Andoni Arabaolaza

Angela Eiter, isil-isilik, 9b maila gero eta gehiago zorrozten ari da

Angela Eiter  austriarrak «Madame Ching» bidearen lehen igoera sinatu du. «La planta de Shiva» marraren zailtasunarekin (9b) alderatu du. Garaiera txikiko eskalatzaile honek garaipen eta titulu itzelak erdietsi ditu.

Eskaladako lehiaketetan jarduten zuenean, apenas ateratzen zuen zaratarik Angela Eiter austriarrak. Ez gara hasiko zerrendatzen mundu zabalean lortu dituen arrakastak, besteak beste, asko direlako. Soilik esan dezakegu garaiera txikiko eskalatzaile honek garaipen eta titulu itzelak erdietsi dituela.

Arrokan ere, tonu bera mantendu du. Bederatzigarren mailan sartu zenetik, goi mailako makina bat igoera egin ditu. Eta horiek guztiak ere isi-isilean egin ditu. Izaera kontua izango da. Duela hiru urte, ‘La planta de Shiva’ bidea (Villanueva del Rosario, Malaga) kateatu zuen. 9b maila lortzen zuen munduko lehen emakumea bihurtu zen. Eta beste behin, ia zaratarik atera gabe. Austriarrak 31 urte zituen, eta historia egin zuen.

“La planta de Shiva” igo ondoren, Eiter «desagertu» egin zen. Bederatzigarren graduko beste igoera batzuen berri eman zuen, baina horiek guztiak ia oharkabean igaro ziren. Orain, berriz, bere ibilbidean beste urrats bat egin du. Etxetik oso gertu (Tirol austriarra), Bernie Ruch senarrak ekipatutako “Madame Ching” marrari puntu gorria jarri dio.

Nahiz eta lehen igoera den, protagonista honek ez du zehaztu bide horrek duen zailtasuna. Hots, ez du proposamenik egin. Alabaina, “La planta de Shiva” bidearen graduarekin alderatu du: «Normala denez, ‘Madame Ching’-ek duen zailtasunaren inguruan galdetu didate. Nik ez dut zenbaki bat bilatzen. Neure mugetan dauden erronkak maite ditut, eta horregatik zailtasunaren inguruan gero eta gutxiago hitz egiten dut. Kasu batzuetan zenbaki eta letra okerrak eman ditut; nahastu egin naiz. Hala eta guztiz ere, zer edo zer aipatu behar dut. Indar-erresistentziazko marra bat denez eta ezaugarri horietara ondo moldatzen naizenez, duela hiru urte egin nuen ‘La planta de Shiva’ bidearen mailarekin alderatzen dut».

«Madame Ching» duela hilabete batzuk

Harrigarriena edo bitxiena da jarduera hori ez duela azken egunotan edo asteotan biribildu. “Madame Ching” duela hilabete batzuk kateatu zuen, eta berria orain arte isilean mantendu du. 9b zailtasunekoa dela baieztatzen bada, beste behin Eiterrek urrezko pasarte historiko bat idatziko luke. Eta hori diogu maila horretako bide guztien lehen igoerak gizonek egin dituztelako. Horretan ere, austriarrak beste ukitu bat eman dio kirol eskaladaren historiari. Gogoratu behar dugu Eiterrekin batera solik bi neska heldu direla maila horretara: Laura Rogora “Ali Hilk extension total sirt start”-ekin (Rodellar) eta Julia Chanourdie “Eagle 4”-rekin (St. Leger du Ventoux). Biek ala biek aurten lortu dute arrakasta hori.

Antza denez, Madame Ching inoiz izandako pirata arriskutsuenetariko bat izan zen, eta horregatik jarri dio austriarrak, parabola moduan, pirata txinatarraren izena kateatu duen 9b mailako marrari: «Madama Ching piratak nazio oso indartsuekin borrokatu zuen, eta nik, berriz, bide zailekin. Ni ez naiz emakumezko indartsuena. Txikia naiz, baina pozarren nago beste neska batzuei frogatu diedalako lanarekin haiek ere helburuak bete ditzaketela».

Marra berezi bat urte berezi baterako. Arestian aipatu dugu Eiterren senarrak ekipatu zuela bidea. 2018. urtean izan zen. Ekipatzeaz gain, Eiterri puntu gorria jartzeko aukera eman zion. Lehen mugimenduak eta sekuentziak probatzen ari zela, lerrootako protagonistak marraren katera erorikorik gabe iristea oso urrun ikusi zuen: «Lehen ekinaldietan ohartu nintzen zaila baino zailagoa zela, eta, horregatik, muturreko jarduera hau umiltasunez hartu nuen. Makina bat eroriko izan nituen, eta une zehatz batean bide horretan erabat galduta egon nintzen. Baina pixkaka-pixkaka etekinak ondo kudeatzen hasi nintzen. Sekuentzia batzuetan aldaketak egin nituen, eta metodo eraginkorrena bilatu. Sekuentzia batzuk lotzen hasi nintzen, eta, erritmo horri eutsi eta gero, azkenean ‘Madame Ching’ kateatzeko aukera izan nuen. Ezin nuen sinetsi. Gainera, gogoratu behar dut pandemia iritsi eta lehen itxialdiarengatik ekinaldiak aparkatuta izan nituela».

Urteko proiektua

Covid-19 gaitzak eragindako egoera tamalgarriak jarduera asko kolokan jarri baditu ere, Eiterrek jakin izan du bide horretan egin dituen saioak ondo neurtzen. Eta eraginkortasun horrek urteko xede nagusia biribiltzera eraman du. Eskalatzaileak berak onartu du marra horretan egin duen lana ez dela batere samurra izan: «Erronka oso handia izan da. Maila horretako marra guztiak oso markatuta daude. Hots, helduleku guztiek magnesioa dute, eta, beraz, heldulekuak jarraitu eta askatzen saiatzea da helburu nagusia. ‘Madame Ching’ bidean, aldiz, den-dena garbi zegoen. Eta nik neuk mugimendu eta sekuentzia guztiak bilatu behar izan ditut. Hori gutxi ez, eta arrokaren kalitatea ez da oso ona. Helduleku batzuk ez askatzeko, Berniek hainbat sika jarri zituen. Antzeko egoera ‘La planta de shiva’ bidean ere aurkitu nuen. Marra oso luzea da, baina magnesioaren arrastoak bertan zeuden. Hala ere, hainbat zatitan nire metodoak bilatu behar izan nituen. Izan ere, nire aurretik marra hori igo zuten bi gizonezkoak ni baino askoz altuagoak ziren. Eta horregatik beste mugimendu batzuk asmatu behar izan nituen».

Kateatu duen “Madame Ching” bidearen inguruan, Eiterrek aurreratu du nortasun handiko marra dela: «Estiloari dagokionez, erresistentzia da ezaugarri nagusia. Eta hiru giltza ditu. Lehenean, irrist egiten duen zulo batera egin behar duzu salto. Bigarrenak, potentzia handiko mugimenduak ditu. Eta hirugarrenak, sorbaldari lan handia eskatzen dion mugimendu gogor bat du».

“Madame Ching” bideak dituen ehun mugimenduak lotu zituen “D egunean”, Eiterrek ez zituen baldintza egokiak izan: «Euria egin zuen, eta heldulekuak bustita zeuden. Lehortu ondoren, azken ekinaldiari ekin nion. Ekaitz elektriko baten arriskua gainean nuen, baina, zorionez, dena ondo irten zen».