NAIZ

Basagain herrixka gotortuaren gaineko liburua osatu dute Xabier Peñalver eta Eloisa Uribarrik

‘Basagain. Herrixka bat bi aroen arteko mugan’ argitalpen dibulgatiboa argitaratu du Gipuzkoako Diputazioak. Xabier Peñalver eta Eloisa Uribarri arkeologoak dira autoreak.

Xabier Peñalver arkeologoa eta Mari Jose Teleria Kultura diputatua, aurkezpenean. (NAIZ)
Xabier Peñalver arkeologoa eta Mari Jose Teleria Kultura diputatua, aurkezpenean. (NAIZ)

Basagain herrixka gotortuaren gaineko argitalpena da argitaratu dute Xabier Peñalver eta Eloisa Uribarrik, bertan bi hamarkadatan zehar egin diren aurkintzen berri eman eta, era dibulgatiboan, herrixkaren balioa goraipatzen duen argitalpena.

Herrixka honetako ikerketa proiekta 1994ean abiatu zen, Bigarren Burdin Aroaren ezagutzan sakontzeko asmoz. «25 urtez etenik gabe egindako landa-lanei esker, osatzen ari gara tipologia bereko beste kokaleku batzuetan –Intxur eta Buruntza, adibidez– esku hartu ondoren genituen datuak, eta gero beste batzuekin –Santiagomendi edo Munoaundi–indartzen joan dira», zehaztu dute Aldunditik, eta nabarmendu du liburuak «oso modu dibulgatzailean eta errazean» jasotzen dituela ekarpen horietako batzuk, hainbat irudiz lagunduta.

Aurkezpenean Basagainen gaineko zenbait xehetasun eman dituzte. Kokagunearen tipologiari dagokionez, gure Aroaren aurreko lehen milurtekoaren une horretan (Burdin Aroa) berezkoa den goi aldeko kokaleku gotortu bat dela aipatu dute, espazio guztietatik ikuspen handia duena, Oria ibaiaren ibilguaren zati handi bat menderatzen duena, «hain zuzen ere egungo Gipuzkoaren eta, zalantzarik gabe, bere garaian barduliarren lurraldearen ardatz egituratzaileetako bat».

Orain arte eskuragarri daude datuetatik ondorioztatzen dutenez, harresien barruko barrutiaren antolamendu espazial argia dago, eta gela-egiturak eta beste zerbitzu batzuk herrixkaren ekialde eta hegoaldetik doan terraza zabalean kokatuta daude.

Metalurgiaren nagusitasuna

Indusketa lanetan identifikatu dituzten jarduera nagusiak nekazaritzari lotuta daude (artatxikia eta beste zereal batzuen ekoizpena) eta abeltzaintzak ere badu presentzia, baita landare-espezien bilketak ere. Hala ere, brontzearen eta burdinaren jarduera metalurgikoa da Basagaingo elementurik nabarmenetakoa: «Mendi beraren hegalean dauden burdina-meategiak hurbil daudenez, burdinaz egindako pieza ugari daudenez eta fabrikazio-prozesutik datozen zepak daudenez, pentsa daiteke mineral horren ugaritasuna izan zela kokaleku hori hautatu izanaren arrazoi nagusietako bat», azaldu dute.

Eskuz eta tornuaren bidez egindako zeramika ekoizpena ere «handia» dela baieztatu dute, eta, merkataritzari dagokionez, distantzia luzekoa zela ondorioztatu dute.

«Hilarrien gaiak aparteko kapitulu bat mereziko luke, kopuruaren eta grabatu moten garrantzia kontuan hartuta, baita apaindutako lauza txikiak ere», nabarmendu dute.

Liburua argitaratzeko, Gordailua, Anoetako Udala, Jaurlaritzako Kultura Saila eta Gipuzkoako Diputazioaren Kultura Departamentuak hartu dute parte.