Javi Rivero
Tolosa

Zuek gabe ez gara ezer. Eta zuek gu gabe?

Gastronomiaz idaztea ez da erraza herri honetan. Senean, izaeran eta izanean dugun altxor txiki bat baita, delikatua eta preziatua.

Mahaiaren bueltan bizitakoak itzuliko dira inoiz. (Jon URBE/FOKU)
Mahaiaren bueltan bizitakoak itzuliko dira inoiz. (Jon URBE/FOKU)

Historian zehar mila aldiz salatu gaitu gastronomiak, herri gutxi egongo baitira, gu, euskaldunok baino lotura handiagoa dutenak jatearen akzio hutsarekin. Ahoa irekitzen dugun bakoitzean jateko ez bada, jatearen inguruan eztabaidatzeko izaten baita. Gaixorik al gaude? Ala, beti gose? Biak batera agian?

Nork erantzungo zain, hausnarketa txiki bat luzatu nahi nioke irakurle orori. Gastronomia jatunik gabe ez da ezer. Alegia, inork ahora jatekorik eramaten ez badu, ez litzateke gastronomia existituko. Hiruko erregela zuzena da. Kontrako aldetik ordea, gu, euskaldunok, ba al gara inor/ezer gastronomiarik gabe?

Barre urduriak egin dizue alde ziur… Ez du balio, jaten ez badugu hilko garela argudiatzea… nortasun eta izaeraz ari naiz. Saiatu irudikatzen jatetxe, taberna edo kafetegirik gabeko Euskal Herria. Ez esan erraza denik… Mendietan aurki ditzakegun bordetatik hasita, edozein herriko taberna edo kafetegietatik pasata, jatetxe eta itsas ondoko “txiringito” txikienera arte… denak dira gure egunerokoaren parte. Eguneko lehen kafea, eguneko lehen elkarrizketa ere maiz izaten da zerbitzariarekin, lagunekin biltzeko aitzakia, edozein ospakizun gauzatzeko gotorlekua, egarri gaudeneko basokada ura… norberak etxetik kanpo duen bigarren babesa dela esatera ausartuko nintzateke. Bertan topatzen garelako “gureekin”… edozein arratsaldetan, otorduren batean edo parrandako azken tragoan. Arrazoi sorta honekin hasiko zinaten jada pentsatzen gastronomia zuen zati txikitxo bat dela, ezta?

Hemen beste hainbat adibide

Pentsa noraino iritsi garen… edozein otordutan, txikia izanda ere, merienda txiki batean, hamaiketakoan, jana eta honen inguruko hausnarketa gauzatzen dela beti. Ezin dugu otordu bat, jaten ari garenaren iritzi teknikoa eman gabe egin. «Hau ez, nik beste hau botako nioke…». Sagar bat jaten goazela kaletik, izango da gertu, honekin konpota edo tarta nola egiten duen aipatuko digun inor.  Gai jartzaileak falta dira gastronomian eta ostalaritzan elkarrizketak gidatzeko. Zenbat aldiz geratu zaizue ahoan, mingainaren puntan, aipatu nahi duzuen errezeta, ondokoak lehenago hitz egin duelako? Gurea kontatzeko irrikan egoten gara beti… Saroi Jauregik fundamentua jartzen lagunduko liguke mahai bat baino gehiagotan.

Poto egiten dugu sarritan. Zortziko txikia eguneroko baten parean jarriko bagenu, larunbatero lagunekin bokata berdina eskatzeko gai izango ginateke 11 asteburutan segidan. “Pikoteoa” erritu  eta ogitartekoa errezu, kuadrillak erlijio eta tabernak elizak dira. Aitor dezagun, xolomo-piper-gazta sekula modaz pasako ez den klasiko bat da. Batzen gaituen beste ikur txiki bat. Poto egiten badugu beraz, nortasunaren alde dela esan genezake.  Kostata aldatuko dugu iritzia eta aukeraketa. Edozein jatetxera joateko erabakia hartzen dugunean ere, prozesu hori nolakoa den pentsatu al duzue sekula?

