Gaizka Izagirre Brosa

Telesail interaktiboak: entretenimendu hutsala ala etorkizuneko formatua?

Gu geu fikzioaren protagonista zuzen bilakatzen gaituzten telesail interaktiboak. Geratzeko etorri den formatua ala moda iragankorra? Gertuago dago bideo jokoaren formatutik zinematik baino? Entretenimendu hutsala ala etorkizuneko formatua?

Bandersnatch
Bandersnatch

Black Mirror: Bandersnatch

NETFLIX

Zerrenda osoko proposamenik interesgarrienetarikoa eta formatuaren abantailak eta desabantailak hobekien ulertu dituena. Desberdina, suntsitzailea eta azken urteetan ikusitako ekoizpenik original eta probokatzaileena da “Black Mirror”. Charlie Brooker gidoilariaren garun perbertsotik ateratako lana kultuzko bihurtu da. Twitter garaiko parabola maltzurra dela esango nuke. Mahai gainean dugun pantaila, eskuen artean darabilgun mugikorra edo etxeko telebista; ispilu beltz, hotz eta dirdiratsuz inguratuta gaude. Bada, telesaileko atal bakoitza autonomoa izanik ere, guztiek dute oinarrian ideia bat: teknologia berrien erabilera txarrak izan ditzakeen ondorio larri eta konponezinak. Ikuslea nahitaez pentsatzen jartzen du; gaur egungo zenbat telesail edo filmek lortzen dute hori?

Kasu honetan “Bandersnatch” izeneko atal berezi honetan, mezu hori helduleku gisa erabiliz, ikusle pasibo izatetik aktibo izatera bultzatzen gaitu. Pertsonaia basoan dago, zaurituta. Norbait jarraika dauka. Bat-batean, telebistako pantailan bi aukera agertzen dira: «Segi aurrera» ala «Ezkutatu». Bietako bat aukeratu dezakezu telebistaren agintearekin; zein da zure hautua? Horren arabera, kapituluak amaiera bat ala bestea izango du. Hori da, hain zuzen, atal berezi honek eskaintzen duena. Hortik aurrera, erabakiak hartuko ditugu etengabe, istorioaren pertsonaiaren garunean sartuko gara eta hura bagina bezala mugituko gara istorioaren barnean.

IXA: webserie bertikala

@ixa.serieaplikazioa INSTAGRAM kontuan

Zer poza euskarazko proposamen bat aipatzeko aukera izatea. “Black Mirror” telesailaren kutsua duen “IXA” mugikorretarako esklusiboki sortutako euskarazko lehen web saila da. Formatu bertikalean grabatuta dago bere osotasunean. Euskaraz eta gazteei zuzendutako ikus-entzunezko proiektuak aurrera atera ahal direla erakutsi nahian ekoiztu da. Hainbat gai jorratzen ditu “IXA” webserieak, baina denbora da atalen amua. Bakoitza ez-leku ezberdin batean garatzen da. Ez-lekuak espazio unibertsalak dira, atenporalak, horietan pertsonak zenbaki bihurtzen dira eta nortasuna galtzen dute. Horregatik, atal bakoitza denbora pertzepzio ezberdin batetik azalduta dago, leku bakoitzean denborak ezberdin egiten duelako aurrera. Bakoitzak denboraren ikuspegi ezberdin bat jorratzen du. Egunerokotasunean ikusten ditugun gaiak aurkituko dituzue ataletan, eta pertsonaien eskutik murgilduko zarete sei mundu horien barruan. Atalak elkarren artean independenteak dira; beraz, generoetan ere aldaketak aurkituko dituzue.

Unibertsitateko proiektu baten moduan hasi zen “IXA”. Gaur egungo ikus-entzunezko kontsumoaren joerak aztertu ostean, denboraren erabileraren eta teknologia berrien gainean hausnartzeko edukia sortzea erabaki zuten; horretarako, interesgarri jo zuten soilik mugikorretan ikusteko atalak sortzea. Helburua, euskaraz aurretik bizi izan ez dugun esperientzia bat bizitzea. Gomendagarria oso.

Swipe Night

TINDER

Adi honi, Tinder ligatzeko aplikazio ezagunaren barruan sortu duten fikzioa baita. Istorio honen premisa apokaliptikoa honakoa: nola eta norekin igaroko zenuke hil aurreko azken gaua? Galdera horretatik abiatuta sortu duten fikzioa da, non ikusleek istorioa nola garatzen den hautatu ahal izango duten, aurkezten dizkieten aukerak “swipe up” –Instagramen maiz erabiltzen da termino hori, telefono mugikorreko pantailan hatzarekin gorantz egitean datza– funtzionaltasunaren bidez onartuz edo ukatuz. Beste era batera esanda: balizko hautagaiak aukeratzen diren aldi berean, istorio berriak sortzeko aukera ematen du.

