NAIZ
BILBO

Sei zinemagile ospatsuren proposamen laburrenak erakutsiko ditu Zinebi jaialdiak

Jafar Panahi, Jonathan Glazer edo Luca Guadagnino bezalako lehen mailako zuzendari ezagunen film labur berrienak eskainiko ditu bihar, astelehena, Bilboko Zinebi jaialdiak. Nazioarteko dokumental eta film laburren jaialdi beterano honek, Esther Ferrer euskal performance egilearen inguruko azken lana estreinatuko du era berean.

Nekazaritza tradizionalaren hileta, JR eta Alice Roharwacheren «Omelia contadina» filmean. (ZINEBI)
Nekazaritza tradizionalaren hileta, JR eta Alice Roharwacheren «Omelia contadina» filmean. (ZINEBI)

Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak 62. edizioari ekin zion joan den ostiralean Arriaga Antzokian egin zen inaugurazio-ekitaldiarekin, eta datorren ostiralean, azaroak 20, amaituko da.

Bihar, astelehena, Zinebiren baitan, egungo nazioarteko eszenako zuzendari ezagunek, hala nola Alice Rohrwacher, JR, Jonathan Glazer, Sergei Loznitsa, Guy Maddin, Jafar Panahi edo Luca Guadagnino, beraien azken lan zinematografikoak aurkeztuko dituzte.

Film luzeak mundu osoan estreinatzen dituzten errealizadoreak izan arren, aurten minutu gutxi batzuetan kontzentratu nahi izan dute beren mezua. ‘Glimpses edo Distirak’ (Golem Alondegiko 5. aretoan, 19.00etan) izeneko atalean bildu ditu guzti horiek. Titulu horrekin omenaldia egin nahi zaio Jonas Mekas gogoratuari. Haren lanak normaltasun osoz uztartu izan zituen beti hiru edo bost orduko film luzeak eta film labur erako apunteak.

Joan den Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialeko epaimahaiburu izan zenak, ‘Io sono l’amore’ (2009) edo ‘Call Me by Your Name’ (2017) arrakastatsuen zuzendariak, Luca Guadagninok, lehen aldiz aurkeztuko du Estatuan ‘Fiori, fiori, fiori!’, bere jaioterriko Siziliarako itzulera dena, aurreko Veneziako Biennalean estreinatua; Veneziako Urrezko Lehoia eta Berlingo Urrezko Hartza irabazi zituen Jafar Panahi irandarrak ere Zinebi aukeratu du ‘Hidden’ Estatuan estreinatzeko, New Yorkeko Zinemaldian aurkeztuta.

Horrez gain, honako Estatuko estreinaldi hauek eskainiko dira: ‘Strasbourg 1518’, ‘Sexy Beast’ (2000) edo ‘Under the Skin’ (2013) filmen zuzendariak sinatuta, Jonathan Glazer, konfinamenduari buruzko metafora bat aurkezten duena; ‘Omelia Contadina’, JR frantziarrarena eta Alice Rohrwacher italiarrarena; ‘Une nuit à l’opéra’, Sergei Loznitsarena; eta ‘Stump the Guesser’, Guy Maddin, Galen Johnson eta Evan Johnson kanadiarrena.

Esther Ferreri buruzko dokumentala

Bertoko Begiradak atalaren barnean, Josu Rekalde zuzendariak ‘Esther Ferrer. Hilos de tiempo’ aurkeztuko du bihar, astelehena. BBVA Fundazioaren eta Bilboko Arte Ederren Museoaren bideoarteko sorkuntzarako 2018ko Multiverso bekari esker, Begoña Vicario, Raúl Ibáñez, Marta Macho eta Patxi Azpillagarekin batera egindako dokumentala da. Emanaldia museoko auditoriumean izango da, 19.00tan.

Bere abiapuntua artista donostiarrak 1978an Zaj taldeko kideekin batera ‘El hilo del tiempo’ izenburuarekin egindako performancea da. Ferrerrekin batera, bere ibilbide artistikoaren berrogei urteak kontatzen ditu dokumentalak.

Dardenne anaien zikloaren bukaera

Astelehenean, azaroaren 16an (Golem Alondegiko 7. aretoan, 16.30etan), amaituko da ere Jean-Pierre eta Luc Dardenne anaiek zuzendutako dokumentalei eskainitako atzera begirakoa, fikzioaren arloan ibilbide arrakastatsua hasi aurretik ekoitziak. Golem Alhondiga zinemetan ‘Leçons d’une université volante’ (1982) eta ‘Regarde Jonathan / Jean Louvet, son oeuvre’ (1983) dokumentalen proiekzioa egingo da.