Vanessa Sanchez

Express meditazioa: iluminazio bila

Hondartza liluragarriak, gastronomia, ilargi betearen jaiak, sexua, masajeak, tenpluak... Thailandian barrena bidaiatzean egitekoak ugariak dira; hala ere, gero eta jende gehiagok hartzen du tarte bat meditatzen ikasteko. Handia da eskaria.

Tailandia leku aproposa da meditatzen ikasteko (GETTY IMAGES).
Tailandia leku aproposa da meditatzen ikasteko (GETTY IMAGES).

Meditazio-ikastaroen eskaerak gora egin duela-eta, Thailandiako hiriburu espirituala den Chiang Maiko Unibertsitate Budistak meditatzeko edota budismoan barneratzeko egun bakarreko jardunalidak eskaintzen ditu, baita ingelesez ere. Trukean borondatea eskatzen dute.

Interneten «meditation Chiang Mai» bilatu baino ez da egin behar Thailandiako bigarren hiri nagusian turismo espiritualak duen indarraz jabetzeko. Eskaintza zabala da, bai, 300 tenplu budista baino gehiago dituen Thailandia iparraldeko hiri horretan. Batez ere bi egunetik hogeita sei egunera bitarteko erretiroak daude aukeran. Vipassana, hamar eguneko ikastaro trinkoa da jaun eta jabe. «Meditazioari denbora eskaini behar zaio. Hori dela-eta, hamar egun baino gutxiagokorik ez daukagu hemen», diosku Wat Ram Poeng tenpluan ingelesez harrera egiten duen monjeak. «Ikastaro laburrak nahi izanez gero, joan Wat Suan Dok-era. Egun bateko ikastaro trinkoak estreinatu berri dituzte-eta».

Mendiaren magaletik hiri erdialdera goaz. Han baitago Wat Suan Dok, lorategi loreztatuaren tenplua. 1370. urtean sortua, urrezko tenplu hau eraikin multzo budista zabal eta lasai baten barruan dago. Horren baitan, besteak beste, Mahachulalongkornrajavidyalaya izeneko unibertsitate budista dago, atzerritarrentzako meditazio ikastaroak eskaintzen dituena, hain zuzen. Zorionez, ez da unibertsitatearen izen esangaitza ahoskatu behar onartua izateko eta harrera beroa ematen dute Monk Chat (monjearen solasa) egiteko aretoan.

Egun bateko erretiroak

Duela hamazazpi unibertsitateak Monk Chat ekimena hasi zuen, atzerritarrek monjeen bizitzari, budismoari, meditazioari edota thai kultura eta ohiturei buruz dituzten zalantzak argitzeko. «Monjeontzat ingelesa ikasteko aukera paregabea da», dio Phra Kk-k (Kk monjeak) ingeles onean. Astelehenetik ostiralera, arratsaldero dago zabalik Monk Chat. Meditazioa dastatzeko gogoa dutenentzako bi eguneko erretiroa egiten dute aspalditik. «Turista askok horretarako denborarik ez dutela ikusita, egun bateko eta doako ikastaroari ekin genion. Ostiralero dozena bat lagun datoz hona».

Goizeko bederatzietan elkartu gara ostiral horietako batean Mendebaldeko herrialdeetako hamar atzerritar. «Monjeak goizeko lauretan esnatzen gara meditatzeko, baina ikastaroa turisten ordutegietara moldatu dugu, bederatziak baino goizago goizegi delakoan», dio irribarretsu Kk-k.

Kanpoan 40 gradu inguru daude. Aire girotua duen areto batean sartu gara. Mahai zabal baten gainean mikrofono bana daukagu, geure burua aurkezteko eta ikastarora zerk eraman gaituen azaltzeko. «Herri budista batean nagoela, budismoa zertan datzan ikusi eta meditazioaren lasaitzeko teknikak ikasi nahi ditut, eguneroko estresari hobeto aurre egiteko», diote oro har parte-hartzaileek. Gehienbat neskak dira, 20-30 urte artekoak.

