Xabier Izaga

«Erronkari ibaxako ainariak», Mauleko espartin fabriketara joaten ziren neskak

Hamarkada askoan Zaraitzu, Erronkari eta Anso ibarretatik Maulera lan egitera joaten ziren «ainarien» hegaldia isildua egon zen, baina azken urteetan memoria berreskuratu eta urtero omentzen dituzte.

Joseba Urretavizcaya
Joseba Urretavizcaya

Ainariak» esaten zieten; alegia, ainarak edo enarak, baina horren izen poetikoaren atzean bizimodu latza zuten, eta beren hegaldi luzetik isiltasuna baino ez zitzaien geratu. Fernando Hualde ikertzaileak eta Joseba Urretabizkaia argazkilariak Erronkaribarren isiltasun hori hausteko egin duten lanari segida emanez, liburu eder bat argitaratu dute ainara haien omenez: “Erronkari ibaxako ainariak” (Xibarit, 2020). «Beharrezko lana».

Erronkaribar, Zaraitzu eta Aragoiko Anso ibarretako ainarak 1850 eta 1930 bitartean urtero egiten zuten Pirinioen alde batetik besterako ibilbidea, negua Mauleko espartin fabriketan lanean emateko, biziki lanaldi luzeetan. Hegodunak bezala, udazkenean abiatzen ziren eta, hegodunak bezala, udaberrian itzultzen. Pirinioetako bide malkarrei ez ezik, hango eguraldi latzari ere aurre egin behar izaten zioten: hotzari, haizeari, euriari edo elurrari. Neska gazte haietako batzuk hotzez hil ziren bidean.

Joan den mendeko bigarren hamarraldiaren bukaerako krisiak eta janzkeraren bilakaerak emakume haien jarduna amaiarazi zuen, eta oinezko hegaldi isil haien lorratz bakarra isiltasuna izan zen.

Ainaren memoria berreskuratzen

«Erabateko isiltasunean geratu zen neska haien jardun hura. Inork ez zuen horretaz hitz egiten», dio Fernando Hualdek. Izan ere, espartingileen bidaia horiek ez zuten onarpen sozial handirik, protagonistak familia xumeetako kide ziren seinale. Behar zutelako joaten ziren, bizibidea lortu edo ezkontzeko arreoa prestatzeko tresnak erostea xede zutela. Zenbait hamarkada igarota, ordea, bizimodu tradizionala desagertu ahala, emakume haiek ikusi zuten nola artzainak, abelbideetan barrena ardiekin ehunka kilometro egindakoak, gogoratu eta aintzatesten zituen jendarteak. «Nolabait heroiaren pareko aintzatespena zuten», dio Hualdek, «eta zer esanik ez ibaian behera joaten ziren almadiazainek. Haiei mota guztietako omenaldiak, dokumentalak eta abar egiten zizkieten. Ainarez, aldiz, inor ez zen oroitzen. Hori da errealitatea».

XX. mendearen bukaeran hasi ziren Erronkaribarren emakume haien berri entzuten, baita haien inguruan ez dela ezertxo ere egin zioten ahotsak ere. 1990ean, Ainaren historia berreskuratzeko lanari ekin zioten Kebenko elkarteak eta ibarreko zenbait emakumek, eta duela bi hamarkadatik hona zeregin horri batu zitzaizkien Izabako Kurruskla elkartea, Hualde kide duena, Burgiko La Kukula eta Bidankozeko Bidankozarte proiektua. Kultura taldeok, “Ainarak” proiektuarekin batera, testigantza asko bildu eta emakume haietako asko identifikatu dituzte.

Hualdek dioenez, konturatu zirenean ainara haietako oso gutxi zeudela bizirik, «zerbait mugitzen hasi zen». 1999an Izaban, Uskararen Egunaren barnean, lehen omenaldia egin zieten ainarei. Haietako sei izan ziren bertan, nafarrak eta aragoiarrak. 2002an Burgin beste omenaldi bat egin zieten, eta 2005ean beste bat. Emakume haiek desagertzear ziren, eta horrek akuilatuta, haien eta ibar haietako historiaren zati horren gainean lan egitea erabaki zuten.

Ainararen Eguna

«Ainara batzuen oroitzapenak eta lekukotasunak grabatuta genituen. Liburu bat ere bazegoen, ‘Mémoires d’hirondelles’, Veronique Intxauspek idatzi eta Ikerzaleak eta Uhaitza Zuberoako elkarteek argitaratua. Erronkaribarren eta Zaraitzun ainaren historia ikertzen ari ginenon laguntza izan zuten historia nolabait osatzeko», gogoratu du Hualdek. Ordutik, emakume haiek desagertu diren arren, ibarrean aitorpen ekitaldirik falta ez dadin saiatu izan dira.

