Idoia ERASO

Lurramak bidelagun duen Laborantza Ganbararen aldeko laguntza eskatu du

Lurrama azoka azaroaren 12, 13 eta 14ean ospatuko da, baina pandemiaren ondorioz, egitura eta kokapena aldatuko ditu. Azokaren irabaziak Euskal Herriko Laborantza Ganbarako urteko aurrekontuaren parte handi bat izan ohi dira, eta aurtengo edizioak ez duenez dirurik ekarriko, nekazaritza ganbara ekonomikoki laguntzea eskatu du.

Biarritzeko herriko etxean Lurramako eta EHLGko kideek egin duten agerraldia. (BOB EDME)
Biarritzeko herriko etxean Lurramako eta EHLGko kideek egin duten agerraldia. (BOB EDME)

Biarritzen milaka pertsona bildu ohi dituen Lurrama nekazaritza azoka, beste ekimen jendetsu guztiak bezala, bere plangintza aldatu behar izan du. Aitzina segitzea deliberatu badute ere, mintzaldi eta zinema gaualdietara mugatuko da programa, ‘Gaurko hautua biharko mundua’ izenburupean. Kokagunea ere aldatu du, eta Irati erakustazoka handian ospatu ohi den hitzordua, oraingoan azaroaren 12an Donibane Garazin, 13an Itsasun eta 14ean Biarritzeko Casinoan eginen da.

Ostegun honetan azokaren 15. edizioa ezagutzera emateko egin den agerraldian, «egitarau xume eta arina izanen bada ere, gogoetaz pisua eta aberatsa» izanen dela baieztatu du Iñaki Berhocoirigoin Lurramako lehendakariak. Edizio honek izango duen xedea nabarmenduz gaineratu du: «Problemak badira, eta horren parte bagara, konponbidearen parte ere bagara».

Laguntza ekonomikoa
Elkarren bateragarriak diren Lurrama eta Euskal Herriko Laborantza Ganbararen (EHLG) arteko lotura ideologikoa eta estrategikoa izateaz gain, ekonomikoa ere bada. «Jende bera gara eta xede berak ditugu, eta aurten lotura hori nabarmendu nahi izan dugu, Ganbarak ezin izanen duelako bere proiektua garatzeko Lurramaren ekarpen ekonomikoa izaten ahalko, eta horrek bere lana arriskuan ematen ahal du», azaldu du Berhocoirigoinek.

EHLGko bulegoko kide den Panpi Olaizolak, egungo egoera «larritzat» definitu du, eta bere agerraldiaren xedea argiki adierazi du: «Dei egitera heldu gara, gure lana segitu ahal izateko. Kaltetuak izanen gara, eta orain arte egiten dugun lanarekin segitu ahal izateko etorkizunean laguntza beharko dugu». Horretarako diru bilketa kanpaina bat eramanen dute, bereziki azaroan zehar, baina jada Laborantza Ganbarako webgunean sartuz emaitza egiten ahal da, eta ondoren ere egiten ahalko da.

Bi eragileen arteko loturaren garrantzia ere azpimarratu du Olaizolak, Ganbarak barnealdeko lurretan laborantza sostengatu eta laguntzen badu, azokak, hiri inguruan lan hori erakusten duelako, eta kontsumitzaileari lan horren berri ematen diolako. «Biek bat egiten dugu», baieztatu du.

Programa eta ugazaita
Aurtengo programa bi gaualdi eta egun bateko informazio eta gogoetarako hitzordua osatuko dute. Lehena azaroaren 12an eginen da Donibane Garaziko Vauban zinema gelan, Damien Gameauren ‘2040’ filma eskainiko da, non errealizadoreak hurrengo belaunaldiaren inguruko kezka agertzen duen. Ondoren EHLGko Beñat Molimoserekin eta Bizi!ko kide den Txetx Etcheverryrekin solasteko parada izanen da.

Biharamunean Itsasuko Sanoki gelan, EHLGk proposatutako mintzaldia izanen da, laborari eta hautetsien eskutik. Ganbarako kide den Patxi Iriartek eta Maryse Cachenaut laborari eta Lurzaindiako kideekin batera Euskal Elkargoko lehendakari ordeak diren Martine Bisauta, Bruno Carrere eta Isabelle Pargadek hartuko dute parte. ‘Hazitik azitara: Nolako Ipar Euskal Herria 2050ean?’ izanen da gaia, eta bertan elikadura eta ingurumen mailan etorkizun osasuntsu eta orekatua izateko beharko litzateken laborantza eta lur antolaketari buruzko gogoeta eramanen da.

Egun nagusia azaroaren 14a izanen da, larunbatarekin, eta programazioaren lehen partea Biarritzeko Casinoan iraganen da. Edizio honetako ugazaita izanen den Dominique Bourgen bideo konferentzia batekin abiatuko da programazioa. 11:00etan ‘Mikrobioen eragina laborantzan, elikaduran eta gure osagarrian’ mintzaldia aurkeztuko du Marc-Andre Selossek, eta behin amaituta, botanikan eta mikrobioetan aditua den biologoak bere liburuak izenpetuko ditu. 14:30etan ‘Biharko elikaduraren segurtasuna bermatu’ izenburupean elikaduraren burujabetza izanen dute hizpide Aurelie Trouve Attac Franceko lehendakariak eta Nicolas Girod Confederation Paysanne sindikatuko bozeramaileak.

Azokari amaiera emateko, kostaldeko hiriko Royal zinema aretoan ‘2040’ filma aurkeztuko dute berriz, eta ondoren EHLGko Panpi Olaizola eta Bizi! mugimendu ekologista eta altermundialistako kide batekin solasteko parada izanen da, norberak bere esperientziatik abiatuta, egungo errealitateari buruzko eta egiten ahal denari buruz eztabaidatu eta gogoeta egiteko.

Aurtengo ugazaita, Ipar Euskal Herrira hurbildu ahal izanen ez bada ere Suizako bere etxetik mintzatuko da larunbatean, eta bere sostengu guztia erakutsi nahi izan dio Lurramari. Dominique Bourg filosofo frantses-suizarra da, Laussanneko unibertsitateko ohorezko irakaslea eta ingurumen arloko aditua.