NAIZ
BILBO

‘X urte, X zirriborro’ proiektu artistikoarekin omenduko ditu Alondegiak bere 10 urteak

Datorren astelehenean, hilaren 18an, hamar urte beteko dira Bilboko Alondegiak bere ateak zabaldu zituela. Urteurrena omentzeko, ‘X urte, X zirriborro’ proiektu artistikoa abiatuko du: hamar sortzailek beren ikuspegi eta esperientzia partikularra eskainiko dute hiriko kultura biltegi erraldoiaren inguruan.

Bertako hamar artistek beren ikuspuntua eskainiko dute egitasmoan. (Alondegia)
Bertako hamar artistek beren ikuspuntua eskainiko dute egitasmoan. (Alondegia)

Hamar urte igaro dira Bilboko Alondegiak, Kultura Garaikideko Zentroak, ateak zabaldu zituenetik. 2010eko maiatzaren 18a zen eta atzean gelditu ziren bederatzi urtez luzatu ziren zaharberritze lan handiak. Urteurrena omentzeko ‘X Urte, X Zirriborro’ proiektu artistikoa aktibatuko du bere sare sozialetan datorren astelehenean, hain justu, hilaren 18an.

Urteurrena irailean ospatuko da, baina zentroak oroitzapenezko proiektu hau abian jarri nahi izan du bere ohiko programazioko artisten eta konplizeen eskutik. Zentrotik azaldu dutenez, bertako hamar artista aritu dira lanean kultur proiektu honi buruz duten ikuspegia eskaintzeko. Elena Ciordia, Higinia Garay, Mario Gaztelu, Naiara Goikoetxea, Pernan Goñi, Ane Pikaza, Aitor Saraiba, Leire Urbeltz, Josune Urrutia eta Sandra Erre dira parte hartuko duten sortzaileak.

«‘X urte, X zirriborro’ amaitu gabeko zirriborroen eta ilustrazioen proiektu bat da, eta haren emaitzak arte-saiakera bat osatzen du, garenari buruz eta nola ikusten dugun gure burua orain eta etorkizunean», azaldu dute.

Alondegiak tokiko hamar artista, ilustratzaile, diseinatzaile eta komikilari horiei eskatu dizkien lanak Zentroko sare sozialetan partekatu ahal izango dira maiatzaren 18an ospakizun-ekitaldi kolektibo batean. Gainera, oroitzapenezko orriak laster egongo dira eskuragarri dendAz-en.

Programazioa egokitu

Gaur egungo egoera dela eta, Azkuna Zentroak ezin izan du 10. urteurrena aurreikusi bezala ospatu, «baina ez du hain data berezia pasatzen utzi nahi izan», esan du. Horregatik jarri du abian ekimen hau, eta hamar urte hauetan zentroarekin lotura emozionala sortu duten pertsona guztiak partaide izan ahal izango dira.

«Azkuna Zentroak beti planteatu izan du urteurren hau ospakizun bat baino zerbait gehiago balitz bezala, bere jatorriaren eta norantz doanaren arteko trantsizio gisa, programazioaren bidez», erantsi dute; zentzu horretan, 2020-2021 denboraldian «birdimentsionatzen eta birkokatzen ari den programazioa», bertan behera gera ez dadin eta aurreikusitako kontratu eta proiektu guztiak mantentzen saiatzeko lanean ari dira.

Era berean, Zentroak arte-proiektuak sortzeko prozesua sustatuko du, arte-sorkuntzari laguntzeko programak indartuz, arte-egoitzak eta beste erakunde batzuekiko loturak handituz, eta Lantegia-Ideien Laborategiaren esparruan proiektu-deialdi berri bat eginez.

Hamarkada honetan, arte-proiektuak hartu eta garatzeko gune gisa jardun du eta «ezagutza, praktika, proiektu eta esperientzia horien guztien bitartez gaur egungo sedimentua sortu dute, Azkuna Zentroa XXI. mendeko kulturaren plataforma berri gisa proiektatzen den oinarria», baloratu dute ohar bidez. Oinarri horietatik abiatuta, arduradunek uste dute etorkizuna duela Alondegia bezalako zentroak gizarte- eta kultura-aldaketei aurre egiteko erronka berriak planteatzen ari diren testuinguru batean.