NAIZ

«Hormigoiaren mafia» salatzeko Donostiako Metroaren zuloak tapatu dituzte

«Hormigoiaren mafia» salatzeko Donostiako Metroaren obrak direla eta nahita eragindako zuloak tapatu dituzte pankartak zabalduz gaur egin duten ekintzan. «Lan hauek herritarron benetako beharrei ez diete erantzuten», esan dute.

Donostiako Metroa direla eta nahigabeko zuloak sortzen direla jakina da. Halere, asko dira obra hauek direla eta nahita egiten ari diren zuloak. «Hormigoiaren mafia» salatzeko asmoarekin ekintza egin dute gaur nahita egindako zulo horiek pankartekin estaliz. «Donostiako metroko zulo guztiak pankarten bidez zigilatu ditugu, batetik, lan hauek gelditu behar direla salatzeko; eta bestetik, lan hauek adierazten duten guztia seinalatu eta euskal errepublikaren beharra mahaigaineratzeko», azaldu du euskal errepublikaren aldeko Ehun mugimenduak.

«Lan hauek herritarron benetako beharrei erantzuten ez dietelako inguratu ditu polemikak. Gainera, azken hilabetetan ikusten ari garen moduan, lurraren ezegonkortasunak kezka handitu egin du. Metroaren zuloak, frankismotik datorren eta 78ko erregimenarekin jarraitu duen sare klientelar mafiosoaren adierazlerik ilunenak dira. Sare klientelar honen xedea, baliabide publikoak esku pribatuetara pasatzea da. Horretarako, hamarkada luzeetan zehar, lotsarik gabe, benetako beharrei erantzuten ez dieten lan publikoak erabili dituzte. Hori gertatu da, 78ko erregimenak berak, legearen bitartez, ez bakarrik lapurreta hau baimendu, baita ere bultzatu egiten duelako», nabarmendu du Ehunek.

«Ez dugu bizitzen jarraitu nahi, denon ongizateari beharrean, gutxi batzuen poltsikoari garrantzi gehiago ematen dion Estatu batean. Hamarkada luzeetako praktikak erakutsi digun moduan, Espainian ez dago guzti hau konpontzeko aukerarik. Mafiakrazia Espainiaren esentzia da. Horregatik, Ehunetik uste dugu, denona dena lapurtzen ez duen mafiarik gabe bizi eta publiko-komuna babestuko duen markoa euskal errepublikak bakarrik eman diezagukeela. Hori dugu helburu», gaineratu du Ehunek.