Asier AIESTARAN

Profesionaltasun ariketa egin dute Agirrek eta Albisuk Binakakoan bizirik jarraitzeko

Baiko enpresako bikoteak arazo guztiak ahaztu eta partida bikaina jokatu dute Bizkaia pilotalekuan, Jaka eta Zabaleta 14-22 menderatuz. Agirrek, Lasoren ordezkoak, sekulako erakustaldia eman du aurreko koadroetan.

Agirre, tanto bat ospatzen (Aritz LOIOLA / FOKU)
Agirre, tanto bat ospatzen (Aritz LOIOLA / FOKU)

Beste edozein urtetan "aukera" izango zena, "marroi" bilakatua zen aurten Asier Agirrerentzat, bere enpresak Unai Laso kanpoan utzi zuelako iritsi baizitzaion Binakako Txapelketan jokatzeko parada. Eta Jon Ander Albisurentzat ere ez zen neurketarik erosoena, gertatutako denak kontuan hartuta.

Baina Baikoko bikoteak profesionaltasun ariketa bikaina egin du gaur Bilboko Bizkaia pilotalekuan, eta enprearekin dituzten arazo guztiak ahaztuta, sekulako neurketa jokatu dute, Jaka-Zabaleta faboritoak 14-22 menderatu eta Binakakoan bizirik jarraitzeko –baldin eta azken jardunaldiak jokatzen badira, behintzat–.

Neurketaren hasiera ez da batere gustagarria izan. Lau pilotariak oso urduri irten dira kantxara eta lehen tantoetan hutsak pilatu dira bata bestearen atzetik. Baina azkar hasi da nabarmentzen Asier Agirre, lehen erremate aipagarriak sinatu eta urdinentzat abantaila polita eskuratuz: 3-9.

Jaka eta Zabaleta ez dira urte hasieran txundigarri jokatu zuten pilotari haiek oraintxe bertan, eta gaur ere asko kosta zaie berotzea. Hala ere, garaiz esnatu dira eta atzelaria bere ohiko pilotakadak jotzen hasi bezain laister markagailua estutzea lortu dute.

Neurketaren erdialdean, aldeak oso txikiak izan dira, bi edo hiru tantokoak, baina egia da gorriek ez dutela inoiz aurretik jartzea lortu, eta unerik txarrenetan ere Agirrek eta Albisuk ez dute burua galdu.

Horrela 12-14 eta 13-16 egon ostean, urdinek azken txanpari hobeto heldu diote. Lehenik Agirre izan da gantxo pare batekin tartea ireki duena, eta gero Zabaletaren opari batzuk iritsi dira.

Asier Agirrek berak ipini dio amaiera norgehiagokari ormabiko eder batekin –jokaldi horrekin min handia egin dio Jakari– eta txokoan pilota luzatuz. Guztira 12 izan ditu jokoan eginak –beste bat sakez– eta pilota bakarra galdu du.

«Pozik nago egindako lanarekin. Gozatzera etorri naiz eta lortu dut. Ongi sentitzen nintzen, jokatzeko nengoen, eta horretan saiatu naiz hasieratik», aipatu du nafarrak amaieran, Albisuren lana ere goraipatuz: «Zabaletak gehien jo duen une horietan ederki eutsi dio eta hori izan da garaipenaren gakoetako bat».