NAIZ
DONOSTIA

Komisario Berriak programaren proiektu artistikoak abendutik aurrera, ikusgai

Tabakalera, Alondegia eta Artium Museoa izango dira Komisario Berriak egitasmoaren baitan hainbat sortzailek egindako proiektu artistikoak ikusteko lekua. Komisarioaren praktika garatu eta artearen munduko profesional berrien sorkuntza bultzatzea du xede.

Komisario Berriak programaren deialdi berria iragan ekainean iragarri zen. (Juan Carlos RUIZ I FOKU)
Komisario Berriak programaren deialdi berria iragan ekainean iragarri zen. (Juan Carlos RUIZ I FOKU)

Komisario Berriak 2020 egitasmoak babesten dituen hiru proiektuak ikusleentzat ikusgai egongo dira datozen asteetan Donostiako Tabakaleran, Bilboko Alondegian eta Gasteizko Artium Museoan. Lakuak hiru zentroekin batera bultzatutako ekimenaren helburua da komisarioaren praktika garatzea eta artearen munduko profesional berrien sorkuntza eta finkapena bultzatzea.

Ekimenaren arduradunek jakinarazi dutenez, Ane Lekuona, Itziar Gutierrez eta Iñigo Gomez Egiluzen ‘Ez dakit zer pasatzen den azken aldi honetan. Gasteizko bideo-musikal jaialdia 80ko hamarkadan’ proiektua izango da Artiumen, abenduaren 18tik aurrera; Andrea Estankona eta Juan Pablo Ordu/Mawatresek osaturiko Lekutan kolektiboaren ‘#AGORA / CEMENTO / CODIGO’ Tabakaleran, abenduaren 3tik otsailaren 15era; eta Mario Paniegoren ‘Espacio Publicitario (espacio público /espacio publicitario)’ Alondegian, abenduaren 3tik otsailaren 22ra.

Proiektu artistiko bakoitzari dagozkien xehetasunen inguruan, Artiumen ikusiko ahal izango den proposamenak Gasteizko Musika Bideo Jaialdiaren pultsioetan sartzen da 80ko hamarkadaren bigarren erdialdean, eta hainbat gai jartzen ditu mahai gainean; hala nola Euskal Rock Erradikalak lagundu zuen irudikapen bisuala, giro horretan bizi izan ziren gorputzen gauzatzea, eta kultura herrikoi hark eta bideoaren bideak gizartean eta erakundeetan sortutako interesa.

Donostian berriz disziplina anitzeko ikerketa da ikusi ahal izango dena, Tabakalerako webgunean. Argitalpen, erakusketa eta ikerketa gisa proposatzen da proiektua. «Helburua da espazio digital bat praktika estetiko garaikideen arloan esperimentatzeko, ikertzeko eta ekoizteko egitura gisa aktibatzea, ulertuta argitalpenak, gaur egun, ezin direla hitz inprimatuak bakarrik izan, eta, hortaz, konektatuta dagoen gizarte honi berezkoak zaizkion komunikazio- eta bitartekaritza-dinamikei egokitu behar zaiela», adierazi dute sustatzaileek.

Bilbon, azkenik, Mario Paniego autoreak publizitateak gure bizitzan eta, bereziki, eremu publikoan izan duen gorakadaren azterketa proposatzen du. Proiektuak munduko hiri batzuk hartzen ditu aztergai, eremu publikoan publizitate-erabilera hori murriztu baitute eta ikusgarritasuna eman baitiote gai honen inguruan lan egiten duten nazioarteko kolektibo eta artista batzuen jarduera artistikoari eta aktibistari, herritarren artean hausnarketa sortzeko helburuarekin. «Beharrezkoa al da publizitatea eremu publikoan?», da mahai gainean jartzen den galderetako bat.