Euskal herritarrek astean hirutan nahiko lituzkete sexu harremanak

Zoriontsuak ote dira euskal herritarrak maila afektiboan? Zer moduzko bizitza sexuala daukate? Zeri ematen diote balioa harreman batean? Kontu garrantzitsuak dira, baina gutxitan ekartzen dira lehen lerrora. Kaixomaitia.eus guneak bigarrenez egin du harreman afektibo eta sexualei buruzko ikerketa.

Azken lau urtean euskal herritarren zoriontasun sexualaren maila igo egin da. (GAUR8)
Azken lau urtean euskal herritarren zoriontasun sexualaren maila igo egin da. (GAUR8)

Euskal herritarron harreman afektibo eta sexualei buruzko ikerketa egin du Kaixomaitia.eus euskaldunon harremanetarako guneak bigarrenez. Lehen ikerketa 2016. urtean egin zuen eta bigarren honetarako datuak aurtengo otsaila eta martxoa bitartean bildu zituzten, itxialdia baino lehen. Kaixomaitia guneak Aztiker Soziologia Ikergunea izan du bidelagun ikerketan eta zenbait galdera erantzutea izan du helburu: Zoriontsuak ote dira euskal herritarrak maila afektiboan? Zer moduzko bizitza sexuala daukate? Nola ikusten dituzte Internet bidezko harremanak? Zeri ematen diote balioa harreman batean?

Hamasei urtetik gorako 8.000 herritarrek baino gehiagok parte hartu dute inkestan. 73 galdera erantzun ditu bakoitzak –anonimotasuna gordeko den ziurtasunaz– eta parte hartzaileen profilak aztertu eta gero, honako unibertso honetan kokatu daitezke emaitzak: 18 eta 64 urteko herritarrak, euskaldunak eta Hego Euskal Herrikoak.

Ikerketa zabala da eta emaitzek zirrikitu ugari zabaltzen dituzte. Baina badira atentzioa ematen duten datuak. Esaterako, bizitza sexualari dagokionez, euskaldun gehienek bizpahiru bikotekide sexual izan dituzte beren bizitza guztian. Emakumeen eta gizonen artean ez da alde nabarmenik igartzen. Nabarmentzekoa da homosexualek harreman sexual gehiago dituztela; %17k beren bizitzan 30 bikotekide sexual baino gehiago izan dituztela esan dute.

Inkestan parte hartu dutenen kasik %70ek azken hamabi hilabetean bikotekide sexual bakarra izan dute eta %10ek bat bera ere ez. Gizonezkoen %11k azken urtean lau bikotekide sexual edo gehiago izan dituzte eta emakumeen %5,7k.

Maiztasunari erreparatuta, euskaldun gehienek –%36,8– astean behin edo bitan izaten dituzte sexu harremanak. Astean behin baino gutxiagotan, %25,7k eta astean hirutan edo gehiagotan, %12,1ek. Hori da errealitatea. Nahia, berriz, bestelakoa da. Erantzun dutenen %44k astean hirutan edo gehiagotan nahiko lituzke sexu harremanak. Euskaldunek batez beste astean 2,97 aldiz nahiko lituzkete sexu harremanak, baina egiatan 0,97 aldiz izaten dituzte.

2016ko datuei erreparatuta, esanguratsua da nahiaren maiztasuna justu toki berean paratu dela oraingoan ere: 2,97 aldiz astean. Aldiz, errealitatean aldaketak eman dira, beherantz. 2016an astean 1,15 aldiz kokatu zen sexu harremanen maiztasuna eta, orain, 0,97 aldiz astean. Aldiz, zoriontasun maila sexuala igo egin da azken lau urtean. 2016an %48k esan zuen zoriontasun maila altua edo oso altua zuela bizitza sexualari dagokionez. 2020an, %56k eman du erantzun hori. Batetik hamarrera, bizitza sexualaren batez besteko nota 6,4 puntutan kokatu da aurtengo inkestan eta 2016koan, 5,79koa izan zen. Beraz, kantitatea eta zoriontasuna ez daude derrigor elkarri lotuta.

Bizitza sexualari lotutako zoriontasun mailari dagokionez, 29 urteren bueltakoek marrazten dute gailurtxoa. Horiek 7ko nota ematen diote beren bizitza sexualari.

«Noiz izan dituzu azkeneko aldiz sexu harremanak?» galderari %10ek «gaur» erantzun diote eta ia erdiek «aste honetan». Baina bostetik batek hilabete edo gehiago darama harremanik izan gabe, horietatik gehienak bikoterik ez dutenak edo dibortziatuak.

