NAIZ

«Sisiforen paperak», ‘Egunkaria’ auzian oinarritzen den antzezlana estreinatu da Gasteizen

Gasteizko Nazioarteko Antzerki Jaialdian estreinatu da ostegun honetan «Sisiforen paperak» izena duen antzezlana, ‘Egunkaria‘ren itxieran inspiratzen dena. Datorren astean ikusi ahalko da Bilboko Arriaga Antzokian.

Oholtzora igo da gaur ‘Sisiforen paperak’, ‘Egunkaria’ren itxieran oinarritua. (Raul BOGAJO | FOKU)
Oholtzora igo da gaur ‘Sisiforen paperak’, ‘Egunkaria’ren itxieran oinarritua. (Raul BOGAJO | FOKU)

Ostegun honetan estreinatu da “Sisiforen paperak” izena duen antzezlana Gasteizko Nazioarteko Antzerki Jaialdian.

Egunkariaren itxieran inspiratzen da antzezlana. Auziaren inguruko hausnarketa librea bada ere, ‘Egunkaria’rekin egindako injustizia salatzen du obrak eta errealitatera ekartzen duten zenbait elementu ditu antzezlanak.

‘Eleak’ izena duen fikziozko egunkari baten bitartez bi egoera ezberdinak azaltzen dira, batetik kazetariek erredakzioan egiten duten lana eta bestetik komisaria batean jasandako indarkeria.

Gasteizko Udalak komunikabideei bidalitako informazioan azaltzen denez, «kazetaritzari egindako omenaldia da, modu bide-gabean itxiarazi dituzten hedabide guztiei eskainia».

Bertan galdera bat agertzen da: «Ikertzea eta galdetzea kazetariaren zeregina da, baina, zer gertatuko litzateke egoera aldatu eta galdekatutakoa kazetaria bera balitz?».

Galdera horren erantzuna izan dute gaur arratsaldean Principal Antzokian bildu diren lagunek. Gaurko emanaldia euskaraz izan da, eta biharkoa gazteleraz.

Harkaitz Canoren gidoia

Harkaitz Canok idatzi du gidoia eta zuzendaritza Fernando Bernuesen esku utzi du lana ekoitzi duen Ttanttaka konpainiak.

Anjel Alkain, Iñaki Azpitarte, Kepa Errasti, Mireia Gabilondo/Aizpea Goenaga, Olaia Gil, Asier Hernandez, Asier Hormaza, Iñaki Rikarte eta Dorleta Urretabizkaia dira antzezlan honetan agertzen diren aktoreak.

Datorren astean Bilboko Arriaga Antzokiak ikusi ahal izango da, bi saiotan. Lehena hilaren 27an arratsaldeko 19.00retan eta eta bigarrena 28an, ordu berean.