Andoni Arabaolaza

Aleksandra Taistra, itxialdiari zukua atera dion eskalatzailea

Eskalatzaile poloniarrak Sardinia izan du kokagune berezia, eta hango hormatzarretan goi mailako hiru bide sinatzeko aukera izan du: «Unchinos», «Amico fragile» eta «Mezzogiorno di fuoco». Hiru lerro horiek 8b maila dute. Azkenak buruari asko eskatu dio.

Aleksandra Taistra eskalatzaile poloniar indartsua da. Nahiz eta kirol eskaladan lehen lerroan ez dabilen, 8c+ zailtasunera heltzea erdietsi du. Alabaina, azkenaldiotan egin dituen eskalada esanguratsuenak modalitate horretatik at egon dira. Hormatzarretako eskalada xede izan du, eta, 2019an, adibidez, Sardinian dagoen “Hotel Supramonte” (8b, 400 m) biribiltzea erdietsi zuen. Paraboltekin ekipatuta dagoen marra horrek 11 luze ditu eta haren egileak Rolando Larcher eta Roberto Vigiani izan ziren. Zalantzarik gabe, kalitate handiko bide gogor bat ireki zuten, eta eskalatu dutenek berresten dute Europako ederrenetarikoa dela.

Ordura arte, Taistrak apenas eskalatu zituen murru luzeak, baina “Hotel Supramonte”-ren inguruan entzundako guztiak harrapatu zuen: «Bindhammer eta Krorr eskalatzaileen argazkiak zein Barbara Zangerlen pelikula bat ikusi nituen. Paretako eskaladan hasteko, marra hori oso inspiratzailea izan zen. Gainera, Roger Schaeli suitzarrak bide horretan sartzera animatu ninduen, eta pribilegiatua sentitu nintzen».

2019. urteko urrian 11 luze horiek erorikorik gabe kateatu ondoren, eskalatzaile poloniarra hormen erakargarritasunak harrapatu zuen. Kirol eskalada praktikatzen jarraitu du, baina, arestian aurreratu dugun bezala, lortu dituen emaitza nagusiak murru luzeetan sinatu ditu. “Hotel Supramonte” bidean bezala, joan den urtean igo dituen beste hiru bide gogorrak ekipatuta daude. Hori bai, nortasun handiko marrak dira.

Hormatzarretako bideetan izan zuen lehen eskarmentua Sardinian kokatzen da. Eta bitxia bada ere, azken hilabeteotan erdietsi duen uzta herrialde horretan jaso du. Pandemiaren lehen itxialdia iritsi zenean, Taistra uharte horretan zegoen. Agintariek hartutako neurriek han gelditzera behartu zuten, eta, badirudi, ez zitzaiola batere gaizki iruditu. Izan ere, “Unchinos” (8b, 185 m) eta “Amico fragile” (8b, 230 m) bideak kateatu zituen.

Bi marra horiek patrikara sartu ondoren, pandemiak eragindako neurriak zer edo zer leundu eta bere bizilekura, Italiara, itzuli zen. Baina Sardinian beste xede bat zintzilik utzi zuen, eta azken bolada honetan hura askatzen saiatu da. Saiatu eta lortu. “Mezzogiorno di fuoco” (8b, 270 m) izan da bere azken jarduera azpimarragarriena. Gainera, aipatu ditugun beste bi marra horiekin alderatuta, azken horrek askoz ere nortasun handiagoa du. Paraboltak dituenez, ez da “arriskutsua”, baina balizko eroriko handiak ditu (10 metrokoak).

Ez da kasu bakarra, izan ere, mendiko kirolari askok bezala, Taistrak urte berezia izan du. Ia-ia Sardiniatik irten gabe egon da, eta itxialdi guztiei zukua atera die. Horrela adierazi du eskalatzaileak berak: «Bikotearekin Italian bizi naiz, eta Sardiniara egin genuen lehen bidaian irla horrekin erabat maitemindu nintzen. “Hotel Supramonte” eskalatzea giltzarri izan zen, baina Sardiniak makina bat murru luze eta goi mailako bidea ditu. Gertatu zena da ezustean koronabirusa heldu zela, eta harekin lehen itxialdi gogorra. Egoera latz horrek Sardinian bertan harrapatu gintuen, eta handik ezin ginen irten. Erabat blokeatuta geratu ginen. Denera, bi hilabete eta erdi izan ziren. Santa Maria Navarresetik hilabete bat atera gabe egon ondoren, Interneten bidez ezagutu nuen Lotzoraiko eskalatzaileen komunitatea. Asko lagundu ninduten, eta, era batera edo bestera esanda, nire familia bihurtu ziren. Alokatuta nuen etxean gogor entrenatu nintzen. Itxialdia bukatzean, etxera itzultzeko aukera izan nuen, baina Sardinian beste lau astez gelditu nintzen. Ez nengoen batere sasoiko; izan ere, une jakin horretan arrokan nuen maila 7b-koa zen. Hala eta guztiz ere, hainbat xede gogor probatzera ausartu nintzen».

