NAIZ

‘Genero izpirik gabe’ lemapean ospatuko da Zinegoak-en edizio berria

Zinegoak, Bilboko Gaylesbitrans Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen jaialdiaren 18. edizioa martxoaren 1etik 14ra bitartean ospatuko da, modu presentzial zein birtualean. Lehen aldiz Bilbotik kanpo ere ospatuko da: Lekeitiok hartuko ditu zenbait proiekzio.

Helena Goñi argazkilariaren irudia darama Zinegoak-eko aurtengo kartelak. (NAIZ)
Helena Goñi argazkilariaren irudia darama Zinegoak-eko aurtengo kartelak. (NAIZ)

‘Genero izpirik gabe’ lemapean ospatuko da Zinegoak, Bilboko Gaylesbitrans Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen jaialdiaren 18. edizioa. Martxoaren 1etik 14ra bitartean, osasun egoerak ezartzen dituen beharrei egokituta, modu presentzial zein birtualean garatuko da jaialdia eta dagoeneko aurreratu dituzten aurtengo edizioaren zenbait gako.  Esaterako, ohiko jarduerez gainera jaialdiak online bertsioa izango du Filmin plataforman: bertan ikusi ahalko dira Zinegoak-en eskainiko diren hainbat lan.

Jaialdiko kartela ere aurkeztu dute. Helena Goñi argazkilaria da kartelean agertzen den irudiaren egilea. Pau Guillen zuzendariak aipatu duenez, «Helena Goñiren irudian ikus dezakegu belaunaldi berriek naturaltasunez bizi dutela euren genero-identitatea». Nabarmendu duenez, gero eta ohikoagoa da ‘pertsona ez binario’, ‘genero neutro’ edo ‘mugarik gabeko genero’ bezalako kontzeptuak entzutea. «Ez da beharrezkoa kontzeptu guzti-guztiak ezagutzea, baina bai behintzat jakitea genero-identitatearen mugak zabaldu direla eta aukera guztiak baliagarriak direla», nabarmendu du.

Irudian agertzen diren protagonistek ilea berdez tindatuta dute, intentsitate-maila ezberdinetan. Helena Goñik azaldu duenez, «keinu horren bidez identitate kolektibo bat sortzea izan da nire helburua, eta gero bakoitzak nahi duen moduan kolorea bere neurrira egokitzea». Goñik adierazi du bere asmoa ez dela izan generoaren inguruko hausnarketarik bultzatzea, gaia modu naturalean agertu zela. Zinegoak-eko kartel ofizialean agertzeko aukerari buruz galdetzean, esate baterako, argi geratu da aniztasun hori euren errealitatearen parte dela.

Aniztasun horren isla gakoa izan da irudia aukeratzeko orduan. Guillenek azaldu duenez, «azken urteetan lan handia egin da sexu-aniztasunaren aldeko sentsibilizazioan eta hezkuntzan, eta horrek eragina izan du gure gizartean eta are gehiago belaunaldi berrietan. Aurtengo Zinegoake-ko kartelak ere hori islatu nahi izan du. Izan ere, kontzeptu hori abiapuntutzat hartuta, genero-identitatearen aniztasuna, norberak bere identitatea garatu eta bere beharrizanetara egokitzen du».

Aurrez-aurre zein sarean

Zinegoak osasun neurrietara zorrotz egokituko bada ere, programazio presentzialari eutsi nahi izan dio, «jaialdiaren nortasunari eusteko». Hala, aurrez aurreko jarduerez gain, programazio birtuala ere eskainiko da Filmin plataformaren bidez. «Gure hasierako nahia izan da jaialdia aurrez aurre antolatzea eta asmo horri eutsiko diogu», nabarmendu du Guillenek. «Zinegoaken indarra bere publikoa da, aretoetara gerturatzen den jendea, baina badakigu aurreikuspenarekin jokatu behar dugula eta egoera kontuan hartuta, ahalegina egin behar dugula jaialdia etxeetaraino ere eramateko», ziurtatu du.

Helburu hori erdiesteko, aurten Zinegoakek Filminekin lankidetza egingo du eta Zinegoakeko sailak plataforma honetan ikusi ahal izango dira.

Lekeitioko Zine Bilerarekin lankidetza berria

Zinegoak-ek esfortzu berezia egingo du aurten jaialdian aurkezten diren proiekzioak publiko zabalago batengana hedatzeko eta, hala, Lekeitioko Zine Bilerarekin abiatutako lankidetzari esker, herri bizkaitarrean zenbait proiekzio ere eskainiko dira. Horrez gainera, martxoaren 14tik aurrera, ohi bezala, jaialdian ematen diren lanak Euskal Herriko beste hainbat herritan ere ikusi ahalko dira.

Jaialdiko arduradunek ziurtatu dutenez, buru-belarri ari dira lanean 2021. urteko edizioa «segurua eta erakargarria» izan dadin. Programazioaren xehetasun guztiak otsailaren erdialdera aurkeztuko dituzte.