NAIZ

Ezinegona indar eraldatzailea bilakatzera deitu du Sortuk Nafarroan

«Bidegabekerien kontra konspiratu eta borrokatzera» deitu du gaur Sortuk Nafarroan, ezker abertzalearen jarrera ideologikoaren ardatz nagusiak plazaratzearekin batera.

Ezkera abertzalearen agerraldia gaur Iruñean. (Idoia ZABALETA/FOKU)
Ezkera abertzalearen agerraldia gaur Iruñean. (Idoia ZABALETA/FOKU)

Pandemiaren bigarren olatua baretzen ari den une honetan, hausnarketa egin ostean, Nafarroako ezker abertzaleak bere iritzi ideologikoa laburbiltzen dituen ideia nagusiak ezagutzera eman ditu gaur Iruñean, ekitaldi batean.

Zaintza erdigunean kokatzea da Sortuk lehen planoan jarri nahi duen borrokaren ardatz nagusia. Azaldu duenez, osasun larrialdiak dituen eraginak are gogorragoak dira baldintza prekarioetan eta egoera zaurgarrienetan dauden herritarrentzat. Horren aurrean nabarmendu du pandemiaren hedapena eragozteko ahalegina ezin dela soilik neurri murritzaileetan oinarritu eta gogoratu du instituzioei dagokiela zerbitzuak hobetzea eta baliabideak jartzea.

«Ez da zilegia pandemiaren hedapenaren errua herritarrei leporatzea, are eta gutxiago agintariek harturiko erabaki askotan elite ekonomikoen interesak lehenetsi direnean, herritarren osasunaren kaltetan», adierazten duenez.

Era berean, «desegokitzat» jo ditu «jarrera indibidualistak edota epidemiaren errealitate osoa onartzeari uko egiten diotenak». «Esperimentu sozial konstruktibista baten aurrean gaudela edo epidemia trikimailua dela mantra gisa erabiltzeak ez ditu herritarren urgentziak konpontzen», zehaztu du adierazpenean.

Ondorio ekonomiko eta sozial larrien aurrean, bestalde, Sortuk adierazi du ez dela onargarria «2008an bezala, krisiaren ondorioak betikoen bizkar uztea». Horren aurrean, aberatsei zergak igotzearen beharra eta «inolako erabilgarritasun sozialik ez duten azpiegitura erraldoien eraikuntza gelditzea» planteatzen du.

Jendartearen beharretara zuzendutako politika publikoen beharra defendatu du, «urteetako murrizketen, pribatizazioen eta politika neoliberalen ondorioei» aurre egiteko, eta krisialdia aldaketarako probestea planteatu du, krisi klimatikoa, zaintza krisia edota migrazio mugimenduei begira, «zibilizazio gisa amildegira garamatzan sistema bidegabe honen ondorio zuzen eta nabarmenak» baitira.

Testuinguru horretan, burujabetzaren beharra azpimarratu du Sortuk. Azaldu duenez, azken hilabeteetan ikusitakoak berriz probatu du «estatu tresnak ez izateak egoera zaurgarri batean kokatzen» gaituela, «autonomismo eta erregionalismo ahul eta zaharkitu baten menpera».