NAIZ

2021-2022 ikasturterako aurrematrikula epea urtarrilaren 18an irekiko da EAEn

Lakuako Hezkuntza Sailak datorren astelehenean, urtarrilaren 18an, irekiko du Haur Hezkuntzarako (bi urtetik aurrera), Lehen Hezkuntzarako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarako aurrematrikula epea. Urtarrilaren 29ra arte egongo da irekia epe hori.

2021-2022 ikasturterako aurrematrikulazio kanpainaren aurkezpena. (FOKU)
2021-2022 ikasturterako aurrematrikulazio kanpainaren aurkezpena. (FOKU)

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak, Begoña Pedrosa sailburuordea lagun zuela, asteazken honetan aurkeztu du Bilbon 2021-2022 ikasturterako aurrematrikula kanpaina, aurten ‘Euskal eskola publikoa: nirea, zurea, denona’ leloarekin abiatuko dena.

Familiek urtarrilaren 18tik 29ra bitarte aurkeztu beharko dituzte eskabideak eta agiriak, online edo aurrez aurre ikastetxeetan. Otsailaren 16an eskatzaileen zerrendak argitaratuko dira eta martxoaren 9an behin-behineko zerrendak argitaratuko dira. Martxoaren 16ra arte erreklamazioak egiteko epea egongo da irekia. Azkenean, martxoaren 23an behin betiko zerrendak argitaratuko dira eta errekurtsoak aurkezteko epea apirilaren 23ra arte irekiko da.

Aurrematrikula prozesuari ekiteko prest daude dagoeneko EAEko 700 ikastetxe (horietatik 454 publikoak, %65). Seme-alabak lehen aldiz matrikulatuko dituzten gurasoek, 541 ikastetxe izango dituzte bi urteko haurrentzat (horietatik 333 publikoak, hots, %62), eta 542 ikastetxe Haur Hezkuntzako bigarren zikloko umeentzat (335 publikoak, hau da, %62). Bestetik, Lehen Hezkuntza 533 ikastetxetan eskainiko da hurrengo ikasturtean (332 publikoak), eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eskainiko dutenak aldiz 327 izango dira orotara.

Ohikoa denez, eskaerak aurkezteko bi bide ipiniko ditu Hezkuntza Sailak familien esku: online burutu ahal izango da prozesu guztia, dokumentazioa aurkeztea barne, Hezkuntza Sailaren webgunearen bidez; baina aurrez aurre ere egin ahal izango da, lehen aukeratzat markatu den ikastetxean.

Eskaerako 12 ikastetxe ere bai

Eskaeran familia bakoitzak 12 ikastetxe hautatu ditzake gehienez, lehentasunaren araberako hurrenkeran jasorik. Eskaera guztiak jaso ondoren, ikastetxe bakoitzak izan dituen eskaera guztiekin zerrenda osoa egingo da, edozein dela ere lehentasunen ordena, eta baremo nagusi bakarra egingo da: ikastetxeek lehen aukeran jasotzen dituzten eskariak ez ezik gainerako eskari guztiak ere barematu beharko dituzte. Sistemak ahalik eta aukerarik onena ematen die familiei, hautatutako zentro bakoitzean dituzten puntuen arabera.