NAIZ

Irakasleek maskara erdi-gardenak erabiltzea eskatu dio Lakuari HaurrakEreBaik

Maskara kirurgiko, FFP2 eta gisakoak adingabekoen hezkuntza-lana zailtzen duela iritzita, HaurrakEreBai plataformak dokumentu bat bidali du EAEko Hezkuntza sailera, irakasleek maskara erdi-gardenak erabiltzea ahalbidetu dezan eskatzeko.

Haurrak Bilboko Intxitxu ikastolan eta irakaslea maskara kirurgikoarekin. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)
Haurrak Bilboko Intxitxu ikastolan eta irakaslea maskara kirurgikoarekin. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)

HaurrakEreBaitik dokumentu bat bidali du Lakuako Hezkuntza sailera, horrela nahi duten edo beharra sentitzen duten irakasleek maskara erdi-gardenak erabiltzea baimendu dezan eskatzeko.

Plataformak nabarmendu du ikastetxeetan kutsatze tasak «bereziki txikiak» direla, eta FFP2 maskarak, kirurgikoak eta gisakoak uneoro erabiltzeak ikastetxeetako hezkuntza-lana zaildu dezaketela, hizkuntza hitzezkoa zein ez-hitzezkoaren garapena oztopatzen dutelako.

Modu berean, euskaraz ez dakiten ikasleen ikasteko prozesuan ere eragiten duela ohartarazi du, «batez ere 2-5urte bitartean, hizkuntza eskuratzeko oinarriak finkatzen baitira, euskara ikasteko eskubidea oztopatzen delarik».

Horrez gain, hezkuntza-premia bereziak dituzten haurrei «espresioa ikusten uzten ez duten» maskarak derrigortzea «ulertezina» deritzo.

Hortaz, egungo araudiak, nahitaez erdi-gardenak ez diren maskarak erabiltzea behartzen duenak, «eragin zuzena du euskal hezkuntza-sisteman, berau diskriminatzailea eta bereizlea bilakatuz», HaurrakEreBaik ohartarazi duenez.

Maskara erdi-gardenek, aldiz, bakterioen iragazketan %91eko eraginkortasuna izateaz gain, ezpainen irakurketa eta aurpegi adierazpenen bistaratzea ahalbidetzen dutela agertu du plataformak.