Lehen pertsonan grabatua dago, edozein erabiltzaile protagonistarekin identifikatu ahal izateko helburuz, eta, noski, bertikalean, mugikorrean ikusteko. Telesaila festa baten erdian hasten da, zerutik asteroide bat igarotzen den bitartean. Une horretan asteroide horren zati batek lurraren aurka joko duela iragartzen dute, hiru ordu baino ez dira geratzen munduaren amaierarako: zer egingo zenuke? Nor ezagutu nahiko zenuke hiru ordu horietan? Zure lagunik onena bikotearekin desleiala dela esan ala sekretua gorde?

The Third Day

HBO

Telesail bitxia eta ezohikoa, bai tramagatik eta baita planteatzen duen egituragatik ere. Bi zatitan banatzen da, lehen hiru atalak “Uda” dira eta azken hiruak, “Negua”. Bi zati horiek lotzeko, gainera, Facebook Live bidez zuzenean “Udazkena” atala ere eman zuten, hamabi orduz etenik gabe eta antzerki formatuan. Proiektuaren hasierako helburua ikusleak errodaje horren barruan murgiltzea zen, fisikoki istorioan bertan, baina pandemiak ezarritako mugak direla-eta streaming bidezko beste aukera hori sortu zuten.

Hori horrela, Jude Law protagonista duen thriller psikologiko deserosoa, hipnotikoa eta zorrotza gauzatu dutela iruditzen zait. Ikusle guztiek agian jasango edota ulertuko ez dutena, baina niri pertsonalki oso erakargarria iruditu zaidana. Maite dut ikuslea hotz uzten ez duten ekoizpenetan murgiltzea, eta honek sobera bete du helburu hori behintzat. Emaiozue aukera bat.

You vs. Wild

NETFLIX

«Aukeratu Zeure Abentura» formatua erabiliz sortu den lehen telesail-dokumentala. Kasu honetan Bear Grylls abenturazale ezagunari zer gertatuko zaion aukeratu ahal izango dugu. Helburu jakin bat tarteko, eremu arriskutsuetan barneratzeko aukera izango dugu (oihanak eta mendi elurtuak, adibidez).

Uste dut teknikoki oso ondo planifikatuta dagoela; izan ere, bide desberdinak aukeratzerako orduan ikusle aktibo gisa akats bakar bat eginez gero, galdu egingo duzu, eta zauden puntura itzuli beharko duzu edo berriz hasi, bakoitzaren aukeran. Nire ustez, elementu interaktiboa ondo garatua dago eta dena dibertigarria eta atsegina da; kasu honetan, esperientzia gisa nahiko deigarria iruditu zait. Arazorik nagusiena trama bera da. Egia da hasieratik sentituko duzula abentura horren parte zarela, baina abentura bera apur bat hankamotz geratzen dela uste dut.

A Heist With Markipliersud

YOUTUBE

Azken adibide hau erabiliko dut aipatzen ari naizen sistema honi buruzko nire behin betiko iritzia partekatzeko. 61 bideo desberdin eta 31 amaiera posible. Youtube plataformaren lehen istorio interaktiboa den hau nahiko eskasa iruditu zaidan arren, gaurkoan jorratzen ari naizen gaia dela-eta interesgarria iruditu zait aipatzea. Protagonista Markiplier youtuber ezaguna da eta umorezko tonua ardatz hartuta lapurreta batean murgiltzeko aukera izango dugu. Uste dut berandu iritsi direla Youtubekoak, lehen aipaturiko “Black Mirror” telesaileko “Bandersnatch”-en kopia kaskarra iruditu baitzait, ia-ia gogorik gabe egin izan balute bezala.

Iruditzen zait hor badagoela korronte berri honen olatu gainean jartzeko intentzioa, baina bere garaian 3D sistemarekin gertatu zen bezala, hizkuntza zinematografikoaren barruan logikaz eta koherentziaz txertatzen ez bada, azukre koskorra kafean nola, pixkanaka desegin egingo dela iruditzen zait. Ziur nago, horrela jarraituz gero, urte gutxi barru, guztiz desagertuko dela, edo, behintzat, bigarren plano batean geratuko dela. Oraindik, adibide jakin batzuk salbu, su artifizialak besterik ez direlako, ikusgarriak baina hutsak barrutik. Iruditzen zait, gainera, edukiak era horretan kontsumitu nahi dituztenek, badutela bideo jokoen mundua, askoz ere garatuago eta eskuragarriago.