NAIZ

Nafarroan euskaraz aritzeko gai diren langileak bermatzeko eskatu du UEMAk Parlamentuan

UEMAk agerraldia egin du gaur Nafarroako Parlamentuan, lanpostu publikoen inguruko txostena aurkezteko, eta euskaraz aritzeko gai diren langileak bermatzeko eskatu du beste behin ere.

Aitor Elexpuru UEMAren zuzendaritza batzordeko kidea, Nafarroako Parlamentuan. (UEMA)
Aitor Elexpuru UEMAren zuzendaritza batzordeko kidea, Nafarroako Parlamentuan. (UEMA)

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kideek agerraldia egin dute gaur goizean Nafarroako Parlamentuan, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako batzordean, Geroa Bai eta EH Bildu alderdiek eskatuta. Iraitz Lazkano UEMAko lehendakaria eta Aitor Elexpuru Berako alkatea eta UEMAren zuzendaritza batzordeko kidea izan dira mankomunitatearen izenean aritu direnak.

Lazkanok eta Elexpuruk gogoratu dutenez, gaur goizekoa UEMAk Nafarroako Parlamentuko batzordeetan azken urteotan egindako bosgarren lan saioa izan da, betiere langile publikoen hizkuntza eskakizunen inguruko txostena aurkezteko, parlamentariei dagozkien azalpenak emateko eta eskaerak egiteko.

Gaurko agerraldian, besteak beste, eremu euskaldunetako lanpostuetan eskakizun elebiduna ez duten lanpostuei eskakizun elebiduna jartzea eskatu dute, «herritarrek langile publikoekin euskaraz aritzeko duten eskubidea berariaz bermatu dadin» eremu euskaldunetan.

UEMAk lehentasunezkotzat jo ditu honako arloetako lanpostuak: osasun arlokoak, liburuzainak, Nafarroako Enplegu Zerbitzukoak, mendizainak, foruzainak, baita Nafarroako Gobernuaren zerbitzu telematikoak ere.

Agerraldia amaitzeko, Nafarroako Euskararen I. Plan Estrategikoan jasotako hitzak gogorarazi dituzte UEMAko ordezkariek: «Udalerri euskaldunetan edo euskararen arnasgune diren lekuetan euskarak gizarte bizitzan duen nagusitasuna zaindu eta sendotu beharrekoa da. Hizkuntza orok kualitatiboki osoak eta trinkoak diren gizarte guneak behar ditu, eta euskarak Nafarroan bereak baditu eta izaten segitu behar du».

Alderdiak, elkarlanerako prest

Lazkanoren eta Elexpururen aurkezpenaren ostean, Nafarroako Parlamentuan ordezkaritza duten alderdiek hartu dute hitza. Agerraldia eskatu duten Geroa Baik eta EH Bilduk lehenik, Navarra Sumak ondoren, eta PSNk azkenik. Podemos-Ahal Duguko ordezkariek ezin izan dute bertan egon.

Geroa Baiko Uxue Barkosek eskertu egin du UEMAren lana eta gaur aurkeztutako txostena, interesgarria ez ezik beharrezkoa ere badela esanez. «UEMAko kide diren Nafarroako udalen ahotsa eta gure erkidegoan arnasgune diren udalen kezkak, beharrak eta eskakizunak» Parlamentura eramateagatik eskerrak eman dizkio UEMAri.

EH Bilduko Bakartxo Ruizek ere eskertu egin du UEMAren agerraldia, «Nafarroako herritar askoren kezka diren gaiak parlamentu honetara ekartzeagatik». Dena dela, UEMA antzeko txostenekin eta gai honekin Parlamentura joaten den 5. aldia dela gogoratu du: «Gai honek ibilbide luzea du Parlamentuan. Beti zarete ongietorriak, baina horrek ere alde iluna erakusten du. Azken zazpi urteetan azterketa eta proposamen ia beretsuekin etorri behar izan duzue. Beraz, ezer gutxi aurreratu da».

Navarra Sumako Iñaki Iriartek ere eskertu egin du UEMAren ekarpena, baina bidean dauden zailtasunak nabarmendu ditu, batzuetan ezinbestean osasun eskubidearen eta hizkuntza eskubideen artean hautatu behar delako, eta horrelakoetan «osasuna hizkuntza eskubideen gainetik lehenetsi behar da».

Azkenik, PSNko Inma Juriok ere eskertu egin du UEMAren ekarpena, UEMAk salatutako eskubide urraketak eta egindako eskariak urteetan errepikatu direla eta, beraz, hizkuntza eskakizunen gaiari azken agintaldietan ez zaiola erantzunik eman esanez. Dena dela, aurrera egiteko borondatea nabarmendu nahi izan du. «Beharbada, plaza batzuetan zaila da tituluak eta postuaren eskakizunak bateratzea. Baina beharrezkoa iruditzen zaigu Nafarroako eremu euskaldunetan euskara sustatzen eta aldarrikatzen segitzea, udalerri horiek arnasgune izaten segi dezaten».