2010eko udaberrian, Erronkaribarko Janzkeraren Egunaren lehen edizioan, ehun urte lehenagoko ainaren itzulera izan zitekeena antzeztu zuten, udaberrian herrira iristean familiarekin elkartzen zirenekoa. Bestelako omenaldiren bat ere egin zieten, eta 2017an Ainararen Eguna instituzionalizatu zuten Izaban.

Egun horretan, espartingileen abiatzea antzezten dute. Urrian, Arrosarioko Amaren egunean abiatzen ziren. Erronkaribarko edo Zaraitzu edo Anso ibarretako herrixkaren batetik ateratzen ziren neska haiek Izaban biltzen ziren. Urtero egiten duten antzezpenean, garai hartan bezala Elizan ez dute argindarrik erabiltzen, kandelak baizik. Emakumeek, beltzez jantzita, arrosarioa eskuan otoitz egiten dute; pulpitutik, apaizak sermoia… Arrosarioa amaitutakoan, plazara irteten dira eta ttun-ttun dantza egiten dute, antzina bezala. Erronkaribarko dantza hori XX. mendearen lehen hamarkadetan galtzen joan bazen ere, gaur egun berreskuratuta dago.

Ainarak, plazako dantzaren ostean, etxez etxe familiari agur esatera joaten ziren, arropak eta beste gauzatxoren bat bilduta eramateko fardeltxoa hartu eta Belaguan gaindi, Juan Pito bentatik, Pirinioen beste aldera igarotzen ziren. «XIX. mendean, kondizio penagarrietan egin behar izaten zuten bidea», dio ikertzaile izabarrak, eta bidaia haietako batean gertatu zen tragedia ikaragarria kontatu digu: «1892ko udazkenean talde bat irten zen Jaurrietatik [Zaraitzu] familiari agur esan ondoren. Urte elurtsua zen. Urtarrilean gutun bat iritsi zen Mauletik Jaurrietara. Harrituta zeudela zioen, urtero joaten ziren neskak urte hartan ez zirelako joan. Berehala irten ziren haien bila eta mugaren pareko borda batean, Otsagabiako lurretan, neska haietako batzuen gorpuak aurkitu zituzten, elkarri eskutik helduta. Elurra urtu zenean, bordaren inguruan gorpu gehiago aurkitu zituzten». Horregatik, Izaban ainarei omenaldia egiten dietenean, elizatik irten eta plazara ttun-ttuna dantzatzera doazenean, Jaurrietako neskek “Axuri beltza” beren herriko dantza egiten dute bertan.

Izabako antzezpenean herriko jendeak parte hartzen du. Izan ere, «gai honen inguruan, eta liburu honetan, garrantzitsuena emakume haien ondorengoei protagonismoa ematea da, eta hemen gehienok daukagu ainarekiko lotura zuzena», dio Hualdek. Berak ere parte hartzen du, apaiz jantzita, eta bera ere emakume haietako baten ondorengoa da, amona ainara izan baitzuen. «Hemen, amona ez zuenak birramona zuen; horrenbestez, aitorpen honek garrantzi berezia du».

Aurten, paperezko omenaldia

Hiru urtez egin dute antzezpena. 2020an, ordea, pandemiak behartuta, urteroko omenaldia bertan behera geratu zen ezinbestez. Egun batean, Hualdek Joseba Urretabizkaia tolosarraren telefono dei bat jaso zuen. Irratian elkarrizketa bat entzun zuela esan zion, Hualderi egin zioten elkarrizketa, hain zuzen, eta Erronkaribarko ainaren historiaren gaineko halako beharra sortu zitzaiola. Lehen ideia herriz herri eta espartingileak joaten ziren bideetan barrena joatea izan zen. Izaban hasi ziren, Hualderen etxean, hain zuzen, bertan baitaude haren amonak erabiltzen zituen lanabesak. Hura ikusi bezain laster hasi omen zen Urretabizkaia argazki kamera astintzen: «Tresna pila bat atera eta argazki izugarri onak egiten ikusi nuen», dio Hualdek, eta hurrengo astean enaren abiatzearen antzezpen bat egitea proposatu zion. Halaxe egin zuten. Hogeitaka lagunek parte hartu zuten, XIX. mendeko jantziak soinean, eliza eta dena horretarako xeheki prestatuta. «Sekulako argazki erreportajea egin zuen Josebak», gogoratu du Hualdek. Liburuan agertzen direnak ainara haien ondorengoak dira. «Egun batean, laino ikaragarria zegoela, neska talde bat eraman genuen, euripean, Arrakogoiti aldera. Manta batez babesten ziren euritik. Garai hartan ez zegoen aterkirik».

