gehien mobilizatzea lortu duen elkartea Bizi mugimendu ekologista eta altermundialista izan da; 3.024 eusko jaso ditu aurten, iaz 2.259 izan ziren.

Gorakada handiena lortu duena L’Atalante zinema gela izan da, 116tik 334ra pasa baita, hau da %187ko gorakada. Aipagarria dira Surfrider eta Arrokagarai ikastolena, %113koa izan baita hazkundea.

Azkenik, dohaintza lehen aldiko jasotzen duten elkarteen artean Andere Nahia, Donibane Lohizune eta Ziburuko Club Leo Lagrange, CPIE Euskal Itsas Bazterra, Lurzaindia eta Etorkinekin elkartasun elkartea izan dira.