Andoni Arabaolaza

Iñaki Alvarez eta Alex Txikon euskal alpinistak Manaslu neguan igotzen saiatuko dira

Iñaki Alvarez eta Alex Txikon euskal alpinistak Manaslu negu astronomikoan igotzen saiatuko dira. Espedizioa Simone Moro italiarrarekin partekatuko dute. Manaslu behin bakarrik eskalatu da neguan, Maciej Berbeka eta Ryszard Gajewski poloniarrek erdietsi zuten tontorra 1984. urtean.

Iñaki Alvarez eta Alex Txikon euskal alpinistek Simone Moro italiarrarekin partekatuko dute Manaslu neguan igotzeko espedizioa. Xede horretan, gainera, gailur nagusia eta Ekialdeko Erpina lotzeko asmoa dute. Helburu horren lehen errepikapena zein neguan osorik eginiko lehen espedizioa izango litzateke.

«Bukatu gabe dagoen erronka zintzilik uztea ez dut gustuko. Porrotak onartzen ditut, baina zabalik dauden proiektuak bukatzeko dudan motibazioak ez du etenik. Beraz, hirugarrenez, heldu den neguan Manaslu mendira (8.163 m) itzuliko naiz; aurreko bi ekinaldiak biribiltzeko intentzioarekin. Zortzimilako hori nondik igoko dudan kanpaleku nagusian erabakiko dut, elurraren baldintzek eta mendiak agintzen baitute. Hirugarren ekinaldi horri Iñaki Alvarez eta Alex Txikonekin ekingo diot».

Hitz horiek Simone Morok argitaratu berri ditu bere Facebook-ean. Jakin bagenekien, Txikonek Nepalgo zortzimilako bat neguan igotzeko helburu zuela, baina, momentuz, ofizialki ez du ezer baieztatu. Beraz, alpinista italiarra izan da espedizio hori egingo dela baieztatu duena. Morok bi euskal alpinista alboan izango ditu: Alvarez zumarragarra eta Txikon lemoarra.

Bada, gogoratu behar dugu notizia hau argitaratu duen alpinista neguko zortzimilakoetan egungo espezialista handiena dela. Bederen, kopuruari begiratzen badiogu. Denera, orain arte lau igo ditu: Shisha Pangma (2005), Makalu (2009), Gasherbrum II (2011) eta Nanga Parbat (2016). Azken hau Ali Sadpara eta Txikonekin batera. Manaslu, berriz, hirugarren bisitan sinatu nahi du.

Xede bikoitza

Aurreratu dezakegu ere, hirukote horren helburua asmo handikoa dela. Lehenik eta behin aipatu behar dugu Manaslu behin eskalatu dela neguan. Maciej Berbeka eta Ryszard Gajewski poloniarrek 1984. urteko urtarrilaren 12an erdietsi zuten gailurra. Irakurtzen den bezala, neguan igo zuten, baina espedizioa abenduaren 3an hasi zuten. Hots, negu astronomikoa hasi baino lehen.

Gogoratu behar dugu epe hori abenduaren 21ean hasten dela eta martxoaren 21ean bukatu. Alvarez, Txikon eta Morok, berriz, espedizio hori negu astronomikoan egin nahi dute osorik. Eta gailurra lortzen badute "plus" edo gehigarri hori jasoko lukete.

Bigarren helburua tontor nagusia eta Ekialdeko Erpina (7.992 m) lotzea da. Erronka horren lehen errepikapena izango litzateke; izan ere, Jerzy Kukuczka eta Artur Hajzer poloniarrek 1986. urteko azaroan marra hori "sortu" zuten. Gainera, estilo alpinoan.