Arantzazu Fernandez Iglesias

Abadia: Liburutegi eta laborategiko euskaltzalea

‘Antton Abadia, Dublinetik Hendaiara’ antzezlana. (NAIZ)
‘Antton Abadia, Dublinetik Hendaiara’ antzezlana. (NAIZ)

Izenburua: Antton Abadia, Dublinetik Hendaiara. Aktorea: Txomin Heguy. Musikariak eta abeslaria: Xabi Zeberio, Mixel Ducau; Alaia Phillips Ducau. Zuzendaritza: Oier Guillan. Non: Oiartzun. Udal aretoa. 20/11/29

Patxo Telleriak idatzitako testu honi Tartean konpainiarako onduenetakoen hainbat ezaugarri ikusi dizkiogu, hala nola, musika eta testua txirikordatzea erritmoa mantendu eta ikuskizun entretenigarria eskaintzeko. Formulak ondo funtzionatzen du Anton Abadiaren (1810-1897) bizitza gainetik kontatzeko: izan bakarrizketako hitzak, izan musikarien piezak, gozotasun epelean murgilduko du ikuslea.

Abadia zendu batek bere bizitzako pasarteak aletzen digu; aditutako aireek Dublindarrak ezagututako lurraldez lurralde eraman gaituzte. Antzezlan atsegin baten aurrean gaudela ulertzen dugu, eta XIX mendeko gatazka ideologikoen berri izango ez dugulako susmoa egia bihurtzen zaigu. Lore Jokoen sortzailea ertz gabeko izaerakoa dela islatu digu bakarrizketak. Ez du pertsonaiak inongo sakontasun psikologikorik, baina, egia esan, muntaiaren helburua betetzeko ez zen beharrezkoa. Loraldia Festibalaren enkarguz idatzitako obra honetan asmoa beste bat zen, hots, Abadia euskal kultura ikustarazten duten jaialdien aitzindaria zela azpimarratzea da helburu bakarra. Horrela, tentsiorik gabeko narrazioan, problematizatu gabeko pertsonaia historikoa eskaintzen diguten arren ez zaigu inporta, badakigulako, dagoeneko, ikuskizun xume honek ez duela ur gatazkatsuetan igeri egin nahi.

Beste aldetik, ez zaigu axola beste faktore batengatik: Txomin Heguy oholtzan ikusteko aukera ematen digulako. Nago aktore asko onak direla, nago horietako batzuk bikainak ditugula, baina beste uste bat ere badut: badaude oholtzan bertan jaiotakoak direla ematen duten aktoreak. Aurpegi berezia dute, musua eraldatu egiten zaie oholtza zapaltzean. Eta horietako bat dugu Txomin Heguy jauna, gure Dario Fo.

Emanaldi gutxi geratzen zaie; gogoratu, hartara, aipatu aktorea ez dela usu ikusten eta hortxe duzuela aukera, musika egokiaz lagunduta, gainera.