Andoni Arabaolaza

Gizakien arrastoa Everesten: gero eta zikinago, zaurituago eta eskalatzeko errazago

Disziplina anitzeko nazioarteko talde batek munduko mendi garaienean ikerketa egin du, eta emaitzek argi erakutsi dute mendizaleen eragina oso inportantea dela. Zortzi mila metrotik gora mikroplastikoak aurkitu dituzte eta oxigeno gehiago dago.

Kirol ikuspuntu batetik begiratuta, Everest urtero notizia bihurtzen da. Baina ingurumenari dagokionez, azken urteotan protagonismo berezia hartzen ari da. Zientzialariek behin eta berriro esan digute munduko mendi garaiena ez dagoela osasuntsu. Eta joan den urtean disziplina anitzeko nazioarteko talde batek eginiko ikerketaren emaitzek horri guztia baieztatzen dute.

Iazko apiriletik ekainera arte, 34 ikertzailek Everesteko gailurrera eginiko espedizio handiena antolatu zuten. “National Geographic and Rolex Perpetual Planet Everest Expedition” izena jarri zioten, eta lan horietan glaziologoek, geologoek, meteorologoek, biologoek eta kartografoek hartu zuten parte.

Xede nagusiaren berri Paul Mayewski zientzialariak eman du: «Geure helburu nagusia zen klima aldaketaren inguruko informazio zientifikoa jaso eta, batez ere, glaziarrak nola aldatzen ari diren aztertzea. Glaziarrek ez dute gezurrik esaten, eta argi geratu da gizabanakoen eragina oso garrantzitsua izaten ari dela. Urtzen ari dira, eta horrek ondorio latzak izaten ditu: luiziak, bioaniztasunaren galera, presio atmosferikoaren igoera, prezipitazioen ereduen aldaketak… Eta, jakina, Himalaiari buruz hitz egiten ari gara».

Hiru hilabete horietan egin dituzten lanetan ohartu dira glaziarren masa edo geruza txikitzen ari dela; gainera, era iraunkor batean. 60ko hamarralditik aurrera, urtero metro bat galdu dute. Owen King glaziologoak dio hori guztia 5.000 metrotik gora dauden glaziarretan ikusi dutela: «Garaiera horretan emaitzak argiak dira, baina badirudi 6.000tik gora ere masa hori galtzen ari direla. Arrazoi nagusia da tenperaturek gora egin dutela. Eta joera hori mantentzen bada, glaziarren egoera kaotikoa izango da».

Mikroplastikoak

Aipatu dugun talde horretan jardun duten zientifikoek azpimarratu nahi izan dute egoera horrek Himalaiako mendiko herrietan ondorio negatiboak izango dituela. King-ek aipatu du herri horiek glaziarren urtzalditik jasotzen duten ura behar-beharrezkoa dutela, batez ere montzoien osteko garaietan: «Khumbuko ibarrean bizi direnek urtzaldi horretatik uraren %65a jasotzen dute. Eta haientzat ezinbestekoa da batez ere urtaro lehorretan. Argi eta garbi dugu egoera horri areagotzen bada, Everesten inguruan bizi diren herriek estres hidrikoa bizi izango dutela».

Ikertzaileen lanek eman duten beste emaitza bat oso adierazgarria egin zaigu: Everesteko kota garaienetan egun oxigeno gehiago dago. Klima gaietan aditua den Tom Matthews-ek aipatu du munduko mendi garaienaren gailurretik gertu dagoen atmosfera berotzen ari dela: «Horrek airearen presioa handitzea ekartzen du. Bide batez, berotze fase horren ondorioz, gailurrean arnasa hartzea errazten du; ez asko, baina mendizaleek nabarituko dute. Hori Everesten gertatzen ari da, baina datu hau beste zortzimilakoetan aplikatu daiteke ere».

Azkenik, talde horrek ohartarazi du Everest mendiaren kota garaienetan mikroplastikoak aurkitu dituztela. Imogen Napper ikertzaileak baieztatu du arrasto horiek kanpaleku nagusian ikustea espero zutela, baina ez, ordea, kota horietan: «Gogoratu behar dugu mendizaleek erabiltzen dituzten jantziak, sokak edo kanpadendak zuntz ezberdinekin osatuta daudela; besteak beste, akrilikoa eta poliesterra. Teknologia oso aurreratuta dago, eta horregatik uste dugu kutsadura hori saihestu ahal izateko, tresneria hori guztia beste era batera ekoitzi egin behar dela. Mendizaleei ohartarazi egin behar diegu munduko mendi altuena kutsatzen ari direla, eta hori ikusi dugu tontorretik oso gertu».