Pozik ageri da Urretabizkaiak egindako lanarekin. Haren argazkietan agertzen diren lagun guztiak biltzen dituen poster bat egin zuen, eta ale bana oparitu zien. «Oso adeitsua da».

Covid-19ak ez zien ainarei omenaldia egiten utzi, «baina guk, hari muzin eginda, liburu formatuan egitea erabaki genuen. Luxuzko liburu bat, luxuzko emakume batzuei eskainia».

Urteetan, emakume haiek aipatzeko izendapen orokorra erabili izan dute: ainarak, espartingileak... Haietako zenbaiten izena jakin dute, mende honen hastapenera arte bizi izan baitziren, baina gehienenak ez. 2019an, herri guztietan etxez etxe galdezka joan ziren eta 229 ainararen historiaren berri jakitea lortu zuten, bai eta haien izen-deiturak ere, liburuan ageri direnak.

Ispilu bat

Liburua, halaber, neska haiek sinbolizatzen dutenaren omenez egina da: muga, migrazioa, emakumea… «Leku guztietan hautsak astintzen dituzten gaiak dira, eta guk liburu honekin geure buruari begiratzeko ispilu bat jarri nahi dugu», argitu du Hualdek. «Alderdi humanoan jarri dugu fokua. Gure helburua ez da alpargata bat nola egiten den, zer material erabiltzen diren, zergatik egiten diren edo Mauleko bizimodua azaltzea, zeharka gai hori eta beste batzuk ere agertzen diren arren, testuingurua azaldu beharra baitago. Gehiago azaltzen da Erronkaribarko egoera sozialak hara joatera behartzen zituela, eta nola joan behar zuten».

Beste alde batetik, neska haien familien ziurgabetasuna nabarmendu du: «Imajinatu ama bat, hamabi, hamahiru, hamalau urteko alaba etxetik irteten ikusi duena. Maiatzean itzuliko dela espero du, baina ordura arte ez daki ongi dagoen, iritsi den, hotzez hil den, lanean ari den... Soldata bat irabaztera joan dela baizik ez daki. Soldata hori, nolanahi ere, ezin du etxera ekarri; horren truk, beste zenbait gauza ekarriko ditu, hala nola baxerak, brodatuak, oihalak... Laguntza ekonomikoa izango diren gauzak, eta gainera etxetik kanpo dagoen hilabeteetan ez da gastua izango. Baina ziurgabetasuna etengabea da: ‘Onik ote dago?’».

Bilakaera eta amaiera

1850ean espartin industrian lan egitera joaten hasi zirenak beren familiari laguntzea zuten helburu. 1870. urtearen inguruan, espartin eskaria handitzen hasi zenean, artisau lana industria lan bihurtu zen. Lagunak ere eramateko eskatzen zieten, eta modu antolatuan joaten hasi ziren. Milaka neska gaztek egin zuten Pirinioak zeharkatzeko bidaia. Eta hara joateko kausaren bilakaera ere egon zela dio Hualdek. Familiari laguntzera lehenik; gero, fabrikak sortu ahala, lana, soldata zen helburua.

1920ko hamarkadan, Estatu frantsesean langileen protestak izan ziren, eta Maulen ziren ainarak seinalatzen hasi ziren. Lana kentzera zihoazela zioten, gaurko antzera. «Ordutik aurrera, Frantzian zeuden espainolak ziren, lehenago existitzen ez ziren kontzeptuak», azaldu du ikerlari izabarrak. Eta joateari uzten hasi ziren. Hala ere, haietako batzuk Maulen geratu ziren, bertara ezkonduta: «Mauleko biztanleen erdiak baino gehiago Erronkari, Zaraitzu eta Anso ibarretako ondorengoak dira».

Alderantziz ere gertatzen dela dio: «1813an Napoleonen tropek Izaba erraustu zuten, baita etxeak eraitsi ere. Herria berreraikitzeko, kanpoko jendeak etorri behar izan zuen: eraikuntzako espezialistak, zurginak… Gehienak zuberotarrak, Maule ingurukoak, edo Santa Grazikoak… eta Biarno Garaikoak. Haietako asko bertan geratu ziren. Leku haietan jatorria duten hainbat deitura dituzu hemen».

Gaur egun «Pirinioen nortasuna eta harrotasuna» diren emakume «isil eta isildu» haiei eskaini diete egileek beren liburua, esker on, aitorpen eta omenaldi bihurtuta. Beharrezko ekarpena, baiki, ibar haietako jendeen gogoan ainara haiek urrietatik bedatse artio hegan jarrai dezaten.

