Andoni Arabaolaza

Hilabete baten buruan, bi 9a sinatu ditu Mikel Linacisorok

20 urteko eskalatzaile bergararrak Baltzolan dagoen «Il domani» kateatu berri du. Laugarren 9a du, eta azken bide horrek ekinaldi gutxi eskatu dizkio.

Mikel Linacisoro arrokan oso sasoiko egoteaz gain, erabat eraginkorra izaten ari da. Hilabete baten buruan 9a mailako bi bide egin ditu. Aurreratu genuen bezala, lehena “Obaba” izan zen. Hain justu, urriaren 25ean kateatu zuen. Azaroaren 23an, berriz, “Il domani”.

Badirudi, pandemiaren itxialdia Baltzolan egiten ari dela; izan ere, bi bide horiek eskalada eskola horretan daude. “Il domani”-ri dagokionez, aurreratu behar dugu 20 urteko eskalatzaile bergararrentzat berezia dela. Eta hori diogu marra horrek izan dituen bi protagonista, Patxi Usobiaga eta Adam Ondra, miresten dituelako: «Bide zoragarria zein berezia da niretzat. Ondrak bistan kateatu zuenean, han negoen Patxirekin; ederra izan zen jarduera hori ikustea».

Usobiaga izan zen “Il domani” ekipatu eta haren lehen igoera egin zuen eskalatzailea. Ondrak, berriz, lehen ekinaldian 2014. urtean sinatu zuen; beraz, bistan egin zuen bigarren 9a izan zen.

Hein handi batean, bederen, horrek guztiak Linacisorok Baltzolako marra horretan izan duen ibilbidea markatu du. Alabaina, beste kide batzuk ere gogoan izan ditu: «Ander Lasagabaster “Il domani”-n jo eta ke lanean ikusteak eta eginiko errepikapenek asko motibatu ninduten. Jakina, ezin dut aipatu gabe utzi Joxean Mulas “maisua”. Bide hori probatzen hasi nintzenean, ondoan izan nuen, eta asko lagundu zidan. Berriro diot, horregatik guztiagatik niretzat “Il domani” oso berezia da».

Oso azkar

Baltzolako marra horrekin Linacisorok uzta oparoa du 9a mailan. “Il domani” laugarrena du, eta kontuan hartu behar dugu soilik 20 urte dituela. Nahiz eta duela bost urte lehen aldiz probatu zuen, azpimarratu dezakegu oso azkar kateatu duela. Behintzat, egin dituen azken ekinaldiei erreparatzen badiegu.

Gazte honek onartu du “Il domani”-ren mugimenduak eta sekuentziak nolakoak ziren ikusi zituenean, oso zaila iruditu zitzaiola: «15 urte besterik ez nituen, eta, ufa, gogorregia zen! Lehen saio horien ondotik ez dut berriro probatu. Beraz, bost urte ekinaldirik egin gabe igaro dut. Baina “Obaba” kateatu nuenean, marra horri ekitea erabaki nuen. Nahiz eta duela bost urte saio batzuk egin nituen, sekuentziak gogoan nituen, eta horri esker nahiko azkar kateatzea erdietsi dut. Hilabete bateko ekinaldiak izan dira».

Usobiagak ekipatutako bide horrek 30 metro ditu. Eroria du, eta, ezaugarriei dagokienez, blokeko hainbat sekzio ditu. Horietan pintzak eta erregeleta txikiak nagusi dira. Hain zuzen ere, horietako bat “Il domani”-ren giltza da: «Zalantza izpirik gabe, aitor dezaket erdi aldean dagoen blokeko sekzio hori zailena dela. Hamar zinta eskalatu ondoren, bloke gogor hori gainditu behar da. 7c+ mailako da».

Nahiz eta bidearen giltza hori ondo baino hobeto kudeatu behar den, eskalatzaile gipuzkoarrak ez zuen buruhauste handirik izan “Il domani”-n prozesu azkarra egiteko. Eta, azkenean, azaroaren 23an emaitza iritsi zen: «Hirugarren ekinaldian kateatu nuen. Hiru saio horiek kontuan hartuta esan dezaket nekatuta nengoela, baina den-dena perfektu atera zen. Onartu behar dut bigarren ekinaldiaren ondoren etxera itzultzeko zorian izan nintzela. Baina astebete etxetik irten gabe egon nintzenez, eskalatzeko gogo handiz nengoen. Azken saio hori egitea erabaki nuen, eta primera atera zen».

9a mailako laugarren marra patrikan du. Baltzolan izango ote du hurrengo arrakasta?