NAIZ
Bilbo

Gizarte ekimeneko ikastetxeetako gatazkan desadostasun handiena lekualdatzeetan dago

EAEko gizarte ekimeneko itunpeko ikastetxeetako langileak ikasturteko bigarren greba eguna egiten ari dira ostiral honetan. Sindikatuen arabera, «jarraipen zabala» izan du (%75). Kristau Eskolak %16ko eragina zehaztu du. Arratsaldean, bi aldeak berriro batu dira akordio bat ixteko asmoz. Oraindik bilduta jarraitzen dute.

Gizarte ekimeneko ikastetxeetako langileen manifestazioa Bilbon. (Aritz LOIOLA / FOKU)
Gizarte ekimeneko ikastetxeetako langileen manifestazioa Bilbon. (Aritz LOIOLA / FOKU)

EAEko gizarte ekimeneko itunpeko ikastetxeetako langileen grebak aurrera jarraitzen du. Ostiral honetan ikasturteko bigarren greba eguna egiten ari dira –hogeita bederatzigarrena guztira– eta grebara deitu duten sindikatuen arabera (ELA, CCOO, LAB eta Steilas), %75eko jarraipena izaten ari da.

Atzo, osteguna, ere zifra bera eman zuten eta adierazi zuten maiatzeko grebak baino eragin handia izaten ari dela. Kristau Eskolak –sektorean nagusitasuna duen patronalak–, bestalde, %16ra mugatu du jarraipena.

Bilbo eta Gasteizen goizeko lehen orduetan egin dituzte manifestazio bana, trafikoan eragiteko asmoz. Eguerdian, hiriburu bizkaitarreko kaleetan mobilizatu dira langileak, Jesusen Bihotza plazatik hasi eta udaletxeraino.

Bi aldeen artean desadostasunak samurtu dira azken egunotan. Asteazkenean ELAk eta Kristau Eskolak izan zuten bileran hala adierazi zuten biek ala biek. Ostegun arratsean ekintza sindikaleko langileen ordezkariak, patronal biak eta Lakua berriro elkartu ziren Lan Harremanen Kontseiluan. Sindikatuek azaldu duten legez, lekualdatzeen faktorea da zailtasun gehien sortzen ari dena.

Bilera berri bat

Ostiral honetan, arratsaldez, berriro batu dira bi aldeak akordio bat ixteko asmoz. Naizek jakin duenez, arratsaldeko 17.00etan elkartuta zeuden, noiz amaituko den jakin gabe.

Osteguneko bilera bukatzean, sindikatuek bilera berri bat egiteko prestutasuna agertu zioten patronal eta Lakuari. Hauek, aldiz, egoera aztertu eta deituko zutela abisatu zuten. Ostiral arratsaldean eman da deia.

Bi aldeak hurbildu badira ere, langileen ordezkariak zuhurtziaz ari dira jokatzen, «oraindik ez baitago akordiorik». «Kontuan izanda orain dela 4 urtetik daukagula helarazita bai patronalari eta bai Hezkuntza sailari sektoreko langileen birkokapena bermatuko duen planteamendua, uste dugu landuta izan beharko luketela», ohartarazi dute prentsa-ohar baten bitartez.