NAIZ

Auzitegi Nazionalak baliogabetu egin du Arcelor-Mittalek aurkeztutako espedientea

Auzitegi Nazionalak baliogabetu du Arcelor Mittalek pasa den udaberrian langileei jakinarazitako aldi baterako enplegu-erregulazioko espedientea (Abeee). Enpresa-batzordeak osatzen duten sindikatuek aurkeztu zuten salaketa.

Arcelor-Mittalek Olaberrian duen lantegia. (Andoni CANELLADA/FOKU)
Arcelor-Mittalek Olaberrian duen lantegia. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Auzitegi Nazionalak baliogabetu du Arcelor Mittalek maiatzaren 8an langileei jakinarazitako aldi baterako enplegu-erregulazioko espedientea (Abeee). Lan-arloko Salak erabaki hau hartu du enpresa-batzordea osatzen duten sindikatuek aurkeztutako salaketa aztertu ondoren.

ELAk ohar batean azaldu duenez, enpresak hartutako erabakia ez zegoen justifikatuta. «Epaian adierazten da enpresak ez dituela ERTEren arrazoiak justifikatu, eta, gainera, funtsezkotzat jotzen da ELAk aurkeztutako aditu-frogaren ekarpena, Arcelor Mittalek emandako arrazoibideak desegiteko balio izan duena», adierazi du ohar batean.

Epaiaren arabera, «langileei aurreko egoera berrezartzera kondenatzen ditugu demandatuak». «Horregatik, langileek maiatzaren 8a baino lehenagoko egoerara itzuli behar dute, eta jasandako kalte guztiak konpondu beharko dituzte», azpimarratu du sindikatuak, eta «oso pozik» dagoela ohartarazi du.

Eta negoziazio-prozesua irregularra izan zela salatu zuen ere ELAk; «izan ere, Euskal Herriko lantegien ordezkaritza alde batera utzi zen, eta bilerak Asturiasko ordezkariekin egin ziren soilik. Dena den Auzitegi Nazionalak ez du kasu honetan sindikatuaren demanda babestu.

«Eskubideak errespeta ditzan»

Etorkizunera begira, ELAk enpresako zuzendaritzari dei egiten dio «bere erabakiak alde bakarrez inposatzeari utz diezaion eta Arcelor Mittalen lan egiten dutenen eskubideak errespeta ditzan».

«Industria-proiektu serio bat behar dugu, plantillak gaztetzea, inbertsioak eta, azken finean, Arcelor Mittalen erabateko norabide-aldaketa», gaineratu du.

Helegitea Auzitegi Gorenean

Bere aldetik, Arcelor Mittalek jakinarazi du Auzitegi Gorenean helegitea jarriko diola Auzitegi Nazionalak emandako epaiari. Ebazpenaren aurka kasazio-errekurtsoa jar daiteke Auzitegi Gorenean, eta Arcelor Mittalek hurrengo egunetan egingo du hori, Auzitegi Nazionalaren erabakia ez baitator bat.