Bikotekidedunek ezkonduek baino maizago izaten dituzte sexu harremanak. Ezkondutakoen artean %8,2k ez du sexu harremanik izan azken bi hilabetean.

Lehen harremana, 17-20 urtetan

Euskaldunon erdiek 17 eta 20 urte bitartean izan dituzte sexu harremanak lehen aldiz. %26,3k hamasei urterekin edo gutxiagorekin eta %15,1ek 21 eta 25 urte bitartean. Joera sexualari erreparatuta, bisexualak dira goiztiarrenak eta homosexualak berantiarrenak. Ikerketan parte hartu dutenen %73k izango lituzkete sexu harremanak pertsona bat ezagutu eta lehenengo gauean bertan; %27k, ez.

Sexu bereko pertsonekin sexu harremanak izatearen aukeraz ere galdetu du inkestak. Galdetutakoen artean %30ek jarrera irekia erakusten dute harreman homosexualekiko; %14k izan du era horretako harremanik eta %15ek probatuko luke. 2016ko sexu inkestan baino jarrera irekiagoa sumatzen da.

Harreman sexualak taldean izatearen inguruan, erdiak baino gehiagok ez ditu izan eta ez luke nahi, baina %33,3k izango lituzke. Esperientzia hori probatzeko gogoz daudenen artean, %44 gizonezkoak dira eta %21,9, emakumezkoak.

Masturbazioa ere jarri du mahaiaren gainean ikerketak. 2016ko datuekin alderatuta, kasu guztietan egin du gora masturbazioak. Galdetutako gizonen %98 masturbatzen da; horietatik %94 astero eta %12,4 egunero. Emakumeen kasuan, %91 masturbatzen da; %76 astero eta %2,5, egunero.

Pornografiaren kontsumoari dagokionez, jaitsiera bat eman da lau urtetan. %40k ez du pornografia kontsumitzen; %31k astero behin edo gehiagotan eta %6k, egunero. Adin tarte gazteena da gehien kontsumitzen duena. 45 eta 64 urteko adin tartean, aldiz, %43k ez du pornografia kontsumitzen.

Ikerketan parte hartu dutenen %93k ez dute inoiz ordaindu sexu harremanak izateko. 2016an %87an kokatu zen kopuru hori. Egoera zibilari dagokionez, dibortziatu eta bananduen %13,6k ordaindu dute noizbait, baina 2016an esan zutenen erdiak dira horiek. Gizonezkoen %12,9k ordaindu dute noizbait sexu harremanak izatearen truke; emakumeen %0,2k.

Sexuaren garrantzia

Ikerketan parte hartu dutenen erdiek pentsatzen dute bikote bat sexurik gabe ez dela eramangarria luzaroan. Aldiz, %19k «oso edo guztiz eramangarri» ikusten du horrelako egoera bat.

Maitasunik gabeko sexua begi onez ikusten du ia erdiak. Aldiz, %24rentzat oso zaila edo ezinezkoa da. Homosexual (%58) eta bisexualei (%55) eramangarriagoa zaie maitasunik gabeko sexua heterosexualei (%46) baino.

INTERNET, LIGATZEKO TRESNA ETA TOKIA

Sexu inkestan parte hartu dutenen gehiengo zabalak, %86k, pentsatzen du Internetek harremanak izaten laguntzen duela. %23k eman du izena noizbait harremanetarako webgune batean; gehienak 30-44 urte bitartekoak eta gizonezkoak. Homosexualak dira webgune horietan izena gehien ematen dutenak, bisexualak ondoren eta heterosexualak azkenak. Mesfidantza eta lotsa dira webgune horietan izena ez emateko arrazoi nagusiak. Baina adinean aurrera joan ahala, horiek galdu eta Internet ohiko eremu bihurtzen da harremanetarako, «tabernak eta kalea bezala».

Gehiengo zabalak, %70ek, urtean pare bat aldiz edo gehiagotan erabiltzen ditu webgune horiek eta %11k, egunero. Sexua da %61en hitzetan webgune horietan bilatzen dena. Gizonezkoak dira bilaketa horretan gehiengoa, %74, emakumeen bikoitza ia (%39). %37k epe luzerako bikotekidea bilatzen du eta %36k kuxkuxean ibiltzeko aitzakia.

Harremanetarako webguneetan izena eman duten gehienek (%85ek) ez dute inoiz zerbitzu horren truke ordaindu.