Aukeraketa
Ez dakit zuetako zenbatek egiten duzuen nik bezala. Zer jan nahi dudan arabera aukeratzen dut jatetxea. Alegia, zer jan nahi dugun arabera egiten ditugu kilometro gehiago edo gutxiago autoan. Eta hemen ere aitortzea dagokigu… nahiko sota-caballo-rey aukeratzekoak gara eta, beraz, hemen ere sarritan POTO egiten dugu. Gauza berdina toki berera jatera joaten gara. Horren inguruko hausnarketa ordea, sakonagoa da. Konturatu al zarete non jango dugun arabera antolatzen ditugula gainontzeko orduak? Adibidez, Gernikako erretegi famatu batera joango garela bazkaltzera, ba… bide batez Gaztelugatxera gerturatu eta bertan igaro ahalko genuke goiza. Bueltan, Durangon lagun batzuekin trago bat hartu eta gero etxera. Baina ardatza, egun horretako orduak markatuko dituen ekintza, erretegira joatea izango da. Eta horren araberakoa izango da beste guztia. A, eta Durangoko lagunei erretegian jandako guztiaren berri ematea ezin zaigu ahaztu!

Bestalde, aipatzekoa da gure komunikabide guztietan aurki ditzakegun sukaldaritza saio, tarte eta artikulu sorta. Goizean, eguerdian, arratsaldean… eguneko ia edozein momentutan, gure kateetan goza ditzakegu hainbat saio ezberdin. Sukaldearekin zerikusirik ez duten ia saio gehienek ere, tarte bat egiten diote sukaldeari. Esango nuke, ia edonorekin konektatzeko modu bat dela. Irratian ere, gauza bera gertatzen da, goizeko, eguerdiko eta arratsaldeko magazinetan beti dago sukaldari lagunen bat hitz egiten edo euren errezetaren bat ematen. Sektorea eta gure kultura gastronomikoa bizirik mantentzen du horrek… baina baita saioon aniztasuna eta lotura entzuleekiko ere. Askok, momentu horretarako bakarrik piztuko baitute irratia edo telebista. Eta jende askoren asteko erronka pertsonala, proposatzen diren trikimailuak edo errezetak gauzatzea baita. Berriz ere diot, sukaldeak batzen gaitu. Egunean, berez, bost alditan gauzatu beharko genukeen ekintza da jatea. Eta egunean, beraz, bost aukera ditugu gure kulturarekin berriz topatzeko, historiaren parte izaten jarraitzeko. Familiarekin, bakarrik, lagunekin, jatetxean, lanean edo etxean… Zerbait ahora eramaten dugun bakoitzean, gastronomia astintzen dugu. Historian atal txiki berri bat idatziz.

Topikoetatik alde egiten saiatzen garen arren, harro gaude. Topikoak kanpotik iristen direnean baitira topiko. Eta harro gaude, topikoen bila datorren bidaiari eusko-abentura zaleak, hemen benetan ondo jaten dela esaten duenean. Momentu horretan, ‘etxean bezala, inon ez’ esaerak, zentzu bikoitza hartzen du eta gu horren parte sentitzen gara. Esan ohi da euskaldunak anfitrioi finak garela, eta esan horri men egin eta saiatzen gara horrela izan dadin. Ezin da jakin hau guztia non demontre hasten/jaiotzen den, baino horrela izaten jarraitzea nahiko genukeela ziur gaude.

Beraz, artikuluan aipatutako arrazoi guztiak nahikoak ez badira, proposamen txiki bat luzatzen dizuet: kontatu biharko egunean gastronomiarekin zenbat aldiz topatzen zareten. Eta saiatu gero, egunaren amaieran, kontatutako momentu horiek guztiak gabe, zuen eguna zer izan den irudikatzen. Gaitz kroniko baten moduan, betirako izango da gurekin gastronomia eta hobe dugu maitatzen ikastea. Beste gaitz batzuen aurka ez bezala, nik ez dut nahi honen aurkako txertorik!