Amaia Ereñaga

Dardenne anaiak, aurtengo Zinebi jaialdi ‘hibridoaren’ izarrak

Azaroaren 13tik 20ra burutuko den Zinebi zinema dokumentalaren eta film laburren Bilboko nazioarteko jaialdiaren 62. edizioa ‘hibridoa’ izango da; hau da, zinema-aretoko emanaldiak izango dira eta, era berean, ‘online’ jarraitu ahal izango da hein handi batean. Lehen mailako Ohorezko Mikeldi sariak lotu dituzte era berean.

Jaialdi «hibridoa» izango da aurten Zinebi, zuzeneko eta online emanaldien bidez. (Monika DEL VALLE | FOKU)
Jaialdi «hibridoa» izango da aurten Zinebi, zuzeneko eta online emanaldien bidez. (Monika DEL VALLE | FOKU)

«Aurtengoa oso urte konplexua izan da», aitortu du Vanesa Fernandez Guerrak, Zinebi jaialdiko zuzendariak, pandemiak eragindako garaiekin bat eginik, astearte goizean streaming bidez jarraitu ahal izan den aurkezpenean. «Maiatzean galdetu izan baninduten, ez nukeen jakingo zer erantzun. Baina gaurkoa oso egun pozgarria da guretzat, benetan», aitortu du.

Ez da harritzekoa, Bilboko jaialdi beterano honen historia luzean, seguruenik, aurtengoa inoiz bizi izan den ediziorik zailena eta kezkagarriena suertatzen ari delako. Baina, data, azkenean finkoa da; Zinebi jaialdiaren 62. edizioa azaroaren 13tik 20ra ospatuko da, eta filmak ohiko zinema-aretoetan ikusi ahal izango dira. Apustua, beraz, presentziala da, osasun-segurtasun guztiak eta aforo murrizketak tarteko.

Egitarauaren zati handia, era berean, online ere jarraitu ahal izango da Filmin eta Festhome plataformen bitartez.

Bilboko Udala eta Bizkaiko erakundeek Kultura bermatzeko egiten ari diren ahalegina txalokatu nahi izan du publikoki Bingen Zubiria sailburuak aurkezpenean. «Zailtasunak zailtasun, Bilboko Udala egiten ari den lana maila guztietan» azpimarratu nahi izan du eta baita «jaialdi hau aurrera ateratzeko egin duten ahalegina ere. Osasun-baldintzak horretarako ematen badute, eta nik apustu hori egiten dut, jaialdia presentziala izango da. Eta, era berean, mundu digitalean ere aireratuko da». 

Egitarau oparoa... eta euskal presentzia handiarekin

Gurean, mota honetako nazioarteko kategoria duen jaialdi bakarra da Zinebi. Hollywoodeko Akademiak Oscar Sarien kalifikatzaile gisa hartzen du Bilbokoa, sariketa ofizialeko film laburren artean, eta Ingalaterrako Bafta sarietarako eta Goyetarako jaialdi kalifikatzaile ere bada.

Aurtengoa oso egitarau zabala da; 36 herrialdetako 121 film aurkeztuko dira guztira, horietatik 89 film labur, bost film ertain eta 27 film luze. Guztiak Zinebi osatzen duten lau sekzio nagusietan banatuta. Garrantzia gehiago duena Nazioarteko Lehiaketaren sekzio ofiziala da, non 30 herrialdeko 60 aukeratu izan diren. Atal hau zuzendari berrien lanari eskainita dago eta bi lehiaketatan banatuta dago: Film Laburren Nazioarteko Lehiaketa –aurten ikusi ahal izango direnen artean, zazpi euskal zinegileek egindako lanak eta zortzi estatukoak daude– eta ZIFF (Zinebi First Film Nazioarteko Lehiaketa, zeina, izenak argi adierazten duenez, zuzendari berrien lehendabiziko lanari eskainitako sekzioa den). Azken honetan, bederatzi film luze estreinatuko dira Estatuan.

Eta sail ez-lehiakorrei dagokionez, Beautiful Docs-ean –nazioarteko ospea duten zinemagileen azken lanak– bost film luze dokumentalen artean daude hainbat zinemagile ospetsuen lan berrienen estatu mailako estreinaldiak izango dira (Ulrike Ottinger, Frederick Wiseman eta JIA Zhang-ke zuzendarien azken lanak, besteak beste).

Gainera, Bertoko Begiradak saila sortu berri diren 22 film laburrek eta zazpi film luzek osatuko dute aurtengoan. Honako estreinaldi hauek nabarmentzen dira, besteak beste: Josu Rekalderen ‘Esther Ferrer, Hilos de tiempo’ lana, performancearen euskal artista handiari buruzkoa; eta baita jaialdiaren 61. edizioan Espainiako Zinearen Sari Handia irabazi zuen Paula Iglesiasek eta Marta Gómezek zuzendutako ‘Fabricando mujeres 2.0’.