IÑIGO ARANDIA:

«Guretzat garrantzitsua da sexualitateari buruz edukiak euskaraz sortu eta zabaltzea»

 

 

2016an egin zenuten lehenengoz sexu inkesta eta orain errepikatu egin duzue.

Gure asmoa bazen ikerketari jarraipena ematea, garapena ikusteko. Gure kasuan, ditugun baliabideak kontuan izanda, lau urteren buruan errepikatu dugu, norabide bat ikustearren. Hala ere, ez da hain erraza joera bat sumatzea, orduan parte hartu zutenak eta aurtengoan parte hartu dutenak ez direlako pertsona berak. Bai esan dezakegu aurtengo inkestan askoz jende gehiagok parte hartu duela, hiru aldiz gehiagok. Horri balioa ematen diogu, ikerketak interesa piztu duelako eta datua esanguratsua delako: 8.000 lagunek 73 galderako inkesta bat bete dute, hasi eta buka.

Hortik aurrera, ikerketak eman dituen ondorioak orokortzea arriskutsua dela dakigun arren, 2016koarekin parekatuta emaitzak kontserbadorexeagoak direla ikusi dugu. Horrek atentzioa eman digu. Egia da, hala ere, tentuz ibili behar dela horrelako ondorioak mahai gainean jartzeko orduan. Oraingo edizioan, adibidez, euskaldunek askoz gehiago parte hartu dute, aurrekoan baino gehiago. Ikerketaren iturri nagusia “Egunean Behin” jokoan egindako gonbidapen batetik etorri da. Horrek nolabait baldintzatu ahal izan du emaitza. Baina, oro har, jarrera kontserbadoreagoa sumatzen da; harreman irekien inguruan, Interneten erabilerari buruz…

Interneten erabilera harremanak topatzeko orduan. Inkestaren arabera, jaitsi egin da 2016tik hona.

Bai, jaso ditugun datuek hori diote. 2016an %34k esan zuen noizbait izena eman zutela harremanetarako webgune batean eta, aurten, %23k esan du. Hala ere, datu horiek lupaz aztertu beharko genituzke hor atzean benetan dagoena ikusteko. Adibidez, jaitsi egin da harremanak izateko webgune batean izena emateko dirua ordainduko luketenen kopurua. Baina horrek ez du esan nahi ez luketenik emango, baizik eta ez luketela ordainduko. Horren atzean akaso beste gauza bat dago; sareko zerbitzuen truke ordaintzeko ohitura falta, esaterako. Eta Tinder, adibidez, ez duzu ordaindu behar. Akaso duela lau urte jende gutxiagok ezagutzen zuen Tinder orain baino. Horregatik zaila da ondorioak ateratzea, erantzun bakoitzaren atzean arrazoi desberdinak baitaude.

Sexualitateari buruzko ikerketa batek normalean aipatzen ez diren gaiak jartzen ditu mahai gainean. Horregatik bakarrik garrantzitsua da sexu inkesta, ezta?

Zalantzarik gabe. Baina jakitun gara oraindik kosta egiten zaigula gure sexualitateari buruz modu irekian hitz egitea. Hori dela eta, garrantzi berezia eman diogu anonimotasunari galdeketa egiteko orduan. Galdeketaren izaera horrek berak asko zailtzen du teknikoki ikerketa egitea. Ez da posible norbaiti telefonoz deitu eta ea masturbatzen den galdetzea, adibidez.

Guk sexualitateari garrantzia eman nahi diogu, sentsazionalismoak aparte utzita, badakigulako euskal herritarren inguruko estereotipoek ez dutela islatzen berez sexualitatearekin daukagun harremana. Horregatik datuak jarri ditugu mahaiaren gainean, ikerketak azaltzen dituen egoerei eta errealitateei buruz hitz egiteko hedabideetan, bikotean, lagunartean...

Arrazoi horregatik ikerketaren eduki guztiak Creative Commons lizentziapean plazaratu ditugu, modu askean zabaldu eta argitaratzeko. Horrez gain, gure blogean eta sare sozialetan ere joango gara ikerketaren berri ematen iruzkinen bitartez. Eta Elkarrekin batera “Kontaketa Erotikoen Lehiaketa” ere martxan daukagu oraintxe.

Guretzat oso garrantzitsua da eduki horiei buruz euskaraz aritzea, sexualitateari buruz edukiak euskaraz sortu eta zabaltzea. Horri ere balio handia ematen diogu, euskarak balio duelako sexualitateari buruz ikertzeko, hausnartzeko, hitz egiteko... Guk guri buruz hitz egin nahi dugu.