NAIZ

Yuwa India Trust eta Kemen proiektuek jaso dute Kirol Balioen Deusto saria

Yuwa India Trustek maila globalean ematen den saria jaso du, «prestakuntzaren eta kirolaren bidez Indiako nesken berdintasunaren eta ahalduntzearen alde egiten duen lanarengatik». Euskal kirolari dagokiona, Kemenek jaso du «kirolaren bidez desgaitasuna duten pertsonen gizarteratzearen alde erakutsi duen konpromisoarengatik».

Kemen eta Yuwako ordezkariak, Ramajo eta Adurizekin, gaur Tabakalerako ekitaldian (DEUSTO)
Kemen eta Yuwako ordezkariak, Ramajo eta Adurizekin, gaur Tabakalerako ekitaldian (DEUSTO)

2020ko Kirol Balioen Deusto sariak Yuwa India Trust eta Kemen proeiktuentzat izan dira. Sariak emateko ekitaldia gaur egin dute Tabakaleran, eta epaimahaiak aipamen berezia egin die Aritz Aduriz eta Sandra Ramajo futbol jokalari ohiei.

Yuwa India Trustek maila globalean ematen den saria jaso du, «prestakuntzaren eta kirolaren bidez Indiako nesken berdintasunaren eta ahalduntzearen alde egiten duen lanarengatik». Euskal kirolari dagokiona, Kemenek jaso du «kirolaren bidez desgaitasuna duten pertsonen gizarteratzearen alde erakutsi duen konpromisoarengatik».

Aduriz eta Ramajoren aipamena «beren berezko lidergoarengatik, bizikidetzaren eta errespetuaren balioei egin dieten ekarpenarengatik eta kirolari gazteentzako erreferentzia positiboa izateagatik» iritsi da.

Sariaren helburua «kirolaren jardunean balio giza unibertsalen defentsan eta sustapenean nabarmendu diren pertsonak, erakundeak eta ekimenak saritu eta jendaurrean aitortzea» da, eta edizio honetan «berdintasuna, ahalduntzea, zaurgarritasun egoeretan laguntzea, inklusioa, lidergoa eta irabazi asmorik gabeko jarduna» hartu dira oinarri.

Gaurko ekitaldiak denetik izan du –aurpegi ezagunak, ikasle eta irakasleen partaidetza, musika, dantza...– baina agian unerik hunkigarriena Radha neska indiarrak Yuwari emandako saria jasotzerakoan egindako adierazpena izan da: «Gurasoei ez zitzaien axola eskolara ez joatea, ni ezkontzeko asmoa baitzuten. Nire anaiak, ordea, eskolara joaten ziren. Baina hori aldatu egin zen Yuwan sartu nintzenean: futbolak nire bizitza aldatu zuen. Bizilagunek ez zuten begi onez ikusten nik futbolean jokatzea eta, gainera, horretarako galtza motzak janztea. Baina haien hitzei ez nien jaramonik egin. Futbolak indartsua izaten erakutsi dit. Orain, unibertsitateko ikaslea naiz eta guztiek errespetatzen naute».