Kk-k ordenagailu eramangarria ireki du, eta power-pointaren laguntzarekin, irudien bitartez galdera orokorrei erantzuten hasi da: «Zer da budismoa? Bizitzeko era bat, bizitzarako filosofia bat. Metodo praktikoa da norbera sufrimendutik askatzeko. Benetako poza aurkitzeko bidea. Zer esan nahi du buddha hitzak? Iluminatuta, iratzarrita dagoen norbait.

Haserretik, abariziatik, ilusio faltsuetatik aske bizi den norbait. Nor da Buddha? Ez zen jainko bat. Gu bezalako gizaki bat baizik. Orain dela 2.600 urte bizi izan zen Siddharta Gautama izeneko printzea zen. 36 urterekin iratzarri egin zen, sufrimendutik askatzeko bidea aurkitu baitzuen, familia eta sorterriko erosotasuna utzi eta gero. Guk ez dugu zertan dena utzi, baina bai haren ikasketei jarraitu: jakinduria lantzen, morala eta burua entrenatzen», azaldu digu.

Azalpenak ematen jarraitu du: «Meditazioa burua entrenatzeko erabilgarria da. Desioek eragindako sufrimendua eteten du. Meditazioa bururako medikazioa da, hain zuzen. Edozeinek egin dezake», diosku Kk-k. Bere hitzetan, ez da erraza pozik bizitzea, baina saiatu beharra dago: «Buddhak esan zigunez, guztiok pozik bizi ahal gara, guztiok iluminatu gintezke behin eta berriz saiatzen bagara». Bide horretan, «eguneroko bizitzan erabil daitezkeen» teknikak erakusteko prest agertu da.

Kafea hartzeko geldiunearen ostean, beste areto batean sartu gara. Lurrean esertzeko kuxin bana hartu dugu meditazio ikastaroari ekiteko. «Lurrean eroso ez dagoena aulki batean eser daiteke. Garrantzitsuena eroso egotea da, bizkarra zuzen dugularik», azaldu digu monje gazteak. «Begiak lasai itxi eta puntu batean kontzentratu. Arnasketan, esaterako. Beraz, arnasa hartu; eta sabela puztuko zaizue. Gero arnasa askatu, eta sabela barrura sartuko zaizue. Berriro hartu, berriro askatu… Burua ziur aski agertuko diren pentsamenduetara joango zaizue, edo entzungo duzuen soinuren batera, gorputzaren minen edo azkuraren batera…. Halakoetan, pentsamendu edo sentsazio horretaz jabetu, horri so egin eta desagertu egingo da. Ondoren, berriro arnasketan kontzentratu eta ikusiko duzue pixkanaka lasaituko zaretela», dio ziurtasun osoz.

«Buruko sufrimendua»

Eurengana bertaratzen den atzerritar askok ez dutela «gorputzeko sufrimendua, burukoa baizik» nabarmendu du Kk-k. Hain zuzen, «urte txar baten ondorioz meditazioak ematen duen bakearen bila nabil», esan digu Elisek. 27 urteko neska frantsesa Thailandiara joan da bizitzari bultzada berria emateko asmoz. «Monjeak, tenpluak, lasaitasuna... Hemen bada giro aproposa meditazioa ikasteko! Frantzian zailagoa zitzaidan errutina gelditzea meditatzeko». Hala ere, teknika hauek eguneroko bizitzan integratu daitezkeela dio Kk-k «leku eta egoera askotan» egin daitezkeelako. Bihi-iduneko bana eman digu eta ariketa ezberdinak erakutsi ditu burua zenbaketetan kontzentratzeko.

