NAIZ

Fiskalitate eta aurrekontu justuagoen alde mobilizatuko da Eskubide Sozialen Karta

Pandemiak eragin duen testuinguruak egiturazko krisi ekonomiko, sozial, ekologiko eta zaintzaren arlokoa «are ikusgarriago» egin duela jakitun, Eskubide Sozialen Karta osatzen duten eragileek bestelako fiskalitate eredu bat eta «zerbitzu publikoak eta babes soziala bermatuko dituzten aurrekontuak» eskatzeko mobilizazio dinamika aurkeztu dute.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartako ordezkariek Bilbon egin dute agerraldia. (Marisol RAMIREZ/FOKU)
Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartako ordezkariek Bilbon egin dute agerraldia. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

‘Aberastasuna banatu, eskubideak bermatu, zerbitzu publikoak garatu! Lehenik bizitza!’ lemapean egingo duten kanpaina aurkezteko agerraldia egin dute astearte honetan Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartako ordezkariek.

Karta osatzen duten eragileen izenean Edurne Larrañagak eta Maialen Aranburuk iragarri dutenez, azaroaren 28an manifestazioa egingo dute Iruñean eta abenduaren 13an, Bilbo, Donostia eta Gasteizen. Hitzorduok iritsi aurretik herrialde bakoitzean ekimenak ere egingo dituztela adierazi dute.

Azaldu dutenez, covid-19ak sorturiko egoerak «are ikusgarriagoa» egin du Eskubide Sozialen Kartak «etengabe» salatu duen «krisi estrukturala (ekonomikoa, soziala, ekologikoa, zaintzena…) eta egoera hobetzeko beharrezkoa den eraldaketa soziala».

Ildo horretan, fiskalitatearen eremuan, gakoa aberastasuna sortu eta banatzeko moduan dagoela nabarmendu dute: «Aberastasuna badago, arazoa da kapitalaren edota errenta altuenen mesedetan banatzen dela eta ez dagoela modu orekatuan birjasotzeko neurri fiskalik».

Horregatik, aldarrikatu dute «egoera honi aurre egiteko ezinbestekoa izango den gastu igoera guztia eta testuinguru honetan sortuko den zor publikoa errenta altu, kapital-errenda, ondarea eta enpresen irabazien gaineko zergen kontura izatea».

«Kalitatezko zerbitzu publikoak eta babes soziala» bermatuko dituzten aurrekontu «sozial, parte hartzaile eta burujabeak» ere galdegin dituzte.

Ajpatu eremuetan eragiteko aurrekontuak «ezinbesteko tresna» diren neurrian, iragarritako mobilizazio dinamikaz gain, Nafarroa eta Lakuako Gobernuak interpelatuko dituzte, bilkurak eskatuz, aurrekontuen inguruko proposamen zehatzak helarazteko.