NAIZ
Donostia

Ondare arkitektonikoa hiri sisteman berriro txertatzen laguntzeko gida aurkeztu dute

Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialak, Gipuzkoako Aldundiaren laguntzaz, kudeaketa kolektiboaren bidez ondare arkitektonikoa hiri sisteman txertatzen laguntzeko erreminta sortu du. Gure ondarea balioan jarri eta berau nola babestu jakiten laguntzea du helburu, adituek adierazi dutenez.

Gidaliburua asteazken honetan aurkeztu dute. (NAIZ)
Gidaliburua asteazken honetan aurkeztu dute. (NAIZ)

Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialak (EHAEO), Gipuzkoako Aldundiarekin elkarlanean, kudeaketa kolektiboaren bidez ondare arkitektonikoa hiri sisteman berriro txertatzen lagunduko duen gida aurkeztu dute asteazken honetan, Donostian, elkargoak Gipuzkoan duen ordezkaritzak sustatu baitu ekimena.

‘Gipuzkoako ondare arkitektonikoan esku hartzeko gidaliburua, talde kudeaketa baterantz’ liburuk lau urteko lana du atzean eta berau osatu ahal izateko ondarearen kudeaketan adituak diren profesionalek hartu dute parte, aditzera eman dutenez.

Argitalpen honen helburua da kudeaketa kolektiboaren bitartez ondare arkitektonikoaren elementuak hiri sisteman txertatzen lagunduko duen prozesuak garatzeko erreminta izatea, eremu jasangarriagoak bultzatuz, kultura, gizarte eta ekonomiaren ikuspuntutik. Aurkezpen ekitaldian Josean Medina Murua, Euskadiko Arkitektura Institutuko zuzendaria; Mari Jose Telleria, Gipuzkoako Aldundiaren kultura departamentuko zuzendaria; Juana Otxoa-Errarte, Gipuzkoako EHAEOren presidentea eta Claudia Pennese, gidaren egilea Mikel Diaz de Ilarrazarekin batera.

Medina Muruak pozez hartu du argitalpena eta adierazi duenez, «kontzeptuak argitzeko eta ondarea nola babestu behar den jakiteko balioko du». Bestalde, Telleriaren aburuz gidak «gure ondarea balioan jartzeko eta ditugun baliabideak aprobetxatzen jarraitzeko balioko digu».

Otxoa-Errarte EHAEOko lehendakariak, bestalde, azpimarratu du «zeinen garrantzitsua den gure lurraldeko ondare arkitektonikoa zaintzea eta balioan jartzearen hiri-garapeneko estrategia jasangarri gisa».

Gida hau euskaraz eta gaztelaniaz dago idatzita eta laster egongo da liburu-dendetan eskuragarri.