NAIZ

Donostiako Udalak dei egin du hiriko banderak balkoietan jartzeko San Sebastian egunean

Eneko Goia Donostiako alkateak aurtengo San Sebastian egunerako prestatutako jarduera alternatiboak azaldu ditu, pandemiak eraginda. Udalak hiriko 10.000 bandera banatuko ditu herritarrek balkoietan jar ditzaten.

Eneko Goia, aurreko agerraldi batean. (DONOSTIAKO UDALA)
Eneko Goia, aurreko agerraldi batean. (DONOSTIAKO UDALA)

Donostiako Udalak hainbat ekintza prestatu du nahi duten donostiar guztiek San Sebastian eguna ospa dezaten segurtasuna eta parte-hartzea errespetatuz, eta beti, bide publikoan ekitaldirik egin gabe. Aurten, covid-19 osasun-krisia dela eta, San Sebastian eguna ez da ohi bezala ospatuko.

Donostiako alkate Eneko Goiak eta Kultura zinegotzi Jon Insaustik San Sebastian egunaren harira egingo diren hainbat ekimen ezagutzera eman dituzte asteazken honetan, eta honako deia egin diete donostiar guztiei: «Nahiz eta aurten ezin izango dugun ohi bezla egun handi hau ospatu, hiriiko balkoiak Donostiako banderez apainduta egotea nahi dugu».

Horretarako, Udalak donostiarren artean hiriko 10.000 bandera banatuko ditu. Eta banaketa hori urtarrilaren 15a eta 18a bitartean egingo da udaletxean zein hiriko kultura etxeetan. Bertan, pertsona bakoitzak bandera bakarra hartu ahal izango du, hauek agortu arte. Udalak bideo bat prestatu du balkoi guztiak hiriko banderekin apaintzera animatuz.

Eneko Goia alkateak donostiar guztiak animatu ditu ekimen honetan parte hartzera: «Helburua da, egungo egoera batera egoteko unean bilakatzea, gure izaera zein gure sentimenduak azaltzea eta donostiar-harrotasuna erakustea».

Danborrada

Sarriegiren martxen doinurik ez da egongo kalean aurten, baina bai Donostiako etxe guztietan, azken egunetan Udalak prestatu duen grabaketari esker. Eta grabaketa hau urtarrilaren 19tik 20rako gauerdian emitituko da ETBn eta Udalaren webguenan.

Grabaketa egiteko Udalak 80 danborraden laguntza izan du (26 bandera igoerarako, 29 Haur Danborradarako, eta 25 banderaren jeitsierarako). Era berean, Juan Jose Oconek gidatutako Musika eta Dantza Eskolako Irakasleen Bandak, Donostiako Orfeoiak, Kresala Dantza Taldeak, Easo Abesbatzak eta Goizaldi Dantza taldeak parte hartu dute.

Udalak, halaber, Danborradako jantzien erakusketa antolatu du. Eta horretarako, hiriko Danborradek 86 jantzi utzi dizkiote (55 helduen danborradakoak eta 31 haur danborradakoak). Jantzi horiek hiriko auzo ezberdinetako hainbat dendatan egongo dira ikusgai.

Txistularien Udal Banda

Ohiturari jarraituz, San Sebastian egunaren aurreko igandean –urtarrilaren 17an 12.30ean – Txistularien Udal Bandak kontzertu berezia egingo du. Aurten Santa Maria Baselizan izango da. Edukiera 200 pertsonatara mugatuta egongo da eta, beraz, kontzertua ikusteko gonbidapena eskatu beharko da 'Donostia Kultura'ren web atarian.