Mikel Aginagalde

Hizkuntza eskubideak etengabe urratzen direla erakusten du Behatokiaren txostenak

Hizkuntza Eskubideen Behatokiak aditzera eman du 2019an zehar Akuilarin eta Euskararen Telefonoan 737 kexa jaso dituela orotara. Erakundeak, bestalde, argitaratzen duen urteroko dokumentua Europako Kontseiluari bidali dio, bertako aditu taldeak ebaluatu dezan.

Agurne Gaubeka, Behatokiko zuzendaria, iazko txostenarekin.  GARA
Agurne Gaubeka, Behatokiko zuzendaria, iazko txostenarekin. GARA

Egunean, batez beste, bi urraketaren berri izan du Behatokiak 2019an zehar. Jasotako kexa kopuru handia ezagututa, erakundeko ordezkariek adierazi dute hizkuntza eskubideen urraketak eguneroko auzia direla, eta hori agerian ipini dutela herritarrek. Eta beste behin ere, Euskal Herri osoan zein esparru guzti-guztietan gertatzen direla erakutsi dute.

‘Hizkuntza eskubideen egoera 2019’ txostena iaz izandako hizkuntza eskubideen urraketen argazkia osatu ahal izateko ezinbesteko lanabesa bilakatu da, baita hizkuntza arloko berdintasun ezak sortzen dituen ondorioak azaleratzeko tresna ere. Hizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendari Agurne Gaubekaren arabera, txostenaren helburu nagusia da «euskaraz bizitzeko oztopoak eta euskaraz jarduteko ezintasunak agerian jartzea».

Urraketak edonon

Osasungintza esparruan, «koronabirusaren krisiak inoiz baino ageriagoan utzi du herritarren zaintzarako duen aparteko garrantzia; eta, ondorioz, baita osasungintzan hizkuntza eskubideak bermatzeak duen garrantzia ere», azaldu du Gaubekak.
Horrez gainera, Behatokiko zuzendariaren hitzetan, «osasun asistentzia egokia izateko eskubideaz ari garenean, herritarren berezko hizkuntzan emandako asistentziaz ari gara. Hala, honakoa gaineratu du: «Profesionalen gaitasun linguistikoak berebiziko garrantzia dauka herritarren hizkuntza hautua bermatzeko eta herritarrei kalitatezko zerbitzua eskaini ahal izateko».

Edonola ere, datu hotzei erreparatuz gero, ikus daitekeen errealitatea guztiz bestelakoa dela. Gaubekaren arabera, «Osakidetzako hiru langiletik batek du ziurtatuta bere lanpostuari dagokion hizkuntza profila eta Osasunbidean langile euskaldunen kopurua ez da %0,5era iristen».

Osasun esparruari dagokionez, azkenik, Agurne Gaubekak azaldu du arestian aipaturiko eta txostenean jasotako urraketak maila eta gune ugaritan izaten direla; hain zuzen ere, telefono bidezko arreta guneetatik hasi eta osasun langileen eguneroko errealitateraino.

Behatokiaren txostenak jasotzen duenez, justizia eta segurtasun arloan herritarrek salatutako hizkuntza eskubide urraketak ugariak izan dira 2019. urtean. Gainera, “Mozal Legea” indarrean jarri zenetik, ondorio latzagoak pairatu behar izan dituzte herritarrek ertzain, foruzain, estatuko polizia eta herrietako udaltzainen aldetik.

Gaubekak dioenez, «herritarrek nabarmentzen dute euskaraz komunikatu nahi izatea eskatzeagatik erantzun txarrak zein oldarkorrak pairatu izan dituztela. Izan ere, herritarrak kasu askotan ez dira ausartzen beraien hizkuntza eskubideekiko errespetua eskatzen, albo-kalteak izango dituztelakoan».

Justizia arloari dagokionez ere egoera oso antzekoa da. «Gaztelera da jaun eta jabe, eta, itzulpenak egiteko baliabideak ipintzen direnean, euskalduna bereizkerian erortzen da sortzen diren arazo eta denbora epeen ondorioz», salatu du Gaubekak.

Hizkuntza hezkuntzan

Bereziki larritzat jo du  Behatokiak Nafarroan hezkuntzan ematen den egoera, eta argitaratutako txostenean egin du horren inguruko salaketa. Izan ere, erakundearen iritziz, ikasleentzat ia ezinezkoa da euskarazko hezkuntza jasotzea. Gaubekaren hitzetan, «Haur Hezkuntzan ez dute murgiltze eredua bermatuta eta, ondoren, euskarazko eskaintza murrizten doa ia desagertu arte. Ipar Euskal Herrian are gordinagoa da egoera. Esaterako, ikasleek ez zuten baxoa euskaraz egiteko aukerarik izan».

Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza ereduen sistema ere kritikatu du Behatokiko zuzendariak, eta azaldu du ikasleek euskara maila osoa bereganatzea bermatzeko dituen zailtasunak. Haren arabera, «hezkuntzako alor akademikoan ikasleek euskara gaitasun egokia erdiesteak, haur eskola eta unibertsitate mailako hezkuntzan euskarazko eskaintza bermatzeak eta hezkuntza sail osoan zerbitzua, arreta zein barne harremanak euskaraz bermatzeak erronka izaten jarraitzen dute 2019. urtean».

Alarma egoera indarrean jarri zenetik nabarmen egin du gora kexa kopuruak

Alarma egoera indarrean jarri zenetik nabarmen egin du gora Behatokiak jaso duen kexa kopuruak. Hala ohartarazi du Hizkuntza Eskubideen Behatokiak, eta gaineratu du euskara bigarren mailako hizkuntzatzat hartzen dutela erakunde publikoek.

Izan ere, alarma egoera hasi eta ondorengo lauhilekoan zehar covid-19ari lotutako 205 kexa jaso zituzten, iaz epe berean baino %47 gehiago, alegia. Jasotako kexen erdiak baino gehiagok (115) erakunde publikoetan izandako urraketekin dute harremana. Egoeraren larritasunaz ohartarazi eta azalpenak eta zuzenketak eskatzeko gutuna igorri die Behatokiak erakunde publikoei.

Behatokiko zuzendari Agurne Gaubekak adierazi duenez, «salbuespen egoera, ezohiko testuingurua, informazioa lehenetsi beharra, presazko egoera, eta abar; halakoak aitzakiatzat hartuta, erakunde publikoek gehienbat erdaraz igorri dute herritarrentzako informazio garrantzitsua». Hori gutxi ez eta Gaubekak salatu du osasunari zein alarma egoerari lotutako informazioa helarazteko prentsaurreko, buletin zein bestelako bideetan gaztelera eta frantsesa lehenetsi eta euskara alboratu egin dutela.

Era berean, Guabekak azaldu du herritarrentzat eta langileentzat ez dela erraza izan osasungintzan nahiz bestelako sektoreetan gertatutako urraketak salatzea. Haren arabera, «hizkuntza eskubideak gutxietsiak izan dira, eta horren aurrean baldintzatuta sentitu dira hainbat herritar».

Aspaldian hain ohikoa bihurtzen ari den egoeraren gordintasuna aintzat hartuta eta azalpenak eta neurri zuzentzaileak eskatuz, Hizkuntza Eskubideen Behatokiak gutun bana bidali die Nafarroa eta Lakuako gobernuei, Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako arartekoei eta Euskararen Erakunde Publikoko zuzendariari.