NAIZ

LGTBIfobiaren aurkako behatokien finantziazio urria salatu dute

LGTBIfobiaren aurkako Gasteizko, A Coruñako eta Kataluniako behatokiek kexa aurkeztu diote espainiar Estatuko Herriaren Defendatzaileari, administrazio publikoek «behar baino finantzazio gutxiago» ematen dietelako.

"Normalitatea hautsi" lemapean atera ziren LGTBI+ kolektiboaren eskubide eske Iruñean. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)
"Normalitatea hautsi" lemapean atera ziren LGTBI+ kolektiboaren eskubide eske Iruñean. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

Homofobiaren Kontrako Kataluniako Behatokiak, Ikusgune –LGTBI+fobiaren aurkako Gasteizko Behatokiak eta LGTBIfobiaren aurkako A Coruñako Behatokiak ikerketa bat egin dezala eskatu diote espainiar Estatuko Herriaren Defendatzaileari. Izan ere, ohar baten bidez salatu dutenez, finantzazioa murriztu diete, eta murrizketa horrek LGTBIfobiaren ondoriozko biktimei laguntzeko zerbitzuak, arreta legala, juridikoa eta psikosoziala «mugatzen eta eragozten» ditu.

«Gero eta kezkatuago gaude baliabideak gero eta gehiago mugatzen ari direlako, eta murrizketa horrek oztopoak, mugak eta eragozpenak dakartzalako gure lanerako», adierazi dute igorritako txostenean. «Hala, bada, salatu behar dugu baliabide ekonomikoez, materialez, giza baliabideez eta baliabide sozialez hornitzen gaituen finantzazio egokirik gabe, egoera kezkagarria izan daitekeela», gehitu dute.

Honela, Herriaren Defendatzaileari tokiko, probintziako, autonomia erkidegoko eta Estatuko administrazioetatik jasotzen dituzten laguntzak «egokiak, proportzionatuak, eta LGTBIfobiaren biktimen zerbitzu, arreta eta premiekin bat datozen» ikertzeko eskatu diote.

Amets Martinez de Heredita, Lumagorriko presidente eta Ikusgune- LGTBI+fobiaren aurkako Gasteizko Behatokiaren erakundeko kudeatzailearen arabera, «onartezina da gorroto delituen eta diskurtsoen goranzko testuinguru batean, bizi dugun osasun krisiaren larriarekin, LGTBI+fobiari aurre egin beharreko baliabideak murrizten joatea». Era berean «aitortza eta babesa» aldarrikatu ditu.

Zentzu berean, Eugeni Rodriguez, Homofobiaren Aurkako Kataluniako Behatokiko presidentearen hitzetan, «ez da onargarria beren lurraldeetan lan ukaezina egiten duten eta eragin sozial nabarmena duten behatokiek Estatuko administrazioaren aldetik zentimo bakar bat ere ez jasotzea».

Carlos Emilio Mella Alas A Coruñako presidenteak, berriz, eskubideen defentsa «LGTBI bandera ekainean jasotzeaz harago doala» eta «eguneroko konpromisoa» dela nabarmendu du.