Asier Robles

Zorrotzako familia bat etxegabetze arriskuan dagoela ohartarazi du Maizterren Sindikatuak

Bilboko Maizterren Sindikatuak egoera ekonomiko «larrian» dagoen Zorrotzako familia batek bizi duen etxegabetze arriskuaz ohartarazi du. Udalak etxegabetzea gelditzeko behar den zaurgarritasun txostena egitea lortu duen arren, oraindik etxegabetzea geldiarazteko agindu judizialik ez dagoela dio.

Zorrotzan etxegabetze bat egon daitekeela ohartarazi du Bilboko Maitzerren Sindikatuak
Zorrotzan etxegabetze bat egon daitekeela ohartarazi du Bilboko Maitzerren Sindikatuak

Egoera ekonomiko «larrian» dagoen familia batek bizi duen etxegabetze arriskuaz ohartarazi du Bilboko Maizterren sindikatuak. Zorrotzako familia honen kaleratzea otsailaren 1erako dago aurreikusita eta, sindikatuak Udaleko Oinarrizko Zerbitzu Sozialek etxegabetzea gelditzeko behar den zaurgarritasun txostena egitea lortu duen arren, oraindik ere etxegabetzea geldiarazteko agindu judizialik ez dagoela dio sindikatuak.

Azaldu duenez, etxetik kaleratua izateko arriskuan dagoen familiaren egoera «nahiko larria» da. Momentu honetan 4 pertsona bizi dira etxebizitza horretan, soilik DSBE bat dute diru-sarrera gisa eta horren ondorioz hainbat hilabetetan alokairua ezin izan dute ordaindu.

«Pandemiaren ondorioz jazotako krisi ekonomikoak utzitako ondorio askotariko baten aurrean aurkitzen gara, izan ere, enpleguaren suntsiketak eta prekarietatearen areagotzeak pobrezia handitzea ekarri du. Zorrotzako bizilagunaren kasuan gertatu bezala, jendeak bi aukera ditu: jan edo alokairua ordaindu. Momentu honetan bi gauzak batera egitea ezinezkoa gertatzen ari da pertsona askorentzat», dio maizterren sindikatuak.

Etxegabetzea geldiarazteko agindu judizialaren zain

Gai honetan Bilboko Udalak duen erantzukizuna «determinantea» da maizterren sindikatuarentzat. Espainiar Gobernuak etxe kaleratzeen kontrako errege dekretuan hainbat baldintza aurreikusten dira, eta baldintza horietako bat zaurgarritasun txosten bat egitea da. Sindikatuaren arabera, hainbat astetan Udaleko Oinarrizko Zerbitzu Sozialek ez zuten txosten horren erredakzioa egin.

Azkenean, Maizterren Sindikatuaren «presioaren ondorioz», Udalak txosten hori egin zuen, baina sindikatuak ohartarazi duenez, nahiz eta tramite eta bide burokratiko guztiak egin diren, «momentuz ez dago agindu judizialik esaten duenik otsailaren 1eko kaleratzea geratzen dela».

Gainera egoera hau «egiturazkoa» dela salatu du sindikatuak. «Oinarrizko zerbitzu sozialetan dagoen errekurtsoen defizitak eta burokrazia konplexuak horrelako kasuak geldiaraztea zailtzen dute».

Sindikatutik adierazi dutenez, momentuz ez dute Zorrotzako kasua salatzeko mobilizaziorik aurreikusten, baina ez dute aukera hori baztertzen. «Bai kasu honetan eta beste guztietan argi daukagu mobilizazioa dela bidea etxe kaleratzeak gelditzeko. Nahiz eta errege dekretu berria indarrean egon, esperientziak argi utzi digu prozesu judizial eta legaletan beti daudela oztopoak eta fede txarrak», diote.

Etxebizitza publikoen parkea indartzearen beharra

Maizterren sindikatuak dioenez, etxebizitzaren auzia «larrialdi handikoa» da, eta epe ertainera begirako neurriak hartu behar direla nabarmendu du. «Etxebizitza publikoen parkea indartzea hil ala biziko kontua da, izan ere, geroz eta pertsona gehiago ikusiko dira krisi ekonomikoaren ondorioz. Udalaren politika justu kontrakoa dela ikusi dezakegu, izan ere, etxebizitza sailera bideratutako diru kopurua murriztu egin da 2021eko aurrekontu partidan».