 

AINARAK PAUSATU ZIREN. «USKARA» ERE BAI

Hualdek dioenez, espartingileen migrazio fenomenoa denboraren testuinguruan jarri beharra dago, «eta testuinguruaren bidez dakigu neska haiek Mauleko fabrika haietara joaten zirela. Gehienak euskaldunak ziren, eta hangoaren antzeko euskara egiten zuten, gainera».

XIX. mendeko erdialdetik hurrengo mendeko lehen hamarkaden arteko aldiaz ari gara hitz egiten. «Aldi horretan bilakaera soziala gertatu zen, baita linguistikoa ere. Erronkaribarko euskara, desagertze prozesuan zegoen». Prozesu horretako zenbait faktore aipatu ditu, hala nola 1876ko legeak, foruen abolizioa, hara eraman zituzten Gaztelako maisuak… Kontatu duenez, bere aitonari eskolan euskarazko hitzen bat ateratzen zitzaionean, garbantzu bat ematen zioten belaunean jartzeko, eta bigarrenean, beste garbantzu bat eta, besoak zabalik, esku ahurrean liburuak jartzen zizkioten. «1876tik aurrera, haiek ere kontziente ziren hitz egiten zuten hizkuntza arazoa zela. Horregatik, etxean egiten zuten, baina ez zuten transmititzen. Nire aitona-amonek euskaraz egiten zuten beren artean, baina seme-alabaren bat heltzen zenean, gaztelaniaz hasten ziren, seme-alabek ikas ez zezaten, seinalatuak izan ez zitezen. Iruñera joaten zirenean, batzuetan ibarreko jantzia zuten soinean, eta hiriburuan berehala jakiten zuten ‘menditar horiek’ zirela. Erronkariarrei errespetu handia zieten, baina seinalatu egiten zituzten, batez ere euskaraz egiten bazuten. Beraz, beste hainbat lekutan bezala, ikasgaia hauxe zen: erdaraz ongi jakin beharra dago, gure hizkuntza arazo iturri baita».

 Bernardo Estornes Lasa izabarrak ere hizpide ditu Zuberoaren eta Erronkaribarren arteko harreman horiek bere “Erronkariko uskararen hiztegia” lanean. Erronkaribarko euskararen galera erraztu zuten fenomeno bi aipatzen ditu. Alde batetik, transhumantzia. Neguan hango artzainek Erribera eta Aragoi aldera eramaten zituzten beren artaldeak, eta udaberrian itzultzen zirenean, erdaraz egiteko ohitura omen zuten, beren emazteek eta haurrek euskara baino egiten ez zuten bitartean. Bestetik, foruen abolizioa ere aipatzen du Estornesek ere: «1876an mugak ezarri zituzten eta mugazainak etxe partikularretara joan ziren [...] eta oihanak ustiatu zituzten milaka andaluziarrek ere beste harreman erdaldun bat sortu zuen».

Louis-Lucien Bonaparte euskalkien sailkatzaileak ere zenbait datu eman zituen. XIX. mendearen bigarren erdian, Izaban eta Uztarrozen izan ezik, Erronkaribarko herrietan gizonezkoek gaztelaniaz egiten zuten; emakumezkoek, aldiz, euskaraz. Gauza bera gertatzen omen zen Zaraitzuko Otsagabian ere.

Zuberoarekiko harremana ere jorratzen du Estornesek bere hiztegian, Maulera joaten ziren espartingileen berri emanez,hain zuzen ere: «Aitzitik, hainbat neska talde Pirinioak zeharkatuta Mauleko espartin fabriketan lan egitera joateak euskara gaztetu egiten zuen eta lexiko zuberotar-erronkariarraren trukeari bide ematen zion». Lexikoa ez ezik, beste zenbait ezaugarri ere partekatzen dituzte bi hizkerok. XIX. mendearen erdi aldera, Bonapartek euskara zuberotarrarekin batera sailkatu zuen Erronkaribarko euskara, eta Zaraitzukoa Nafarroa Behereko sartaldeko euskararekin. Koldo Mitxelenek, berriz, hizkera biek Ipar Euskal Herriarekin zuten lotura handia onartuta ere, Nafarroa Garaikoen artean sailkatzea egokiago iritzi zion. Bat dator Koldo Zuazo harekin, Erronkaribar eta Zaraitzuko hizkerak euskalki berean sailkatu baitzituen, ekialdeko nafarrera izendatu zuen euskalkian; edonola ere, Erronkaribarko eta Zuberoakok hizkeren arteko lotura nabarmenduta.

Ainarek, beraz, ez zuten Zuberoan komunikatzeko arazorik, «hizkuntza bera eta gainera hurbila baitzerabilten. 1900. urterako, ordea, euren artean egiten zuten euskaraz, baina kalera irteten zirenean, edo Mauleko fabrikara joaten zirenean, erdaraz», bukatu du Hualdek.