«Teknika hau erabiliz gero etxera bueltatzeko hegaldia labur egingo zaizue, ziur!», dio barrezka. Ibiltzeko meditazioa ere badagoela azaldu du: «Hau ez da lanera goazenerako teknika», gaineratu du barreari eutsiz, «baina bada leku askotan egin daitekeena»: «Begiak erdi zabalik, eskuak aurrean edo atzean elkarrekin, oso astiro ibili behar da, pauso bakoitza erabat sentituz». Bukatzeko etzandako meditazioa irakatsi du, berriro arnasketan kontzentratzekoa. «Honekin lokartzeko arriskua badago. Hori gertatuz gero, ez dugu zertan zorrotzak izan geure buruarekin. Hurrengoan atentzio gehiago jarriko dugu eta listo!».

Monjearen esanetan, erraza da teknikak ikastea, «benetako erronka» meditatzea da. «Errazagoa da beste edozein gauza egitea: telefonoa hartu, telebista ikusi, lo egin.. meditatzea baino», berretsi du Erinek. 25 urteko neska kanadarrak monje budistak ezagutu nahi zituen, bere hirian bizi dituen tentsioak kudeatzen lagundu diezaioten.

Izan ere, monjeak «bakearen eta pozaren adierazgarri» direla gogoratu du Kk-k, haraino iritsi arteko bidea ez dela beretzat ere batere erraza izan gogoratuta: «Txikitan umezurtz geratu nintzen. Monje batek erreskatatu ninduen eta Buddharen ikasketei esker sufrimendua askatzea lortu dut, behin eta berriz gurasoak zergatik galdu nituen galdetzen niolako neure buruari. Monje nobizio bihurtu nintzen (Thailandian familia txiroetako ume asko nobizio dira, ikasketak, etxea, janaria eta jantziak doan dituztelako) eta bizitza osoan monje izateko asmoa daukat», onartu du. Bizitza oso xumea izateko araua dute, desioetatik kanpo; beraz, besteak beste, ez dute ez sexu harremanik izaten, ez alkoholik edaten, ez diru irabazirik jasotzen, bere ustetan, «propietateek sufrimendua eragiten duten loturak sortzen dituztelako».

Hala ere, erraz ikusten dira egun smartphonearekin dabiltzan monjeak, edota erretzen dutenak ere bai. «Zigarroarekin ikusten dituzuen monjeak heldutasunean monje bihurtutakoak dira, bizitza osoan izandako bizio hori kendu ez dutenak. Teknologiei dagokienez, monjeok izaki teknologikoak ere bagara XXI. mendeko pertsonak garelako. Beste gauza bat da telefonoarekin zer egiten dugun. Telefonoa besteen buru sufrimendua askatzeko erabiltzen badugu –horretarako gaude gu– ondo erabilia izango da», azaldu du.

Trukean jasotzen dutenaz ere mintzo da: «Guk ematen ditugun buruko zainketen truke, jendeak gure sufrimendu fisikoa zaintzen du. Horregatik egunero janari eskaintzak eta diru eskaintzak egiten dizkigute». Hain zuzen ere, egun bateko meditazio ikastaroa bukatu eta sobre bana eman digu Kk-k. «Eman, zerbait eman nahi baduzue», esan digu. «Atzerritar batzuek uste dute monjeok diru asko dugula esku artean, baina jasotzen dugun dirua tenpluaren fundazioarentzat da. Horrek dirua banatzen du, besteak beste, gure ikasketak ordaindu ahal izateko edo soinean daramagun jantzi laranja xumea ordaintzeko».

Zortzi orduko ikastaroa bukatu da. «Pozez betetzen nau nire esperientzia konpartitu izanak. Gainera, ikastaroei esker milaka lagun atzerritar egin ditut. Guztiok familia bereko kideak gara: gizakion familiakoak», dio.

Seiak jotzear dira. Arratseko eguzkiak Wat Suen Dok tenpluaren urrezko estupan eta dekorazioan distira ederra eragiten du. Eskolatik irteten ginen garaian bezalaxe, etxerako lanak, edo, hobeto esanda, bizitzarako lanak ezarri dizkigu Kk monjeak: «Jarraitu meditatzen, guztiok iratzarri ahal garelako. Ez baduzu probatzen, ez duzu jakingo zer den bakean bizitzea».