Aitor AGIRREZABAL

Eskoziako bigarren independentzia galdeketa deitzeko eskumenak ukatu dizkio Johnsonek Sturgeoni

Erresuma Batuko lehen ministroak modu ofizialean ukatu dizkio Eskoziari independentzia erreferendum berri bat antolatzeko eskumenak, Nicola Sturgeonek abenduaren 19an egin zion eskariari erantzunez. Eskoziar Gobernuak hilabetea amaitu baino lehen emango du hurrengo pausoen berri.

Johnson eta Sturgeon, aurreko bilera batean. (Duncan McGlynn / AFP)
Johnson eta Sturgeon, aurreko bilera batean. (Duncan McGlynn / AFP)

Ez dago Londres eta Edinburgoren arteko akordiorik Eskozian independentzia erreferendum berri bat antolatzeko. Abenduaren 19an, Eskoziako lehen ministro Nicola Sturgeonek gutuna helarazi zion Boris Johnsoni. Sturgeonek orduan ere esan zuen «ezezkoa» espero zuela eta gaur baieztatu da.

Aurkeztutako argudioak «tentuz» aztertu ostean, Johnsonek eskumen hauen itzulera ukatu du. «Zuk eta zure aurrekoak (Alex Salmond) promesa egin zenuten 2014koa belaunaldi batean behin egingo zen bozketa izango zela zin egin zenuten. Eskoziako jendeak Erresuma Batua batuta mantentzeko hautua egin zuen», adierazi du Johnsonek.

Era berean, erreferendun berri batek «Eskoziak azken hamarkadan bizi izan duen geldialdi politikoaren jarraitzea» ekarriko lukeela gehitu du lehen ministro britainiarrak. «Elkarrekin lan egin behar dugu Erresuma Batu guztia elkartu eta daukagun botere guztia garatzeko», amaitu du buruzagi kontserbadoreak.

Eskoziaren hurrengo pausoak, hilabete honetan

Sturgeonek segituan erantzun du sare sozialen bitartez. «Kontserbadoreak beldurrez daude Eskoziaren erabakitzeko eskubidearen aurrean, jakin badakitelako ematen zaigunean independentzia hautatuko dugula». Era berean, Johnsoni leporatu dio «ez dutela batasunerako eskaintza positiborik» eta Erresuma Batuaren batasuna «ez dela mantenduko» aurreikusi du.

Londresen erabaki honek, era berean, independentziaren aldeko jende gehiago erakarriko duela uste du Eskoziako premierrak. «Demokrazia gero eta gehiago blokeatu, gero eta jende gehiagok ikusiko du Westminsterrek ez duela guztion berdintasuna bermatzen». Hilabetea amaitu baino lehen Eskoziako Gobernuak emango dituen hurrengo pausoak iragarriko ditu.

2012an Alex Salmondek eta orduan Erresuma Batuko lehen ministro zen David Cameronek sinatu zuten Edinburgoko akordioa. Une horretan inork gutxik uste zuen Eskoziak independentziaren aldeko hautua egin zezakeenik eta inkestek %25 inguruko babesa ematen zioten. Bi urte beranduago, baina, %45era iritsi zen independentziar ‘Bai’ esan zioten herritarren kopurua.

Orduko hartan, Salmondek eta Cameronek erreferendum hura deitzeko eskumenen transferentzia puntuala adostu zuten. Oraingo honetan, baina, Sturgeonek ‘Section 30’ delakoa behin betiko Eskoziaren esku geratzea eskatu zuen. Hau da, etorkizunean erreferendumak antolatzeko eskumena eskatu zuen.