«Buruarekin borroka»

Maiatzaren azken egunak ziren, eta poloniarrak ondo baino hobeto zekien ekainean horma luzeetan eskalatzea ez zela egokiena. Baina ohiko kondizioei ez zien jaramonik egin, eta “Unchinos” marra probatzen hasi zen. Luca Giupponi eta Maurizio Ovigiliak sortutako marra hori ez da oso luzea, baina gehienez 8b maila du. Gainera, bidearen giltza lehen luzea da. Hori bai, haren sei luzeetatik, 8b horrez gain, bat 7c+ mailako luzea da eta beste bi, 7c zailtasunekoak.

Bide horretara hurbildu zenean, Taistra ohartu zen nahiko zikina zegoela: «Lehen egunak bide hori garbitzen igaro nituen; izan ere, denbora luzea zen handik inor pasatu gabe zegoela. Marra hori bakarrik lantzeko ez da batere egokia; izan ere, eroria du eta zeharkaldi bat ere. Gianfranco Boirekin hartu-emanetan jarri ninduten, eta sei egunez jo eta su ibili nintzen. Udako tenperaturak zeudenez, ekinaldiak oso goiz egiten hasten nintzen. Berez, ez da luzea, baina luze bakoitzak blokeko sekzio zailak ditu. Eguzkiarekin borroka interesgarria izan nuen. Hura agertu aurretik 7c+ maila duen luze tekniko bat eskalatu behar nuen. Eta horregatik ia beti ziztu bizian jardun nuen. “Unchinos” asko gustatu zitzaidan. Denetarik du: kirol eskaladako ohiko eiteak, mendiko eskalada arroka ez oso onarekin... Eta azken luzea (7b+) erokeria hutsa da, besteak beste, txapen arteko distantzia handia da eta hobe da erorikorik ez izatea».

Hurrengo erronkarako bide horrek erabat motibatu zuen, eta bikotearekin “Amico fragile”-n sartu zen. Besteak beste, Matteo della Bordellaren proposamena da: «Behin betiko ekinaldian ordu eta erdi igaro nuen bidearen giltza erabat biribiltzeko. Bazirudien marra hori eskura nuela, baina jakin banekien azken hiru luzeetan paraboltak oso aldenduta daudela. Konpromiso hori pixka bat leuntzeko, friend eta fisurero batzuk erabili nituen. Mendiko eskalada izaera duen sekzio horretan den-dena eman behar izan nuen».

Bi helburu horietan arrakasta lortu ondoren, Taistra etxera itzuli zen. Uda osoan beste eskalada batzuetan murgilduta egon eta gero, gure protagonistak udazkenean Sardiniara itzultzea erabaki zuen.

Esku artean beste helburu erakargarri bat zuen: “Mezzogiorno di fuoco”. 270 metro eta 8b maila. Beste bi bideekin alderatuta azken horrek askoz ere nortasun gehiago du. Punta Giraldinin dagoen marra hori Rolando Larcher, Maurizio Oviglia eta Roberto Vigianik zabaldu zuten. Hirurak hormatzarretako espezialista handiak dira.

Eta nortasun handia duela diogu, parabolten arteko distantzia oso handia delako. Horren guztiaren inguruan Taistrak honakoa esan du: «Zailtasunari begiratzen badiogu, gehienez 8b (bigarren luzea) eskalatu behar da. Laugarren luzea ere gogorra da: 8a/+. Baina zalantzarik gabe neure buruarekin gogor borrokatu behar izan nuen. Jarduera horren giltza arriskua izan da. Nire muga mentalak gainditu nituen. Hamar metroko balizko erorikoak kudeatu behar izan nituen, eta horrek nire sasoian eragin zuzena izan zuen. Une jakin batzuetan, erronka hori alde batera uzteko zorian egon nintzen, baina nolabait burua indartu eta aurrera jarraitzera behartu nuen. Erabaki zuzena izan zen».