Sail honetan eskainiko dira, baita, Pablo Maquedaren ‘Dear Werner (Walking On Cinema)’ dokumentalaren aurre-estreinaldia; Javier Rebollok zuzendutako ‘De los ojos adentro’ lanaren proiekzioa (Ohorezko Mikeldia jasoko duen Maria Eugenia Salaverriren ekoizpen eta gidoia duena); eta Josep Morell eta Jordi Vilarrek zuzendutako ‘Ernest Lluch, libre y atrevido’ lanaren aurkezpena Bilbon.

Halaber, aurten bereziki nabarmendu nahi dituzten film laburrak, egungo zinema arloko zuzendari interesgarrienetako asko elkartzen baitira genero horren inguruan. Jonas Mekasen omenez sortu den Glimpses-Distirak izeneko sailaren harira izango da hori; izan ere, Jonas Mekasek normaltasun osoz uztartu  zituen beti hiru edo bost orduko film luzeak eta film labur erako apunteak. Aitzakia horrekin bildu dituzte, besteak beste, Luca Guadagnino italiarraren, Jafar Panahi iraniarraren, Guy Maddin kanadarraren, Alice Rohrwacher italiarraren, JR frantsesaren eta Sergei Loznitsa bielorrusiarraren azken film laburrak, guztiak 2020an estreinatutakoak.

Kontuan hartzeko bi xehetasun: Zinebiko film guztiak euskarazko azpitituluak dituztela –ez da ohikoa zinema jaialdietan, tamalez– eta jaialdian aurkeztuko diren filmen %50 baino gehiago emakumeek zuzentzen dituztela.

Mikeldi sariak

Ohorezko Mikeldi sariei dagokionez, aurten film laburretatik eta dokumentaletik abiatu diren bi zinemagile handiri emango zaie garaikurra; Jean-Pierre eta Luc Dardenne belgikarrak mundu osoko kritikaren eta ikusleen gorazarrea jaso dute beren fikziozko lanengatik. Canneseko Jaialdian Urrezko Palma bi lortu dituzten zinemagile apur horietakoak dira.

Hala, jaialdiak Estatu mailako estreinaldien artean, Dardenne anaien lehendabiziko film luze dokumentaletako baten bertsio berritua eskainiko du, ‘Le chant du rossignol’ (1977), azaroaren 14an. Zinemagile hauen beste bost dokumental eskainiko dira era berean Bilbon. «Ohore bat da, ia ezezagunak baitira film hauek», Vanesa Fernandez Guerraren esanetan.

Bestetik, 80ko eta 90eko hamarkadetatik Bizkaiko zinemaren aitzindari izan diren bi emakumeren lana ere aitortuko nahi du jaialdiak aurtengo edizioan: Ana Murugarren zuzendari, gidoigile eta muntatzailearen lana batetik, eta Maria Eugenia Salaverri idazle, gidoigile eta ekoizlearena bestetik, Mikeldi batekin sarituko baitute.

Bestalde, 2010eko Ohorezko Mikeldia jaso zuen Luis de Pablo konpositore bilbotarra omenduko da aurten berriro ere, Veneziako biurtekoan musika arloko Ohorezko Urrezko Lehoia jaso berri duena. Eta Zinema-ilegala programaren hamargarren urteurrena ere ospatuko da (Solokoetxe kaleko egoitzatik Bulegoa z/ba arte eta jakintza arloko bulegoaren ekimena).

Egoitzak eta sarrerak

Jaialdiak aurten ere baditu egoitza ezberdinak: Arriaga antzokia, Golem-Alondegia zinemak, Alondegiko Auditorioa eta Arte Ederren Museoan. Arriaga Antzokian izango den Palmaresaren errepikapenerako tiketak 6 eurokoak izango dira. Azkuna Zentroko Auditorioko eta Golem-Alondegia Zinemetako proiekzioetarako, banakako sarrerak (4,50 euro) eta 10 saioko bonuak (35 euro) erosi ahal izango dira azaroaren 1etik aurrera, Golemeko leihatiletan.

Arte Ederren Museoan egingo diren ekitaldietarako sarrerak 3,50 euroko kostua dute. Gainera, Zinebik bonu bereziak aterako ditu 20 eurotan honako kolektibo hauentzat: erretiratuak (eta 60 urtetik gorakoak), langabeak eta ikasleak (eta 26 urtetik beherakoak).

Azaroaren 20an jakitera emango den palmaresa sari hauek osatuko dute: Bilboko Zinemaldiaren Sari Nagusiak (7.000 euro), Euskal Zinemaren Sari Nagusiak (6.000 euro), Espainiar Zinemaren Sari Nagusiak (6.000 euro), fikzio, animazio eta dokumental kategorietako Mikeldiek (5.000 euro), Ikus-entzuleen ETB Sariak (3.000 euro), SGAE-Gidoi onenaren sariak (3.000 euro), FAS Zineklubaren Sariak (2.000 euro) eta UNICEF saria (zuzkidura ekonomikorik gabea).