NAIZ

Xabier Leteren gaineko hamar saiakera labur biltzen ditu ‘Urrats urratuak’ argitalpenak

Xabier Leteren hil zela hamar urte betetzen diren honetan, haren emaria ohoratzeko ‘Urrats urratuak’ argitalpena argitaratu du Balea Zuria argitaletxeak, Gipuzkoako Aldundiarekin elkarlanean. Hamar euskal idazleren saiakera laburrak biltzen ditu Leteri omenaldia egin nahi dion liburuak.

‘Xabier Lete. Urrats urratuak’ argitalpenean parte hartu duten zenbait autore. (Andoni CANELLADA | FOKU)
‘Xabier Lete. Urrats urratuak’ argitalpenean parte hartu duten zenbait autore. (Andoni CANELLADA | FOKU)

«10 urte dira Xabier Lete hil zela. Bere olerki eta kantuek, bere lanek eta bere gogoetek fruituak ematen jarraitzen dute. Bere argia ez da itzali, kontrakoa baizik. Izarren hautsa bezala, etengabe biziberritzen ari da, garrantzia eta sakontasuna handituz. Gure klasikoetako bat da eta gutxitan lortzen den zerbait lortu du: jendearen miresmena eta maitasuna». Goiburu horrekin aurkeztu dute ostiral honetan ‘Urrats urratuak: Xabier Lete gogoan’ argitalpena. Liburua Balea Zuria argitaletxeak argitaratu du, Gipuzkoako Diputazioaren laguntzaz.

Argitalpenean hamar euskal idazlek hartzen dute parte eta, bakoitzak bere esparrutik, Leteren gaineko gogoeta plazaratzen dute: Anjel Lertxundi (‘Urruti zegok hura’), Juan Kruz Igerabide (‘Ume baten belarriarekin, bost doinu’), Lourdes Otaegi (‘Izatetik izatera. Xabier Leteren genealogia literarioaz’), Itxaro Borda (‘Ni naiz, zauri bat’), Jon Gerediaga (‘Poetak eta mitoak. Xabier Lete’), Alex Gurrutxaga (‘Kaliayev eta Antigona. Ohar zenbait Xabier Leteren ikuspegi etikoaz’), Ainhoa Urien Telletxe (‘Bianditz gailurraren bestaldean’), Jon Martin (‘Goizetik gauera, Xabier Lete’), Arantxa Urretabizkaia (‘Xabier Leterekin elkarrizketa’) eta Inazio Mujika Iraola (‘Eginbehar baten kontzientzia. Xabier Leteren (auto)biografiarako testu osagarriak’) dira parte hartzen duten autoreak.

2010eko abenduaren 5ean zendu zen Xabier Lete, XX. mendeko euskal kulturaren erreferentzia garrantzitsuenetako bat, belaunaldi oso bati euskarazko poesia gerturatu ziona. Izaera polifazetikoa zuen, poeta, kantari edo idazle gisa azaldu zuena. Hala ere, Letek ez zuen inoiz ezkutatu poesiaren bidez lortzen zuela sentimenduak, kezkak eta sentsibilitate estetikoa adieraztea. «Horregatik, aurten bere heriotzaren hamargarren urteurrena ospatuko denez, bidezkoa da bere alderdi poetikotik hastea aintzatespena», nabarmendu dute.

Aurkezpenean Harkaitz Millan, Gipuzkoako Kultura diputatua, Leteren poesiak utzi duen lorratzaz jardun da: «Xabier Leteren poesiak esanahi berezia du euskaldun askorentzat. Seguruenik, haren ibilbideak, haren bizi-bidaiak bat egin zuelako belaunaldi oso batenarekin. Diktaduraren azken urteetan euskara berreskuratzeko eta askatasunak aldarrikatzeko kezkatik, lurralde intimo eta pertsonalagoetara eboluzionatu zuen, arreta bizitzan bertan, bizitzaren bilakaeran eta heriotzan jartzeko».

Lete euskal kulturaren eta poesiaren dibulgatzaile garrantzitsua izan zela ere nabarmendu du, eta bere kantautore lanak euskal poeta garrantzitsuen lanari zabalkunde handiagoa ematen lagundu zuela ere ekarri du gogora. «Nabarmentzekoak dira ‘Bertso zaharrak’ diskoa edo Lizardi eta Txirritaren poemak, besteak beste, musikatu zituzten lanak», esan du Millanek, eta Letek poeta baten heriotzaren «soinu omenaldia», ‘Xalbadorren heriotzean’, euskal kantutegiko abesti ezagunenetako bat izatea «eta Urepeleko bertsolari entzutetsuaren olerki bat inoiz irakurri ez dutenek ere abestea» lortu zuela goraipatu dute Aldunditik.

«Beraz, garai baten sentimena bere lanean islatu zuen poeta izateaz gain, euskarazko poesia belaunaldi oso bati hurbiltzeko lanean gehien nabarmendu zenetako bat izan zen», ondorioztatu dute.